Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Antzerki Taldea. Ezkerretik eskuinera: Pablo de la Portilla, Leyre Álvarez, Leyre Ayerra, Natxo Lapieza, Rosa Beúnza, Santiago Jiménez, Javier Andueza, Saioa González, Pablo Zorrilla, Karen Errea eta Araitz Claramunt.

NUPeko Antzerki Taldea. Ezkerretik eskuinera: Pablo de la Portilla, Leyre Álvarez, Leyre Ayerra, Natxo Lapieza, Rosa Beúnza, Santiago Jiménez, Javier Andueza, Saioa González, Pablo Zorrilla, Karen Errea eta Araitz Claramunt.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Antzerki Taldeak apirilaren 27an, ostegunean, estreinatuko du Iruñeko Gayarre Antzokian “La doble historia del doctor Valmy” antzezlana. Antonio Buero Vallejo antzerkigileak idatzi zuen lana, eta Óscar Orzaiz Resanok zuzentzen du. Saioa 19:30ean izango da, eta G-9 taldeko Unibertsitateen IV. Antzerki Erakustaldiaren parte da, eta Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatua. Erakustaldia Iturramako eta Mendillorriko Civivox zentroetan egingo da, hilaren 22tik aurrera (larunbata), eta hilaren 30era arte (igandea) iraungo du. Bertan bederatzi unibertsitatetako antzerki taldeek hartuko dute parte: Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Oviedo, EHU, Vigo, Zaragoza eta NUP bera. Bederatzi emanaldiko ziklo honetako sarrerek euro bat balio dute, eta egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean ikus daiteke.

“La doble historia del doctor Valmy” antzezlana 60ko hamarkadan idatzi zen, eta Daniel Barnesen istorioa kontatzen du, torturaren bidez preso politikoak beren burua errudun aitortzea lortzen duen poliziarena. Protagonistak muga guztiak gainditu beharko ditu atxilotuetako batekin, eta neurri handi batean bera ere psikologikoki lur jota geratuko da. Maryk, bere emazte fidelak, ez ditu ezagutzen bere senarrak komisarian gauzatzen dituen zereginak, eta guztiz ikaratuta geldituko da torturatuaren emaztearen eskutik mundu paralelo hori aurkitzen duenean. Bikotean irekitako arrailak bere senarraren nortasunaz mesfidatzera eramango du Mary, eta horrek eragina izango du senar-emazteen arteko bizitzan. Egilearen hitzetan, kontakizun eszeniko hau Erresuma Batuan estreinatu zen Espainian baino lehen, zentsura frankista zela-eta ezin izan baitzen Trantsiziora arte antzeztu.

Aktoreak eta atal teknikoa

Hauek dira antzezlanean parte hartuko duten aktoreak eta bakoitza egiten ari den gradua: Leyre Álvarez Villena (Haur Hezkuntzako Irakasletza), Javier Andueza Martínez (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Leyre Ayerra Pérez (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Rosa Beúnza Fonseca (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Araitz Claramunt Oregi (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Pablo de la Portilla Planillo (Industria Teknologietako Ingeniaritza), Karen Errea Goñi (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Saioa González Mancho (Haur Hezkuntzako Irakasletza), Santiago Jiménez Rebolé (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Natxo Lapieza Fernández (Haur Hezkuntzako Irakasletza) eta Pablo Zorrilla Echeverría (Industria Teknologietako Ingeniaritza).

Jantziak dagoeneko aipatutako Leyre Ayerra Pérez eta Rosa Beúnza Fonsecaren lana dira; argiaren eta soinuaren arduraduna Mikel Larrea Martínez da; musika Javier Urtasun Larratek egin du (Irakasletzako tituluduna); eta kartelaren diseinua, Natxo Lapieza Fernándezek. Antzerki Taldea bera arduratu da eszenografiaz. Zuzendaritzako laguntzaile aritu da Leire Lareki (Irakasletzako tituluduna).

NUPeko Antzerki Taldearen aurreko lanean artean aipatzekoak dira “Yerma”, Federico García Lorcarena (2008-2009); “Presas”, Ignacio del Moral eta Verónica Fernándezena (2009-2010); “Hagamos un trato”, Mario Benedettiren testuetan oinarritua (2010-2011); “Contra el Progreso”, Esteve Solerrena (2011-2012); “Risas y destrucción”, Alfredo Sanzolena (2012-2013); “Fantasía de los contrastes”, Antonio Martínez Ballesterosena (2013-2014); “Besos”, Carles Alberola eta Roberto Garcíarena (2014-2015); eta “Polifonía”, Diana de Paco Serranorena (2015-2016).

Gainerako antzezpenak

NUPeko Antzerki Taldearen emanaldiaz gain, G-9 taldeko Unibertsitateen IV. Antzerki Erakustaldiaren egitarauan beste zortzi antzezpen izango dira, Iturramako eta Mendilloriko Civivox zentroetan banatuta.

Hala, egitaraua hilaren 22an abiaraziko da, larunbata, Antonio Buero Vallejoren “En la ardiente oscuridad” lanarekin, Cerbuna Teatroren eskutik (Zaragozako Unibertsitatea); hilaren 24an, astelehena, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Malaestirpe Teatro Universitario taldeak (Toledoko campusa) William Shakespeareren “Tito Andrónico” antzeztuko du; eta 25ean, asteartea, EHUko Antzertiola Factoría Teatral taldeak (Gipuzkoako campusa) Maite Agirreren “¡Danzad, danzad, malditos!” lana taularatuko du, Horace McCoyren “¿No se mata a los caballos?” eleberrian oinarritutakoa.

Hilaren 26an, asteazkena, Jesús Murilloren “Ronda” antzeztuko du TECU Teatro taldeak (Errioxako Unibertsitatea); eta 28an, ostirala, Extremadurako Unibertsitateko UEx Antzerki Taldeak (Badajozko campusa) Enrique Jardiel Poncelaren “El cadáver del señor García” eszenaratuko du.

Asteburuan hiru antzezpen egingo dira. Hilaren 29an, larunbata, UC Antzerki Taldeak (Kantabriako Unibertsitatea) eskainiko digu lehen emanaldia, hots, José Sanchís Sinisterraren “Terror y Miseria en el primer franquismo”. Bestalde, Oviedoko Unibertsitateko Antzerki Ikasgelak “Rincón oscuro” taularatuko du, Federico García Lorcaren “Bodas de sangre” lanean oinarrituta. Azkenik, hilaren 30ean, igandea, Vigoko Unibertsitateko Maricastaña Antzerki Taldeak (Ourenseko campusa) “La última cornisa del mundo” antzeztuko du, Alessandro Bariccoren “Océano mar” lanean oinarritutako Fernando Dacostaren dramaturgia.

Antzezpen horiek noiz eta non izango diren jakiteko informazio guztia eskuragarri dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean.