Joan eduki nagusira

zoom Boluntario eta bisitarietako batzuk NUPeko Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldean

Boluntario eta bisitarietako batzuk NUPeko Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) Iruñeko Arrosadiko campuseko Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldeko fruta-arbolen eta mahastietarako bisitak antolatu ditu, desgaitasuna duten Aspace Nafarroako Egoitza Fundazioko pertsonentzat. Ekainetik irailera, garun paralisia duten ia 80 pertsonak fruta biltzen dute labore eta lorategietako 20 hektarea baino gehiagoko Unibertsitateko instalazio honetan. Ekimena gauzatzen ahal da berrogeita hamar ikasle boluntariori eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza GKEko kideei esker, zeinek prestakuntza jasotzen baitute, Aspaceko teknikariek emanda.

Bisitak antolatzen dira gerezia biltzeko garaian (ekaina), eta sagarra, muxika, madaria eta mahatsa biltzeko garaian (iraila). Bisitariek, fruta bildu eta naturaren erdian jateaz aparte, etxaldeko lorategiak ere bisitatzen dituzte, non hazten baitira zuhaitzak (zumar handiak, astigarrak eta ezkiak), forma geometrikodun ezpel-heskaiak eta 48 aldaerako arrosa bilduma. Aspaceren zentroetara itzultzen direnean, sukalde lantegi batean parte hartzen dute, eta han, bildu duten frutarekin, mermeladak, zukuak eta tartak prestatzen dituzte. Erakunde honek uste du bisita hauek jarduera pedagogiko-terapeutiko egokiak direla, pertsona hauek hezkuntza eta gizarte aukerak ematen dizkiena.

Txanda bakoitzean desgaitasuna duten hogei bat pertsonak parte hartzen dute, Aspaceko sei profesionalen laguntzarekin. Desgaitasuna dutenak Aspaceren zentro hauetatik datoz: Orreagako Amabirjina Hezkuntza Bereziko Ikastetxetik eta Ramón y Cajal Eguneko Zentrotik (biak Zizur Txikikoak), eta Iruñeko Carmen Aldave Egoitzatik.

zoom Ikasle boluntarioen talde bat, Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldera bisita egingo duen talde bati arreta eman baino lehen.

Ikasle boluntarioen talde bat, Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldera bisita egingo duen talde bati arreta eman baino lehen.

Pertsona hauetatik gehienak gurpildun aulkian mugitzen direnez, boluntarioen laguntza beharrezkoa baino gehiago, ezinbestekoa da. Horretarako, Gizarte Ekintza Unitatearen mendeko Unibertsitatearen Boluntzariotza Programak ikasle boluntarioak koordinatzen ditu (egun bakoitzean hamabost eta hogei artean). Horietako gehienak Esperientziaren Gelakoak dira, eta bisitariei behar duten laguntza ematen diete. Horiekin batera aritzen dira Mugarik Gabeko Ingeniaritza taldeko Unibertsitateko ikasleak, batez ere nekazaritza ingeniaritza titulazioetakoak, gidari ibiltzen baitira fruta-arbolei, laboreei eta landareei buruzko informazioa emateko.

Zerbitzu lana eta ikasteko aukera

Boluntario hauek egiten duten zerbitzua osatzeko, Aspaceren Ramón y Cajal Eguneko Zentroan garun paralisiari eta horren antzeko asaldurei buruzko prestakuntza saio bat egiten da. Han ezagutzen dute bertatik bertara erakunde honek aurrera eramaten duen hezkuntza eta arretako programa terapeutikoa nolakoa den.

Jarduera honetan parte hartzeak osatzen du edozein titulaziotako ikasleen prestakuntza akademikoa, aukera ematen baitie desgaitasuna duten pertsonak ezagutu eta haiekin harreman zuzena edukitzeko, eta dauzkaten behar espezifikoak zein diren identifikatu eta konturatzeko; izan ere, edozein lanbide garatzen dutelarik ere, kontuan hartu beharko dituzte (aplikazioak, espazioak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko), eta edozein eremutan (hezkuntza, gizartea, eremu juridikoa...).

"Jarduera hauekin, Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldea beste helburuetara begira jartzen da, ikerketaz eta irakaskuntzaz harago. Jarduera hauekin nafar gizarteari zerbitzua ematen dio, eta zehatzago esateko, desgaitasuna duten pertsonei ematen die zerbitzua", esan du Silvia Arazuri Garínek, NIGMEteko zuzendariak.

Izan ere, NUPeko etxalde honek gizarte-konpromisoa aintzat hartzen duten jarduera gehiago ere egiten ditu, esaterako zerbitzu-ikasketaren esperientzia, zeinean, apirilean eta maiatzean, Iruñeko Paris 365   gizarte-jantokia barazkiez hornitu baitute, astero. Elkartasunezko proiektu hau erabili izan da Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako bi irakasgaitan hezkuntza-metodologia moduan. Bi irakasgaiak Landare Ekoizpeneko Inmaculada Farran Blanch irakasleak eman zituen. Irakaskuntza-zerbitzuko esperientzia hau izan da NUPeko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduari EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate-ziurtagiria eman dion akreditazio-agentzia independenteak balioetsi duen irakaskuntza metodologietako bat.