Joan eduki nagusira

 

zoom "Emakume zientzialariak: iragana, oraina eta etorkizuna" antzerki lana (interpreteak eta egilea). Ezkerretik eskuinera: Adela Muñoz Páez, Clara Grima, Francisco Vega Narváez, Isabel Fernández Delgado, María José Jiménez Rodríguez eta María del Carmen Romero Ternero.

"Emakume zientzialariak: iragana, oraina eta etorkizuna" antzerki lana (interpreteak eta egilea). Ezkerretik eskuinera: Adela Muñoz Páez, Clara Grima, Francisco Vega Narváez, Isabel Fernández Delgado, María José Jiménez Rodríguez eta María del Carmen Romero Ternero.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bihar, ostiralean, urriaren 6an, sormen literarioarekin loturiko jarduera batzuk egingo ditu, Unibertsitatearen sorreraren 30. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren barruan. Alde batetik, literatura fantastikoko "Tronuen jokoa" eta "Eraztunen jauna" bezalako liburuek bidea emango dute gatazka juridikoei buruz gogoeta egiteko, baita gatazka horiek konpontzeko moduei buruz eta justiziaren kontzepzioari buruz ere; beste alde batetik, "Emakume zientzialariak: iragana, oraina eta etorkizuna" antzerki lanak ezagutzera emango ditu bost emakume zientzialariren bizitzak eta ibilbide profesionalak, umeei emakume zientzialarien erreferentziak emateko.

 

Programak bihar “Energia garbi iraunkorra” izango du aztergai. Goizeko 9:00etan hasiko da "Gela ireki"ko saio batekin (jende guztiari zuzendutako unibertsitateko eskolak, aurretiaz izena emanda), "Materialen teknologia" izena edukiko duena, zeinean material konposatuen gaia ukituko baita. Gaur egun, azken belaunaldiko material konposatu asko erabiltzen da industria aeronautikoan, haize-sorgailuetan eta kirol materialean.

12:00etan beste saio bat izango da, "Bisita germoplasma, sagarrondo eta mahatsondo bankura" izena duena. Horretan, parte-hartzaileek ezagutzen ahalko dute NUPeko sagarrondo bilduma (396 barietate dituena, gehienak Nafarroakoak eta mugako lurraldeetakoak), baita Unibertsitateak dituen gereziondo, aranondo, madariondo, olibondo eta mahatsondoaren barietate antzinakoak ere. Bi saioak Iruñeko Arrosadiko campusean izango dira.

Saio zientifikoak

Beste alde batetik, eguneko sei saio zientifikoak Iruñeko Kondestablearen jauregian izango dira, Caixa Banken babesarekin. 9:30ean "Erabaki publikoetako ikertzaileen unibertsitate arteko topaketa" izenekoa hasiko da, NUPeko “Social Equilibrium and Economic Decisions” ikerketa taldeak antolatzen duena. Topaketa horretan Euskal Herriko, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Kataluniako eta Madrilgo beste unibertsitate batzuetako profesionalak egongo dira.

10:000etan beste bi saio izango dira, “Thirty years of computational intelligence: a personal journey” eta “Zirkularitatea elikatzeko sisteman: sorotik mahaira eta mahaitik sorora”. Azkenik, 12:00etan hiru saio izango dira: "Gutik Zura" dokumentalaren emanaldia, ondoren eztabaida edukiko duena; lehen ere aipatu dugun "Literatura fantastikoa: Tronuen jokoa eta Eraztunen jauna", zeinean Elisa Pérez de los Cobos Hernández (literatura fantastikoan aditua, abokatua eta Murtziako Unibertsitateko irakaslea) eta NUPeko Zuzenbide Publikoko Saileko José F. Alenza García (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa) eta Jorge Urdánoz Ganuza irakasleak izango baitira, eta azkenik "Ingurumena, aldaketa klimatikoa eta energia berriztagarriak" izenekoa, gaiarekin zerikusia duten ikertzaile, aditu eta profesionalei zuzendua.

Era berean, 12:00etatik aurrera eta sartzea dohainik dela, NUPeko ikasleek eta irakasleek erakustaldi batzuk eskainiko dituzte publiko guztiarentzat, "Erakustaldia" izeneko espazioan. Kondestablearen jauregian “Kirol ergonomia eta mendi igoeren simulazioa" izeneko lantegia izango da, eta izenburu hauek dituzten jarduerak: “Ba al dakizu hidrogenoa erregaia izan daitekeela?”, eta “Biodibertsitatea, Natusfera plataforma”; Takonerako lorategietan beste bi lantegi izango dira: “Trigonometria aplikatzen Takoneran” arazo arruntak ebazteko, eta “Landareen aniztasun ereduen eta beren zioen bila. Ikertzen ikasten”, zeina saio praktiko bat baita, inguratzen gaituen biodibertsitatea kuantifikatzeko eta interpretatzeko saio bat.

Antzerkia eta dibulgazioa

Arratsaldean Sevillako Unibertsitateko bost irakaslek beste hainbeste emakume zientzialariren bizitzaren errepaso bat egingo dute antzerki lan batekin: “Emakume zientzialariak: iragana, oraina eta etorkizuna”. Lana 17:30ean emango da Kondestablearen jauregian. Lan hau 6 urtetik aurrerako publikoari zuzentzen zaio. Francisco Vega Narváezek idatzi du (Sevillako Unibertsitateko Informatika Ingeniaritzako Goi mailako Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko Laborategiko teknikari aditua). Lan honek iraganeko emakume zientzialariak (obrak aintzat hartzen dituen bost emakumeak, beren zientzia eta beren pasioekin), oraingoak (bost ikertzaile eta aktore) eta etorkizunekoak (antzerkia ikusten ari diren eta zientziari lotuko zaizkion neskatoak) biltzen ditu. Zehatz esateko, emakume zientzialari historikoak dira Hipatia matematikari eta astronomoa (Matematika Aplikatuko I. Saileko Isabel Fernández Delgado irakasleak interpretatua), Ada Lovelace matematikaria (Teknologia Elektronikoko Saileko María del Carmen Romero Ternero irakasleak interpretatua), Marie Curie Nobel sari bikoitza (Kimika Ezorganikoko Saileko Adela Muñoz Páez irakasleak interpretatua), Rosalind Franklin kristalografoa (Matematika Aplikatuko I. Saileko Clara Grima katedradunak interpretatua) eta Hedy Lamarr asmatzaile eta aktorea (Matematika Aplikatuko I. Saileko María José Jiménez Rodríguez irakasleak interpretatua).

Azkenik, 19:30etik aurrera, Kondestablean, "Energia eta iraunkortasuna" hitzaldia izango da, Laboral Kutxak babesten duen “Etika, Humanismoa eta Zientzia Elkarrizketak” zikloaren barrukoa. Eztabaidaren gaia izango da gero eta energia gehiago eman behar zaiola gero eta pertsona gehiagori, baina ingurumenean sortzen diren kalteak gero eta txikiago izan daitezela saiatuz. Hizlariak hauek izango dira: M.ª del Mar Rubio, NUPeko Historia Ekonomikoaren irakaslea eta INARBE institutuko ikertzailea; Pablo Sanchis, NUPeko Ingeniaritza Elektrikoaren irakaslea eta Unibertsitateko Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendaria, eta Antonio Calvo Roy, Nebrija Unibertsitateko Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria eta Komunikazio Zientifikorako Espainiako Elkarteko burua.

Saio hau zuzenean emango da "streaming" bidez Iruñeko Zentral tabernan (Santo Domingoko merkatua).

Egun guztietako jarduerak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira. Izen-ematea ere egiten ahal da bertan, halakorik beharrezkoa den kasuetan.