Joan eduki nagusira

zoom Campus Iberuseko zuzendari exekutiboa (4.a eskuinetik) berri ematen, Alfonso Carlosena errektorearen eta Román Felones Gizarte Kontseiluko buruaren artean

Campus Iberuseko zuzendari exekutiboa (4.a eskuinetik) berri ematen, Alfonso Carlosena errektorearen eta Román Felones Gizarte Kontseiluko buruaren artean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak onetsi egin ditu kontratupeko irakasle doktoreen merezimenduei lotzen zaizkien ordainketa osagarriak, eta guztira 75 kontratupeko irakasle doktore horien onuradun izango dira, 2015 eta 2016. urteen artean.  Behin betiko kontratua duten irakasle horiek, irakaskuntza eta ikerketa osagarriei dagokienez, Unibertsitateko irakasle titular diren beren baliokide funtzionarioekin parekatuko dira 2017. urtetik aurrera.

Gizarte Kontseiluaren erabaki hau hartu da, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta, Nafarroako Gobernuaren aurtengo Foru Dekretuagatik (38/2015 2015eko ekainaren 11koa), zeinaren bidez aldatzen baitzen beste Foru Dekretu bat (37/2009 2009ko apirilaren 20koa), osagarriak soilik funtzionarioek jasoko zituztela ezartzen zuena. Aldaketa horren bidez, lanaldi osoz aritzen diren eta behin betiko kontratua duten irakasleak norbanakoaren merezimenduen araberako ordainketen jasotzaile izango dira estreinakoz. Lan maila hori kontratupeko irakasle doktoreei dagokie.

Joan den urtean Unibertsitatearen eta Enpresa Batzordearen artean sinatu zen erabakiaren ondoren, Julio Lafuente López orduko errektoreak eskatu zion Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari lanaldi osoz aritzen diren eta behin betiko kontratua duten irakasle doktoreak bai irakaskuntzako bai ikerketako norbanakoaren merezimenduen araberako ordainketen jasotzaile izan zitezen, “irakasle funtzionarioei eskatzen zaizkien baldintza berdinetan”. Aurreko Nafarroako Gobernuak, "berdintasun printzipioa" bermatzeko xedez, aipatu osagarriak arautzen dituen Foru Dekretua aldatu zuen funtzionarioen norbanakoaren merezimendu berdinak frogatzen dituzten kontratupekoek funtzionarioen moduko ordainketak jaso ditzaten. 

Ez da ahaztu behar Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak autonomia-erkidegoei esleitzen diela unibertsitate publikoetan kontratatutako irakasleen eta ikertzaileen lansarien araubidea arautzea, norbanakoaren merezimenduen araberako ordainketa osagarriak barne.

Pixkanakako aplikazioa

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ukitutako irakasleen ordainsari horien ordainketak pixkanaka egingo da hiru aurrekontu-ekitalditan. Hala bada, 2015ean tarte bakoitzaren urteko zenbatekoa funtzionarioek jasotzen duten kopuruaren % 33 izango da; 2016an % 66; eta 2017an % 100.

Banakako merezimenduak ordaintzen dituen irakaskuntzako osagarriaren kasuan, gehienez ere hiru tartetan egituratzen da. Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala da irakaskuntza ebaluatzeko organoa. Gizarte Kontseiluaren erabakiaren arabera, 66 kontratupeko irakasle doktorek jasoko dute osagarri hori 2015ean.

Bestalde, banakako merezimenduak garatutako ikerketa-jardueraren balioespenaren arabera ordaintzen dituen ikerketako osagarriaren kasuan, gehienez ere hiru tartetan egituratzen da. Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Agentzia Nazionalak egiaztatzen du irakasleen ikerketa-jarduera.

2015ean ikerketako osagarria jasoko duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak 63 dira, eta horietatik 54k irakaskuntzakoa ere jasoko dute, eta 9k soilik ikerketakoa.

Campus Iberusen aurkezpena

Osagarri horiek onetsi ziren osoko bilkura berean Gizarte Kontseiluak Óscar López Lorente Campus Iberuseko zuzendari exekutiboaren bisita izan zuen, eta Ebro Ibarreko lau unibertsitateen (Lleida, Errioxa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragoza) batuketa eta espezializazio estrategikoaren azken ekimenak azaldu zituen. Izan ere, Europar Batzordeak praktika onaren aitorpena eta Hezkuntza Ministerioak  Nazioarteko Bikaintasun Campusarena egin dio.

Óscar Lópezek Campus Iberusen lau jarduera arloak azaldu zituen. Partzuergoa zenbait europar herrialde aztertzen ari dira beraiek ere halako zerbait egiteko. Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza, bestetaratzea eta nazioartekotzea dira oinarriak.

Prestakuntzari dagokionez, Lópezek hauek aipatu zituen: hiru master multzoak (Ingurumen Nanoteknologia, Ekintzailetza eta Elikatzeko Segurtasuna), Ondarea, Gizarteak eta Muga-guneak izeneko Doktoretza Programa, Iberus doktoretza jardunaldiak eta irakaskuntza berrikuntzako ikastaroak.

Berrikuntza eta ikerketaren arloan Campus Iberusek  abian jarriko ditu unibertsitatearteko lau partzuergo nutrizioan, beste horrenbeste energian eta zortzi eta hamar artean osasunerako teknologietan. Gainera, ordezkaritza bat ireki du Bruselan eta mugikortasun programak ezartzeko asmoa dauka Estatu Batuaekin eta Britainia Handiarekin.

Ikerketaren emaitzak bestetaratzeko arloari dagokionez, Campus Iberusek ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du aipatu masterraren eta Iberus-CLH Ekintzailetza sarien bidez; Erasmus+ programan mugikortasun partzuergo baten ezarpenaren bidez eta enplegugarritasunerako plataforma baten sorreraren bidez.

Azkenik, nazioartekotzearen esparruan, abian jarri da  EBRoS Mugaz harandiko Campusa (European BioRegion of Science), Pau eta Toulouseko unibertsitateekin, eta gaitze proiektu bat Kolonbiarekin; hitzarmenak sinatu dira txinatar unibertsitateekin; eta, Europan aurreikusten da elkarrekin egiteko I+G+b proiektuak eta berrikuntza irekiko plataforma bat sortzea.