Joan eduki nagusira

zoom NUPeko doktore berria, Rosa de Luis.

NUPeko doktore berria, Rosa de Luis.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu den tesi batek proposatzen du lan eremuko indarkeria-arriskua (jazarpen moral eta sexualari eta/edo kanpoko indarkeriari) kudeatzeko prozedura berri bat. PGViT du izena, eta enpresei aholkuak ematen zaizkie lan hori egiteko legeak dioena betez, irizpide teknikoak erabiliz, modu eraginkorrean eta eraginkortasuna kontrolatzeko era egokiarekin. Ikerketaren egilea Rosa de Luis Aboitiz da, eta Mª Inés Gabari Gambarte NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak eta Elisa Sierra Hernáiz Zuzenbide Pribatuko irakasleak zuzendu dute lana. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Ikerketak laneko indarkeriaren arazoa kudeatzeko tresna egoki baten beharrari erantzuten dio, arazo hori   lan arrisku bat delako, langileen ongizatea, segurtasuna, osasuna eta duintasuna mehatxatzen dituena.  Adierazpen ohikoenak, alde batetik, lan jazarpeneko egoerak dira: jazarpen morala edo "mobbing", sexu jazarpena eta bazterkeriazko jazarpena; eta beste alde batetik, kanpoko edo hirugarrenen indarkeria.

PGViT tresna "Likert eskala" delakoaren arabera balioztatu da (hau merkataritza ikerketan erabiltzen den neurketa-tresna bat da), eta lortu den adostasunezko erantzunen ehunekoa % 80 izan da. Emaitza honek, ikertzaileak ikusarazi duenez, "agerian uzten du tresna erabilgarria dela enpresan kudeatzeko lan jazarpena eta hirugarrenen indarkeria bezalako gai garrantzizko bat". Bere diseinuan, gainera, lan arriskuei aurre hartzeko gaian adituak diren batzuek hartu dute parte, Nafarroako Foru Erkidegokoek eta Euskal Herrikoek Gainera, ikertzaileak nabarmentzen duen bezala, "PGViT tresna diseinatu da berriki onetsi den Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemen ISO 45001:2017 Arauak goi mailako egituretarako ezartzen duenaren arabera, enpresa kudeaketaren beste arau batzuekin ere bat etorriz, esaterako kalitateari buruzko SO 9001:2015 arauarekin eta ingurumenari buruzko 14001:2015 arauarekin".

Arauen testuingurua eta metodologia

Laneko indarkeriaren arazoak duen garrantzia kontuan hartuta, Munduko Lan Erakundeak (MLE-OIT) berriki aldarrikatu du premiazkoa dela ahaleginak areagotzea gero eta gehiago ematen den arazo honi aurrea hartu eta haren kontra borrokatzeko. Ikerketaren egileak adierazi du "Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enpresen betebeharrak zein diren ezartzen duen eremu bat ematen duela egia bada ere, laneko indarkeriaren egoerari aurrea hartzeko eta haren aurrean ekiteko, egia da, baita ere, gaur egun ez dagoela indarkeria egozteko lege-mekanismoak ezartzen dituen arautze prebentiborik, finkatzen eta zehazten duena enpresek eta erakundeek nola jokatu behar duten jarduera hau era eraginkorrean garatu eta aurrera eramateko".

Hutsune hau gorabehera, de Luisek beste gauza bat ere esaten du, hau da, ezagutza zientifikoak bere egin dituen erreferentzia-iturriak badirela: gaur egun lan arriskuei aurre hartzeko dauden irizpide teknikoak, eta enpresa-kudeaketarako nazioarteko sistemak. Sistema horiek laguntzen dute laneko indarkeriaren aurka lan-arriskuen aldetiko ikuspegi batekin ekin ahal izateko, enpresaren kudeaketako nazioarteko beste arau batzuekin bateragarria den modu batean.

Tresna berria prestatzeko, tesian bildu da eremu psikosozialaren mugatze terminologikoa, eta bereziki, jazarpen moralaren, jazarpen sexualaren eta kanpoko indarkeriaren edo hirugarrenen indarkeriaren arriskuena. Gainera, egileak kontzeptuen azterketa teknikoa eta juridikoa egin du, baita eragiten duten arrisku-faktoreak eta egoera bakoitzean egokiak diren prebentziozko neurrien eta zuzentzeko neurrien azterketa ere. Azkenik, azterketa enpiriko eta kualitatiboa burutu da, zeinean dokumentu-diseinu bat egin baita, eta PGViT prestatu eta balioztatu da.

Tesiaren egilearen curriculum laburra

Rosa de Luis Aboitiz Zuzenbidean lizentziaduna da Alacanteko Unibertsitatean, Gizarte Graduatuan diplomaduna, eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Masterra, lan Segurtasuna, Industria Higienea eta Ergonomia eta Psikosoziologia aplikatuaren berezitasunean. Gainera, Osasun Zientzietan aplikatutako Estatistikan Aditu Profesionalaren titulua dauka, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) emandakoa.

Rosa de Luis, lan arriskuen prebentzioaren goi mailako teknikaria da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan (NOPLO-ISPLN). 2011tik 2015era Lan Prestakuntza eta Psikosoziologiaren Ataleko burua izan zen, eta gaur egun NOPLOko Lan Arriskuen Prebentzioaren Atalean lan egiten du, Ergonomia eta Psikosoziologiako teknikari. 1999an abokatu-laguntzaile izan zen Javier Fernández de La Pradilla lan-abokatuaren bulegoan, Logroñon (Errioxa). Gainera, eremu pribatuko zein publikoko hainbat erakundetan, lan arriskuen prebentzioari dagokionez, antolatu diren prestakuntza-jardueretan irakasle-esperientzia handia dauka: NUPen, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioan, Nafarroako Enpresarien Konfederazioan, eta erakunde sindikaletan.

Liburu hau idatzi du: “Análisis de costes de accidentes de trabajo”, eta beste bi liburu hauen egileetako bat: “Manual del empresario de la construcción” eta “Manual del delegado de prevención de la construcción”. Denak Nafarroako Gobernuak argitaratu ditu. Horretaz gain, ponentzia eta komunikazio batzuk egin ditu jardunaldi teknikoetan eta Unibertsitateko udako ikastaroetan.