Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartzen duten ikertzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera, Mari Jose Beriain, Kizkitza Insausti, Rosa Maria Canals, Victoria Sarriés, María Durán eta Javier Peralta

Proiektuan parte hartzen duten ikertzaile batzuk. Ezkerretik eskuinera, Mari Jose Beriain, Kizkitza Insausti, Rosa Maria Canals, Victoria Sarriés, María Durán eta Javier Peralta

IS-FOOD (Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutua) ikerketa institutuaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) buru duen “Modelo de gestión sostenible para la preservación de paisajes abiertos de montaña (OPEN2PRESERVE)” proiektuak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) 1.726.000 euro jasoko ditu. 2014-2020 aldirako aurkeztu diren 357 hautagaitzen artean aukeratutako 21 proiektuetatik, OPEN2PRESERVE da Interreg Sudoe programaren Programazio Batzordeak finantzatutako europar proiektuen artean zenbateko handiena jasoko duena.

Rosa Maria Canals NUPeko irakaslea eta ikertzailea da OPEN2PRESERVE proiektuaren koordinatzailea, eta proiektuan hainbat bazkide ari dira elkarlanean. Hiru herrialdetako (Frantzia, Espainia eta Portugal) 13 bazkide onuradunek eta 22 elkartuk osatzen dute, eta horien artean daude unibertsitateak, zentro teknologikoak, fundazioak eta beste erakunde batzuk. Mendiko haranen kudeaketa iraunkorrerako proposamen bat da. Haran horiek aurre egin behar diote paisaiaren aldaketa sakon bati, landa exodoaren eta produkzio sistemetan gertatutako aldaketen ondorioz.

Erantzuna egungo arazoei

zoom Jerónimo de Ayanz eraikinean, NUPeko ikerketa institutuen egoitzan, egindako proiektuaren bileretako baten irudia

Jerónimo de Ayanz eraikinean, NUPeko ikerketa institutuen egoitzan, egindako proiektuaren bileretako baten irudia

Rosa Maria Canalsek azaldu bezala, “Europako paisaia irekiak suteen eta herbiborismoaren erregimen natural baten eraginpean garatu ziren, eta egun erabilera iraunkorreko praktiken bidez emula daitezke. Artzaintza gidatua eta erreketa kontrolatuak aukera giltzarriak dira erregai pilaketa murrizteko, zurezko elementuen hedapenari aurre egiteko eta mosaiko paisaien galera saihesteko”. OPEN2PRESERVE proiektuaren helburu nagusia da zenbait zientzia esparrutako (animalia etologia, suaren ekologia, landare ekologia, mikrobiologia, lurzoruaren zientzia,…) egungo ezagutzak operazio praktikoarekin lotzea teknika egoki eta iraunkorrenak ezartzeko, natura-balio handiko espazio irekiekin (abeltzaintzako kudeaketa, su herbiborismoa, elikagaien kalitatea, balorizazio ekonomikoa,...) lotutako zerbitzu ekosistemikoen babesa bermatuko dutenak. “Horrela esperimentatu eta arrazionalizatu nahi dira ingurumena errespetatzen duten praktikak, paisaia iraunkorren egonkortzea bermatuko dutenak, eta eskualdeko eta eskualde arteko mailan konponbide berritzaileak partekatu eta zabaldu”, esan du Rosa Maria Canalsek.

Ikertzaileak dioen bezala, egungo arazoa da “belarjaleen artzaintza jaisteak azienda estentsiboaren murrizketa dela-eta eragina duela batez ere gune irekietan eta larre naturaletan bereziki, eta horren ondorioz zuhaixkak arin hedatzen direla eta basotze naturaleko prozesu zabalak garatzen direla. Horiek eragiten dituzte biodibertsitatearen galera, paisaiaren homogeneizazioa, landare-erregaien metaketa eta sute handien arriskua, zeina mehatxu handi eta iraunkorra baita klima aldaketaren garaiotan”.

Proposatzen dena da esperientzia pilotuak egitea Nafarroako, Andaluziako, Kataluniako, Galiziako, Portugalgo iparraldeko, Akitaniako eta Languedoc-Rousilloneko babesteko balio handiko abandonatutako eta mehatxatutako eremuetan (Europar Batasunaren Interes Komunitarioko Lekuak, natura parkeak eta biosferaren erreserbak). Esperientzia horiek oinarrituko dira herbiborismo gidatuaren (sastraka kentze biologikoa) eta erreketa kontrolatuen bidez erregai metaketa murrizteko hasierako tekniken uztartzean. Esperientzia guztietan, eskualdeko konponbide berritzaileak eskaintzen ahaleginduko dira, beren iraunkortasun ekonomikoa bermatuko dutenak (garbitze biologikoak zaldi eta ardi arraza autoktonoen bidez, toki balorizazioa kalitate handiko haragi produktuengatik, artzaintzako enpresak, etab.), haien bideragarritasuna eta praktikan jartzea bermatzeko proiektuaren bizitzatik harago.

Bazkide onuradunak eta bazkide elkartuak

zoom Zaldiak, Orreaga-Iratiko oihana Interes Komunitarioko Lekuan sasi bihurtutako larreetan

Zaldiak, Orreaga-Iratiko oihana Interes Komunitarioko Lekuan sasi bihurtutako larreetan

NUPekin batera proiektuan dauden bazkide onuradunak erakunde hauetakoak dira: unibertsitateak (Universidade de Trás-o-Montes e Alto Douro, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Santiago de Compostelako Unibertsitatea), zentro eta institutu teknologikoak (Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituretako Nafar Institutua, Bragançako Institutiu Politeknikoa), ikerketa zentroak (Zaidineko Estazio Esperimentala-Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia, Institut Geode-Centre Nationale de la Recherche Scientifique), fundazioak (Pau Costa Foundation, Centro Tecnolóxico da Carne) eta eskualde mailako kudeaketa erakundeak (Andaluziako Juntako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Kontseilaritza, Société d’Élevage del Pyrénées Orientales eta Chambre d’Agriculture del Pyrénées Atlantiques).

Bazkide elkartuek laguntza eman eta jarraipena egiten dute, eta hauek osatzen dute: kudeaketako erakunde publikoak (Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Espainiako Gobernuaren Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa, TRAGSA) eta tokiko zenbait erakunde eta enpresa, zeinen artean baitaude natura parkeen zuzendaritzak, hazle edo artzainen elkarteak, toki erakundeak edo haragi enpresak, besteak beste.

OPEN2PRESERVE proiektua Interreg SUDOE programaren lehentasunezko 5. ardatzaren barruan ("Ingurumena babestea eta baliabideen eraginkortasuna sustatzea") 02 helburu espezifikoaren barruan (“SUDOEren gune naturalen kudeatzaileen lankidetza sendotzea, baterako metodoak garatuz eta aplikatuz”) kokatzen da.

SUDOEren bigarren europar deialdia 2017. urteko martxoan ireki zen, orain urtebete. Aldi horretan, proiektuen hautagaitzek bi faseko aukeratzeko lehiaketa prozedura zorrotz bat igaro dute. Lehen fasean jasotako 357 hautagaitzetatik, 46 aukeratu zituzten 2017ko ekainean, bigarren fasera pasatzeko. Proposamenak aurkezteko epea urrian amaitu zen, eta 13 proiekturi finantzaketa ematea ebatzi zuten "Ikerketa eta berrikuntza" ardatzean (1. ardatza) eta beste 8 proiekturi "Ingurumena eta baliabide naturalen efizientzia" ardatzean (5. ardatza).