Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Íñigo Arozarena, Elikagaien Teknologia Saileko zuzendariordea; Enrique Armendáriz, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Arloko zuzendaria; Juan Maté Caballero, Elikagaien Teknologia Saileko zuzendaria; eta, eserita, Leticia Tomás, bere gurasoekin.

Ezkerretik eskuinera: Íñigo Arozarena, Elikagaien Teknologia Saileko zuzendariordea; Enrique Armendáriz, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Arloko zuzendaria; Juan Maté Caballero, Elikagaien Teknologia Saileko zuzendaria; eta, eserita, Leticia Tomás, bere gurasoekin.

Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko irakasle batek unibertsitateko master ofizial bat egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bi erakundeak duela hamar urtez geroztik egiten ari diren lankidetza programari esker. Leticia de Fátima Tomásek  Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitateko Masterra, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET) ematen dena, egin du zentro horren eta Chimoio-ko (Mozambike) bere homologoaren arteko lankidetzari esker.

Leticia de Fátima Tomásek Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko Ingeniaritza Fakultateko Elikagaien Teknologiako Graduan irakaskuntza ematen du Chimoion, eta elikagaiak aztertzeko laborategiko zuzendaria da. Horretaz gainera, titulazio horretako zuzendaritza-taldeko kideetako bat da.

Desgaitasun handi bat badauka ere, zeina bere haurtzaroan izan zuen gaixotasun baten emaitza baita, eta mugitzeko aulki gurpilduna edo makuluak (distantzia laburretarako) erabili behar baditu ere,  bere herrialdean elikagaien teknologiaren esparru profesionalean posizionatzea lortu du Leticia de Fátima Tomásek, Mozambiken diziplinan horretan graduatu den lehenengoetarikoa izan baita, eta, hainbat enpresatan lan egin eta gero, Ingeniaritza Fakultateko elikagaiak aztertzeko laborategiaren zuzendaritza bere gain hartu baitzuen.  

Ikasturte oso bat Iruñean

Mozambikeko irakasleak ikasturte oso bat igaro du Iruñean 60 kredituko eta bi seihilekoko master bat egiten. Bere master amaierako lanean bikain kalifikazioa lortu zuen.

Asko gustatu zait Iruñeko egonaldia –azaldu du Leticia de Fátima Tomásek bere herrialdera itzuli baino lehen-. Pozik nago master hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dudalako. Elikagaien Teknologiaren arloan ikasteko eta esperientzia handiagoa hartzeko aukera izan nuen han, eta horrek nire ibilbide profesionala sendotzen du, bai eta Mozambikeko Unibertsitate Katolikoari egiten diodan ekarpena ere, elikagaiak aztertzeko laborategiaren bidez”.

Laborategi hau –gehitzen du Mozambikeko irakasleak- funtsezkoa da bai ikuspegi akademiko batetik, bai ikuspegi sozial batetik, haren bidez gizarteari zerbitzu bat eman nahi baitiogu. Niretzat ohorea da gazteak prestatzen laguntzen duen unibertsitate batekoa izatea”.

"Mugitzeko desgaitasun arazoak baditut ere, asko borrokatu dut eta gizartean parte hartzea lortu dut, nire ideiak proposatuz eta unibertsitatea bezalako erakunde interesgarri bat garatzen lagunduz. Mundu guztia animatzen dut lortu nahi duen horren alde borrokatzera, zailtasunak gorabehera, egindako ahaleginak saria baitauka epe luzean”, ondorioztatzen du Leticia de Fátima Tomásek.

Bi unibertsitateen arteko lankidetza

Leticia de Fátima Tomásen prestakuntza egonaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Mozambikeko Unibertsitate Katolikoak Agronomiaren eremuan daukaten lankidetzaren erakusgarri berriena da. 2006az geroztik, bi laborategi hornitu dira Agronomia Fakultatean (Cuamba-ko hirian kokatua) eta Ingeniaritza Fakultatean, graduko eta masterreko prestakuntza ibilbideak prestatu dira eta irakaskuntza gaikuntzako programak ezarri dira. 2010etik 2015era bitartean, Agronomia Fakultateko hamar irakaslek ikerketa egonaldiak egin dituzte, Nafarroako Gobernuaren,  Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziaren  (GLEA) eta, azken aldian,  soilik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntza ekonomikoarekin.

Juan Maté Caballerok, Elikagaien Teknologia Saileko katedradunak, eta  Paloma Bescansa Miquelek, Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakasle titularrak, izan dute Mozambikeko erakundearekin garatu diren lankidetza proiektuen ardura.

Mozambikeko Unibertsitate Katolikoa 1995ean sortu zuten Erroman egin ziren eta hiru bosturteko iraun zuen gerra zibilari (1977-1992) amaiera eman zioten 1992ko bake-elkarrizketen ondorioz. Garai hartan, negoziazioetako bitartekariak (Jaime Pedro Gonçalves, Beirako artzapezpikua) unibertsitate katoliko bat sortzea proposatu zuen. Bakea eta berradiskidetzea sustatzea izango zen unibertsitatearen bokazioa. Hala, Mozambikeko Eliza Katolikoa herrialdearen egiturazko akats bat eta gatazka armatuaren kausetako bat zuzendu nahi zuen: goi mailako irakaskuntza eta prestakuntza Maputon, hiriburuan, hegoaldean, kokatzea. Mozambikeko Unibertsitate Katolikoak 3.000tik gora ikasle ditu, eta fakultateak eta zerbitzuak dauzka Afrikako herrialdearen erdialdeko eta iparraldeko zazpi hiritan.