Joan eduki nagusira

zoom Trukeko ikasle atzerritarretako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean

Trukeko ikasle atzerritarretako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean

22 herrialdetako 108 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2016-2017 ikasturteko udaberriko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen barruan. Gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko, beste hogeita hamar ikaslek, nafar unibertsitateko boluntarioek, Buddy Programan parte hartzen dute. Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen bat da programa hori.

Buddy programan, NUPeko hogeita hamar ikasle horien egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzen edo zenbait tramite egiten. Ikasle guztiek edo mugikortasun programa batean parte hartu dute edo aurki parte hartuko dute hurrengo ikasturtean.

Kanpo Harremanetarako Atalak eta Ikasleentzako Argibide Bulegoak jarri dute abian ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago  astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.

Beste jarduera hauek ere egingo dira: harrera-saio bat; argibideak emateko beste saio bat, Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiaren espainierazko ikastaroetan, graduko titulazioen hizkuntza, kultura eta gizarteko gaztelaniazko irakasgai arautuen eskaintzan, eta Partner A3U-International Student programan; eta bisita bat Iruñera. Gainera, Madril edo Bartzelona ezagutzeko aukera eskaintzen da, edo kulturari eta ohiturei buruzko lantegi batean eta gastronomiari buruzko beste batean parte hartzekoa (ingelesez edo gaztelaniaz).

NUPeko ikasleen eta ikasle atzerritarren arteko parekatzea egiteko kontuan hartu dira, ahal zen neurrian, jatorrizko unibertsitateak eta unibertsitate hartzaileak, egiten ari diren titulazioak eta hizkuntza-gaitasuna. Horri esker talde txikiak eratu dira. Hala, unibertsitate nafarreko ikasle bakoitzeko, nazioarteko hiru ikasle daude.

Mexiko, ikasle gehien dituen herrialdea

Nazioarteko ikasleak (66 emakume eta 42 gizon) 22 herrialdetatik datoz, eta Mexiko da gazte gehien dituen herrialdea 24 ikaslerekin. Zifrak xehatzen badira, emaitza hauek ditugu: Amerikako 58 ikasle; Europako 38; Asiako 7; eta Ozeaniako 5.

Amerikatik datozenen artean, esandakoez gainera, Txile da ikasle gehien dituen herrialdea, 17 ikaslerekin. Ondoren Estatu Batuetakoak datoz, 9 baitira; Kanadakoak, 3; Brasilgo 2, Peruko 2 eta Kolonbiako 1.

Jatorriari begira, europarrak honela banatzen dira: Bulgaria (8), Italia (7), Alemania (5), Portugal (4), Txekiar Errepublika eta Frantzia, 3 bakoitza, Austria, 2; eta azkenik, Erresuma Batua, Polonia, Grezia, Belgika, Holanda eta Errusia, bana.

Horrez gain, asiar gehienak Txinatik etorri dira, zazpi ikasle etorri direlako handik. Azkenik, Australiako bost ikasle datoz Ozeaniatik.

Erasmus programako 32 ikasle daude (Europako ikasleekin trukea egiteko), eta ikasle horiek Europako hamabi herrialdetakoak dira. Gainerakoak (76 unibertsitate ikasle) honela banatuta daude: aldebiko hitzarmenak (12), ISEP (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin), 9rekin; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa bereki (Palafox, Latinoamerikarekin trukea egiteko, 42rekin; eta Martín de Rada, Asia eta Ozeano Barekoa, 7rekin). Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi mailako 300 erakunderekin.