Joan eduki nagusira

zoom Juan Cruz Alli Aranguren, NUPeko campusean.

Juan Cruz Alli Aranguren, NUPeko campusean.

Trantsizioak “foru ordena demokratiko, konstituzional eta nabarrista berri bat sortu zuen Nafarroan, baina foralismo tradizional, historizista eta esentzialistaren erretorikari eutsiz”. Hala egiaztatu du Juan Cruz Alli Aranguren (Iruñea, 1942) Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak bere bigarren doktoretza-tesian, zeina  historia garaikideari buruzkoa izan baita. Ikerketa horrek arreta jarri du foru eraentzaren bilakaeran Foru Diputazio frankistak 1975ean utzitako eredutik 1982an NFEBHLO (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa) onetsi zen arte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu du, non Zuzenbide irakaslea izan baitzen, 2012an erretiroa hartu zuen arte.

NFEBHLO “inoiz ez zen formalki aitortu Nafarroako autonomia estatutu gisa”, Allik bere ikerketan jasotzen duenez, “1839 eta 1841eko legeen foru eraentza historikoa erreformatu zuen, eta, hala, bere esanahi eta garrantzia politiko-instituzionala eta eskumenen arlokoa aldatu, eta aro historiko berri bat ireki zuen: konstituzioan onartutako eskubide historikoen eraentza konstituzionalarena”. “Foru eraentza historiko hori gutxi garatutako landa gizarte kontserbadore baten tradizioan oinarritzen zelako zegoen indarrean gizartean; eraentza berria, berriz, ekonomikoki eta sozialki aberatsa eta demokratikoki aurreratua den gizarte batean oinarritzen da, termino historizistak eta tradizionalak apaingarri gisa erabiltzen baditu ere —aipatzen du Juan Cruz Allik—. Termino horiek desegokiak dira lexiko konstituzional modernorako, baina ondare historikoari egindako gorazarrea dira, nafar gizartearen parte handi batek bere ‘izatearekin’ identifikatzen duen kultura historizista eta mitikoaren errepresentazioak betetzeko. Hori dela-eta, foralismo konstituzionalaren ikusmoldea foralismo tradizionalaren terminologiarekin elkartzen du”.

Zehazki, Allik NFEBHLOren Aitzinsolasean ezartzen ditu “foralismoaren printzipio, topiko eta mitoak, zeinak ordenamendu juridikoan jasotako axioma bihurtu eta modu ez-kritikoan onartubaitziren: integrazioa Espainian, ‘jatorrizko eskubideetan eta eskubide historikoetan’ oinarritutako foru eraentza, 1841eko Legearen izaera ‘paktatua’ eta paktismoa”.

Foraltasun berriaren sortze mitoa

NFEBHLO izan da “foraltasun berriaren sortze mitoa, hau da, autogobernua erakunde demokratikoetan oinarritutako eskubide historiko eta osagai identitario gisa”, doktoretza tesiak jasotzen duenez. Ángel García-Sanz Marcotegui NUPeko katedradunak (Geografia eta Historia Saila) zuzendu du doktoretza-tesia. Lege organiko horrek arauetan jaso zuen “legea adostasunez egin zuten alderdiek (UCD, PSOE, UPN eta Alderdi Karlista), zenbait ideologia ezaugarrirekin, zeukaten ikusmolde nabarrista” eta, Juan Cruz Alliren arabera, “Nafarroaren autonomiaren oinarri diren hiru zutabe hauetan oinarritzen da: historia, nortasuna eta autogobernua”.

“Tesi horrek babestu eta defendatzen du Trantsizio nazionala eta nafarra ahalbidetu zuen belaunaldiak utzitako ondarea, nahiz eta onartu hurrengo belaunaldiak ez gogobetetzeko arriskua zuela –belaunaldi bakoitzak aurrekoak egindakoari buruz egin duen errebisionismoa dela-eta–, ”, gehitu du Allik.

Bere iritzian, “mugitzen den historiak bihurtu du Nafarroa gizarte ekonomikoki garatu, sozialki bidezkoago eta politikoki demokratiko, erakunde ordena berri batekin, kontserbadoreek Nafarroa iraganean gerarazteko eta erradikalek aurrerapen hori eragozteko egindako lana gorabehera”.

Nafarroako Gobernuan 1982tik aurrera hainbat alderdi agintean egoteak, Juan Cruz Alliren iritzian, “demokrazia sendotu du eta normalizazio politikoa onartzea ekarri du alderdi eta talde ideologikoen txandaketagatik. Aldaketak sistema eta esparru juridiko-instituzionala legitimatzen du hari legitimazioa kentzen ahalegindu zirenen aurrean, orain boterea demokratikoki partekatzen badute ere. Horrek guztiak berresten du, gizarte demokratikoan, ez dela historia, baizik eta herri borondatea etorkizuna zehazten duena, zeina irekita baitago eta eraikitzen ari baitira. Erakundeek ahalbidetzen dute hori, konstituzioa egin zenean zenbait ahalegindu baziren ere hori baldintzatzen eta modu jakin batean zehazten”, esan du bukatzeko.

Curriculum laburra

Juan Cruz Alli Aranguren Zuzenbidean lizentziatu zen 1967an Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta han lortu zuen doktoretza Erronkariren antolaketari buruzko tesi batekin. Arduraldi partzialean aritu zen erakunde horretan, eta aldi berean Nafarroako zenbait udaletako legelari-aholkulari lanbidean jardun zuen. 1989an, irakasle lanpostua lortu zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta irakasle lanetan aritu zen bi ikasturtean, 1991ra arte, Burgosko Zuzenbide Fakultatean. Urte horretan hasi zen NUPeko Klaustroan.

Juan Cruz Alli Aranguren Administrazio Zuzenbidean espezialista da, eta hamabi libururen egilea eta beste hirurogei libururen egilekidea. Horrez gainera, hirurogeita hamarretik gora artikulu sinatu ditu aldizkari juridikoetan.

Bere ibilbide politikoan, zinegotzia izan zen Iruñeko Udalean, foru parlamentarioa, Nafarroako Gobernuaren lehendakaria (1991-1995) eta lehendakariordea, eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria foru gobernuan (1995-1996).