Joan eduki nagusira

zoom Mikel Galar (ezk.) eta Humberto Bustince, NUPeko ikertzaileak.

Mikel Galar (ezk.) eta Humberto Bustince, NUPeko ikertzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi ikertzailek idatzi duten artikulu bat, Computational Intelligence Society (CIS) elkarteak editatzen duen “IEEE Transactions on Fuzzy Systems” aldizkarian 2013an argitaratu den artikulurik onena bezala aukeratua izan da. Aldizkari horren oihartzun-indizea handienetakoa da munduko ingeniaritza aldizkari guztien artean. Lan hau makinen erabakiak hartzeari buruzkoa zen, eta lortu duen sari hau ezagutu da artikulua argitaratu eta bi urtera, epaimahaikoek adimen artifizialari buruzko aditurik handienei kontsulta egin eta gero. Sari ematea datorren urtean izango da, 2016an, Vancouverren (Kanada), IEEE elkartearen munduko biltzarra egiten denean.

Artikuluaren egileak Humberto Bustince Sola katedraduna eta Mikel Galar Idoate laguntzaile doktorea dira, biak NUPeko Automatika eta Konputazio Sailekoak, baita Benjamín Bedregal  ere (Brasilgo Rio Grande do Norteko Unibertsitate Federala) eta Anna Kolesárová eta Radko Mesiar (Eslobakiako Teknologiaren Unibertsitatea).

Artikuluak "datuak eransteko modu berri bat" hartzen du aintzat, "makinen erabakiak hartzeko moduari aplikatzeko", Humberto Bustincek esan duenez. "Problema bat emanda, problemarekin lotutako datu batzuekin lan egiten da, eta eredu matematikoen bidez, makinek interpretatzen ahal dituzten emaitzak lortzen dira. Jokoen teoria erabiliz, robot batek edo ordenagailu batek erabakitzen ahal dute zein den emaitzarik onena", gaineratu du. Ikerketa datu-meatzaritzan aplikatzen ari da, baita "big-data" edo datu masiboetan ere.

Nazioarteko lau adituk osatu dute epaimahaia, eta sariaren irabazleek azpimarratu dute gehien poztu dituena izan dela "ez dutela balioetsi ibilbide bat, baizik eta mundu osoko ikertzaileek ebaluatu duten lan zehatz bat, lanaren aplikagarritasuna ere kontuan hartuz", dio Bustincek.

Argitalpen garrantzizkoa mundu osoan

“IEEE Transactions on Fuzzy Systems” zientzia-argitalpen bat da, eta bere oihartzun faktorea 8,746 da, hau da, altuenetakoa ingeniaritza aldizkarien artean. Computational Intelligence Society (CIS) elkartea da aldizkariaren editorea. Elkarte hau liderra da konputazioaren eta adimen artifizialean, eta sartuta dago, halaber, ingeniaritza nazioarteko elkarte handienean: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Institutua (IEEE, ingelesezko sigletan).

Saria adimen artifizialari buruzko nazioarteko biltzar batean emango diete (IEEE World Congress on Computational Intelligence), zeina egingo baita 2016ko uztailaren 26tik 29ra Kanadako Vancouver hirian.