Joan eduki nagusira

zoom NUPen egindako performancea.

NUPen egindako performancea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du bihar, larunbata, azaroaren 25ean, ospatuko den Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Aurtengo goiburua hauxe da: "Ez ezazu inor alde batera utzi: desagerraraz ezazu emakumeen eta nesken aurkako indarkeria". Horretarako, NUPek bat egin du Nazio Batuen Erakundeak (NBE) NBE Emakumeak organismoaren bidez argitara eman duen komunikatuarekin, eta beste ekintza batzuk antolatu edo aldeztu ditu, esaterako jardunaldiak, bideo bat edo eta kontzentrazio bat, denen gai nagusia emakumeen aurkako indarkeriaren arbuioa delarik.

Aurtengo goiburuaren bidez, NBEk emakume eta neska guztientzat indarkeriarik gabeko mundu bat lortzeko konpromisoa indartu nahi du, eta asmoa da arreta gutxien eta marjinazio gehien jasaten duten emakumezkoenganaino heltzea, besteak beste, emakumezko errefuxiatu eta migratzaileenganaino, eta gutxiengo diren, indigena diren eta gatazka zein hondamendi naturalen ondorioak pairatu dituzten populazioetako emakumezkoenganaino. Horretarako, "mundua laranjaz margotzea" erabaki da, "indarkeriarik gabeko etorkizun distiratsuago" bat sinbolizatzeko.

Unibertsitatearen komunikatuan adierazten den bezala: "Nafarroako Unibertsitate Publikoak “mundu laranja” horren parte izan nahi du. Gure hezkuntza- eta gizarte-konpromisotik abiatuta, errealitate horretaz –gure gizartean ere bizi dugun errealitate horretaz– kontziente diren pertsonak hezten lagundu nahi dugu, eta emakumezkoen aurkako indarkeria desagerrarazteko gauza izango diren pertsonak prestatzen".

zoom Unibertsitate komunitatea kontzentrazioan.

Unibertsitate komunitatea kontzentrazioan.

Atzo, azaroak 24, osteguna, 11:45ean, Unibertsitatean ikasle talde feministek deitutako kontzentrazio bat izan zen, indarkeria matxista arbuiatzeko. Unibertsitate komunitate guztiak bat egin zuen kontzentrazioarekin. Lehenago, ikasleek "performance" erreibindikatibo bat egin zuten, Errektoretzako eraikinetik ikasgelategiaren eta liburutegiaren arteko zabalgunera.

Berdintasunaren alde NUPen izan diren beste ekintza batzuk

Beste alde batetik, gogoratu behar da NUPek, Berdintasun eta Gizarte Ekintzarako unitateen bidez, genero berdintasunarekin loturiko ekinbide batzuk antolatu dituela aste honetan, edo, antolatu ez dituenean, parte hartu duela. Horrela, jardunaldi batzuk antolatu dira, Unibertsitateak sexu jazarpena eta generoan oinarritutako jazarpenaren aurka duen protokoloa ezagutarazteko; ikasleek protagonizatzen duten bideo bat zabaldu da, zeinean ikasleek indarkeria matxista arbuiatzen baitute, eta autodefentsa feministaren eta emakumeen autobabeserako lantegiak egin dira, Kultura eta Kiroletako Unitateak bultzatuta.

Unibertsitateko Berdintasun Unitateak, urte osoan zehar, genero berdintasunean prestatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko ekintzak garatzen ditu. Jarduera horiek ezagutu edo haietan parte hartzeko, deitu Berdintasun Atalera 948166299 telefono zenbakira, edo idatzi unidadigualdad@unavarra.es helbide elektronikora.