Joan eduki nagusira

zoom Natxo Esparza (ezk.) eta Carlos Vilches.

Natxo Esparza (ezk.) eta Carlos Vilches.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Arabako SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkartearekin elkarlanean, eta Arabako Foru Aldundiaren finantzazioari esker, "Saharako kanpamenduetako gazte errefuxiatuak. Linboaren ziurgabetasunean harrapatuak" izeneko liburua argitaratu du. Testuaren egilea Unibertsitateko Soziologia Saileko Carlos Vilches Plaza irakaslea izan da. Iruñeko Hezitzaileen Eskolako Natxo Esparza Fernandez irakasleak lagundu dio lan horretan.

Liburuaren oinarria da Aljeriako Tinduf hiriko kanpamenduetan errefuxiatuta dauden gazte sahararren egoeraren azterketa kuantitatibo eta kualitatibo bat, beren pertzepzio eta esperientziatik abiaturik, zeren "atzerrian eta ingurugiro-baldintza muturrekoetan bizitzearen gogortasunari frustrazioa gaineratzen baitzaio, ez duelako ematen epe laburrean edo ertainean egoera horrek aldaketarik edukiko duenik", liburuan azaltzen denez. Adorerik ezak ziurgabetasunik gabeko etorkizun baten aurrean, etxera ezin itzuliak eta aukerarik ezak eragina izan dute gazteen artean, "basamortuko bizitza baizik ez baitute ezagutu txikitatik, nazioarteko laguntzaren mende", aurkezpen testuak esaten duenez.

Liburua euskaraz edo gaztelaniaz irakurtzen ahal da, eta eskuragarri dago Academica-e Unibertsitatearen online erakunde-biltegian. Halaber, bertsio inprimatua erosten ahal da, 8 euroan (bilduko den dirua helburu solidario baten alde izango da), eta laster argitaratuko da gaztelania-arabiera bertsio elebiduna.

Vilches irakasleak berriki erakutsi du bere liburua UJSARIOren (Unión de la Juventud de Saguiat el Hamra y Río de Oro) IX. Biltzarrean, zeina Auserd wilayako saharar errefuxiatuen kanpamenduan egin baitzen. Hauxe izan zen Biltzarraren goiburua: "Gazteria: independentzia eta burujabetza erabatekoa inposatzeko indarra era borondatea". Biltzarrera ondoko herrialde hauetako ordezkariak joan ziren: Espainia, Aljeria, Suedia, Guinea-Bissau, Tunisia, Jordania, Siria, Kolonbia, Mexiko, Frantzia, Estatu Batuak, Kuba, Namibia eta Alemania. Beste alde batetik, irakasleak Arabako Foru Aldundiak eta probintzia bereko SEADen Lagunen Elkarteak antolatu zuten liburuaren aurkezpenean parte hartu zuen. Aurkezpena gazteria sahararren egoerari buruzko eztabaida-jardunaldi batean egin zen. Gainera, martxoan La Habanan (Kuba) izango den gazteriari buruzko ikertzaileen nazioarteko biltzarrean parte hartuko du. Biltzar horren izena hauxe da: "Unipolaritatea, globalizazioa, gazteriak, ekintza politikoak eta gizarte eraldaketak". Han ponentzia bat aurkeztuko du gazteria sahararraren parte-hartze soziopolitikoari buruz.