Joan eduki nagusira

zoom Ana Azparren, NUPeko doktore berria.

Ana Azparren, NUPeko doktore berria.

Nafarroako osasun-sistemako medikuek zergatik agintzen dituzten farmako berriak (merkatuan bost urte baino gutxiago daramatzatenak) eta horretan zer faktorek eragiten duten izan ditu aztergai nagusiak Ana Azparren Andía farmazialariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian. Ikerketaren izenburua "Proceso de decisión en la adopción de nuevos fármacos. Un análisis desde la vivencia médica" da, Carlos Vilches Plaza Soziologia Saileko irakasleak zuzendu du, eta kalifikaziorik handiena lortu du: bikain “cum laude”.

Ospitalean lan egiten duten medikuak osasun-zentroetan dihardutenak baino lehen hasten dira sendagai berriak ematen, osasun-zentroetakoak sendagai berriak merkaturatu eta 4-6 hilabetera hasten baitira. Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko medikuek agindutako botiken datuak aztertu ditu farmazialariak ikerketan.

Lehen Mailako Arretako 40 profesionali egin die elkarrizketa, eta datuek erakutsi dute eraginkortasuna eta segurtasuna direla botikak agintzeko orduan eragina duten faktore nagusiak; botiken kostua eta gaixoaren ezaugarriek, aldiz, garrantzi txikiagoa dute. “Botikak gaixoarentzat duen kostuari buruzko kezka areagotzen duten faktoreak krisi ekonomikoa, pentsiodunen koordainketa eta medikuaren lan-eremu den auzoa dira”, dio Azparrenek. Gainera, profesionalek tentu handiagoz jokatzen dute gaixoak botika bat baino gehiago hartzen badu edo ondorio kaltegarriak izateko arrisku handiagoa badu. Halere, “gaixoak nahiko eragin txikia du medikuaren erabakian, beharbada hemen ez delako zuzeneko marketinik egiten herritarrekin, nahiz eta egoera hori aldatzen ari den”, adierazi du ikertzaileak.

Industria farmazeutikoak  biziki bultzatzen ditu botika berriak, aldakortasun handia dago haien preskripzioan, eta lotura estua dute gastu farmazeutikoarekin. Izan ere, botika berri baten errezetaren batez besteko prezioa 54 € zen 2016an, Nafarroan; hau da, farmazietan errezetarekin ematen diren botiken batez besteko prezioa (13 €) baino lau aldiz garestiagoa, tesiaren egilearen arabera. Ikerketan azaltzen denez, botika berriak merkaturatzen direnean ordezkatu egiten dituzte farmako ezagunagoak, zeinek onura-arrisku balantze hobea izaten baitute. Ikertzailearen ustez, ordezkapen hori batzuetan ez da “nahikoa justifikatuta egoten, baina berriak direnez erakargarriak dira medikuentzat eta gaixoentzat”.

Medikuen informazio-iturriak

Elkarrizketetan bildutako datuetan oinarrituz, Ana Azparrenek ondorioztatu du medikuen informazio-iturri gogokoenak mezua ahoz transmititzen dutenak direla, hots, ikastaroak, saioak eta agente farmazeutikoek emandako informazioa. Bestalde, “farmako berriak merkaturatzeak ekarritako berrikuntza ez dute iraultzailetzat jotzen profesionalek, haien ustez duela hamar urte baino gehiago eman baitziren aurrerapauso terapeutiko handienak”, dio Azparren doktoreak. Lehen Mailako Arretako medikuek diote espezialistek eragin handia dutela botika berrien preskripzioan, eta aitzindaritzat eta berritzailetzat jotzen dituzte oro har. Lehen Mailako Arretako medikuen iritziz, zenbait espezialistak oso azkar aldatzen dute preskripzioa, eta jeneralean ez dute jarrera hain konprometitua izaten osasun-gastuarekin.

“Aurrera begira, gaixoaren segurtasunaren kultura sustatu behar da; erabiltzen diren farmakoak etengabe ebaluatu, eta beharrezkoak ez direnak agintzeari utzi; bestetik, informazio zientifikoa bilatzeko, irakurtzeko eta ebaluatzeko interesa piztu behar da, ahoz emandako informazioa bakarrik erabili beharrean; eta, azkenik, arreta klinikoan paradigma-aldaketa bat bultzatu behar da, gaixoentzat eta gizartearentzat zainketa onena ahalik eta kostu onenean lortzeko”, dio Azparrenek. Horren haritik, ikertzaileak azpimarratu du osasun-administrazioak aukera eman behar duela Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko medikuek pazienteak modu partekatuan zain ditzaten, eta botikak erabiltzeko irizpide berak izan beharko lituzketela. Horren adibide dira Osasun Sistema Nazionaleko Pazienteen Segurtasunerako Estrategia (2015-2020) eta Paziente Kronikoentzako eta Patologia Anitzeko Pazienteentzako Arreta Integraturako Nafarroako Estrategia (2013).

Haatik, entsegu klinikoen kalitatearen inguruko zenbait alderdi kritikatzen ditu ikertzaileak doktoretza-tesian: plazeboa erabiltzen dela, erabilgarri dagoen konparadore onena (botika aktiboa) edo ohiko terapia beharrean; aldagai subrogatuak (aldaketak hezurren dentsitate mineralean, kolesterol-zifretan edo tentsio arterialean) kontuan hartzen direla, pazienteentzat klinikoki garrantzitsuak diren emaitzen (saihestu den heriotza-, infartu- eta haustura-kopurua) ordez; baita “ez-gutxiagotasuneko diseinuak dituzten entseguak egiten direla ere, eta horiek ez dutela frogatzen (saiatu ere ez dira egiten) farmako berria lehendik erabiltzen zen beste bat baino eraginkorragoa denik, baizik eta botika berria lehengoa baino kaskarroago bederen ez dela”.

Ana Azparrenen curriculum laburra

Ana Azparren farmazian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (1982), eta Lehen Mailako Arretako farmazeutiko aritu da Osakidetzan (1992-1996) eta Nafarroan (1996az geroztik). Ezaguna du botika berrien gaia, bere lanpostuetan izandako eginkizunak baitira medikuei aholkuak ematea preskripzioaren inguruan eta botiken ikuskaritza-funtzioak betetzea.

Lehen Mailako Arretako medikuei eta Osasunbideko mediku egoiliarrei ikastaroak eta mintegiak eman dizkie botiken zentzuzko erabilerari buruz, eta elkarlanean aritu da botikak erabiltzeko gidak prestatzen eta Osasun Sistema Nazionaleko botika-kontsumoaren aldaketei buruzko ikerlanetan. Zenbait ikerketa-proiektutan ere parte hartu du, bai eta Cochrane erakundearen hipertentsioari buruzko berrazterketa batean ere. Horrez gain, hamar bat artikulu zientifiko idatzi ditu.

Bestalde, zenbait erakundetako kide izan da, hala nola Paziente Kronikoen Tratamendu Atxikidura Bateratzeko eta Hobetzeko Adituen Batzordekoa, Lehen Mailako Arretako Pediatria Adierazleen Taldekoa eta Nafarroako Informazio Farmakoterapeutikoko Aldizkariko erredakzio batzordekoa.