Joan eduki nagusira

zoom Patricia Fanlo, NUPeko doktore berria

Patricia Fanlo, NUPeko doktore berria

“Estudio multidisciplinar de las causas sistémicas de uveítis en 500 pacientes adultos en Navarra” ditu izenburua eta gai nagusia Patricia Fanlo Mateo Nafarroako Ospitaleguneko barne-medikuntzako medikuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki defendatu duen doktoretza-tesiak. Ikerketa-lana Nafarroan begietako gaixotasun horri buruz egin den lehenbizikoa izan da, eta hura zuzentzeaz arduratu dira Gregorio Tiberio López NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntzako atalburua, Henar Heras Mulero Nafarroako Unibertsitate Klinikako oftalmologoa eta Gerard Espinosa Garriga Bartzelonako Ospitale Klinikoko barne-medikuntzako medikua. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Nafarroan ubeitisari buruz ( irisak, gorputz ziliarrak eta koroideak osatzen duten ubearen begi barneko handitzea eragiten duen gaixotasun arraro mota bat) egin den lehena izateaz gainera, azterlana aitzindaria da zenbait eskualdetako (Foru Erkidegoa, Gaztela eta Leon eta Bartzelona) ubeitisaren azterketa konparatiboa egiteari dagokionez. Lan horretan, 2010eko urtarriletik (urte horretan jarri zen martxan) 2015eko martxora bitartean Nafarroako Ospitaleguneko ubeitiseko diziplina anitzeko unitatean artatu zituzten 500 pazienteren datuak jaso dira, eta atera zen ondorioa izan zen kasuen % 70etan espondilitis ankilopoietikoa, herpesak eta toxoplasma izan zirela kausak.

Azterlan horren bitartez, egileak agerian jarri nahi du, “alde batetik, diziplina anitzeko erabileraren balioa, eta horren emaitza oftalmologiako espezialista batek eta ubeitiseko (nahiz eta oftalmologiatik kanpoko) beste batek osatutako talde bat izan da , diagnostikoaren eta tratamenduaren konplexutasuna dela medio; eta, bestetik, herrialdeko beste eskualde batzuetan gaixotasun horren erregistroak egiteko beharra –Nafarroako Ospitaleguneko Ubeitiseko Diziplina Anitzeko Unitatean egin den modura–, Espainiako beste unitate batzuekin konparatu ahal izateko”.

Ubeitisa: ezaugarriak eta kausak

Ubeitisa gaixotasun arraro bat da (hots, 10.000 biztanletatik 5i eragiten die gehienez), eta, kasuen % 60tan, gaitz sistemiko baten ondorio da, hau da, ez dio begiari bakarrik eragiten. Patologia mota horiek garrantzitsuak dira; izan ere, kasuen % 5etatik 20tara bitartean itsumena eta bestelako arazo larriak eragitera irits daitezke, lanerako adin aktiboko biztanle gazteengan agertzen dira, gastu handiak dakartzate berekin, eta, eremu geografikoaren arabera, beren kausak ezberdinak dira.

Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Fanlok dioenez, “Espainian patologia hori kudeatzeko eredu berri bat inplementatzen hasi ziren, hots, ubeitiseko diziplina anitzeko unitateak, non oftalmologo batek eta oftalmologoa ez zen espezialista batek kasuak elkarrekin balioesten baitzituzten”. Nafarroan, Barne Medikuntzako eta Oftalmologiako zerbitzuen arteko kudeaketa-hitzarmenei esker, ubeitiseko diziplina anitzeko kontsulta abiarazi zen 2010ean, eta mota horretako lehena izan zen Nafarroako Ospitalegunean. 

Patricia Fanlo Mateoren curriculum laburra

Patricia Fanlo Mateo Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Biriketako Hipertentsioko Nazioarteko Masterra eskuratu zuen Menéndez Pelayo Unibertsitatean. Bideko Ama Birjinaren Ospitalean egin zuen egoitza, Barne Medikuntzako espezialitatean, hain zuzen. 2008az geroztik, Barne Medikuntzako mediku espezialista eta Gaixotasun Autoinmune Sistemikoen Unitateko koordinatzailea da Nafarroako Ospitalegunean.

Patricia Fanlo hainbat zientzia-elkartetako kide da, hala nola Barne Medikuntzako Espainiako Elkartekoa, Barne Medikuntzako Elkarteko Gaixotasun Autoinmune Sistemikoen Taldekoa, edo Begien Hanturako Espainiako Elkartekoa. Horrez gain, Biriketako Gaixotasun Interstizialen Batzordeko eta Nafarroako Ospitaleguneko Biriketako Hipertentsioko diziplina anitzeko batzordeko kide da.