Joan eduki nagusira

zoom Informazio erakustokiaren irudi bat.

Informazio erakustokiaren irudi bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) informazio-postua jarri du Ikasleen eta Enpleguaren Europako Erakusketan, zeina gaur (martxoak 8, osteguna) inauguratu baita Iruñeko Baluarte biltzar-jauregi eta entzun-aretoan. Bertan, unibertsitateek, enpresek eta instituzioek beren prestakuntza-eskaintza aurkeztuko diete nafar gazteei. Erakusketa bihar arte (ostirala) egongo da zabalik, 9:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean, eta, aurten, NUPen erakustokiak iazkoaren tamainaren bikoitza izango du.

NUPek bere graduko titulazioei buruzko informazioa eskaintzen du espazio horretan, baita 2018-2019 ikasturtean emango dituen gradu bikoitzei eta nazioarteko programei buruzkoa ere, ezarri berri dituen ikasketak nabarmenduz: Bioteknologia, Zientziak, Datuen Zientzia eta Ingeniaritza Biomedikoa. Horretarako, aipatu graduak emango dituzten unibertsitate-eskoletako zenbait irakasle egongo dira informazio-postuan, hots, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoak (NIGMET) lehenengo hiru graduen kasuan, eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoak (TIIGMET) Ingeniaritza Biomedikoaren kasuan. Gainera, erakustoki horretara hurbiltzen direnek aukera izango dute Unibertsitatean eskuragarri dauden gainerako zerbitzuei buruzko informazioa biltzeko.

zoom Ezkerretik eskuinera, Roldán Jimeno eta Ander Loyola.

Ezkerretik eskuinera, Roldán Jimeno eta Ander Loyola.

Erakusketa hori Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago, baita unibertsitateko ikasleei eta beste ikasketa batzuk osatu nahi dituztenei ere. Espazio horretan, bestalde, goi-mailako hezkuntzako instituzioak, Lanbide Heziketako zentroak, prestakuntza-eskolak eta hizkuntza-zentroak daude.

Espediente onenen Talentu Sariak

Erakusketa horretan, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ander Loyola Sergio ikasleak (Zuzenbidea) V. Talentu Sarietako bat jaso du, zeinak ikasketa-espediente onenak dauzkaten nafar ikasleei ematen baitzaizkie. Aurreko ikasturteko ahalegina, aritzea eta egindako lana aitortzen dituzte sariek.

Hain zuzen, 2016-2017 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortutako Ikasketa Espediente Onenaren Saria eskuratu du Ander Loyolak, 10etik 9,50eko kalifikazioa erdietsi baitzuen. Roldán Jimeno Aranguren NUPeko Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzako Ikasleen Arloko zuzendariak eman dio saria.