Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak ikerketa institutu berri bat sortzea onetsi du. BEEII (INSIDE) da, hau da, Berrikuntzaren eta Ekonomiako Erabakien Ikerketarako Institutua, erabaki ekonomikoei eta horiek enpresen lehiakortasunean eta hiritarren ongizatean daukaten ondorioei buruz ikertuko duena. Institutu honetaz gain, beste bi sortu dira 2014an: SmartCities eta INAMAT (Material Aurreratuak).

Institutu hauen sorrera NUPek ikerketa politikan hartu duen erabaki estrategiko baten ondorioa da. Hainbat diziplinatako ikertzailek lan egingo dute egitura berri horietan, askoz ere diziplinartekoagoa izango den ikerketa bat bilatzeko, masa kritikoa sortzeko eta ikerketa nazioartean hedapen handiagoa izateko. Hasiera batean desberdinak diren baina ahalegin diziplinartekoa eskatzen duten arazo konplexuagoak konpontzeko baliagarriak izan daitezkeen eta ezagutzaren sorkuntza bultza dezaketen esperientzia eta interesak dituzten ikertzaileen elkarrekiko harremana eta baterako lana errazten dira horren bidez.

BEEII institutuko behin-behineko zuzendaria Pablo Arocena Garro da, eta bertan NUPeko 14 ikerketa taldetatik datozen 39 ikertzailek lan egingo dute. Institutuaren helburu nagusia, ezagutza sortzea eta ideiak eta proposamenak zabaltzea da, enpresek eta gizarteak aurre egin beharreko lehiakortasun-erronkak gainditzen laguntzeko. Institutuak eduki du, gainera, Unibertsitatetik kanpoko adituen batzorde baten aldeko ebaluazioa.

BEEII institutuaren ikerketa jardueraren gaia da eragile ekonomikoek hartzen dituzten estrategien eta politiken analisia (esaterako, enpresak eta erakunde publikoak) eta horiek enpresen garapenean eta gizarte ongizatean dauzkaten ondorioak. Ikerketa lerroei dagokienez, bi eremu handitan multzokatzen ahal dira: Enpresen estrategia eta lehiakortasuna: berrikuntza, finantzaketa eta produktibitatea, eta politika publiko eta sozialen analisia.

Bere jardueraren bidez, BEEII institutuak sei helburu orokor lortu nahi ditu: kalitatezko ikerketa sortzea, institutua erreferentzia izan dadin bai Nafarroan, baita nazioan eta nazioartean ere; unibertsitatearen eta bere inguru ekonomiko eta sozialaren arteko atzeraelikadura sustatzea; NUPek zientzia ekonomiko, sozial eta juridikoen eremuan egiten duen ikerketaren barne eta kanpo ikusgarritasuna handiagotzea; institutuak garatzen dituen ikerketa-lerroei buruzko doktoretza tesien kopurua emendatzea; finantzaketa publikoa eta pribatua lortzea, ekipo handi eta diziplinartekoak behar direnean; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeek dauzkaten azpiegituren, baliabideen eta ekipoen erabilera optimizatzea.

Ibilbide egiaztatua

Ikerketa institutuak prozesu parte-hartzaile eta adostu baten emaitza dira, eta beren jarduerarekin lotutako hainbat eragilek esku hartzen dute prozesu horretan eta Unibertsitateko Ikerketa Batzordea da prozesuaren buru. Osaera eta egitura eskakizun akademikoaren maila altuan dago oinarrituta, eta institutuetan parte hartu ahal izateko betekizuna da kanpo erakundeek egiaztatutako ikerketa ibilbide luzea izatea.

Institutuak baliagarriak izango dira, baita ere, ikerketa eta bestetaratze jardueraren kanpo-ikusgarritasuna handiagotzeko. Horrek erraztuko du erakunde, enpresa eta instituzioekiko elkarrizketa, lankidetza sustatzeko, eragile horiek, une honetan, oso ikuspegi atomizatua baitaukate Unibertsitatean egiten den ikerketari buruz.

Aurrekoek bezala, sortu berria den BEEII honek abian jartzeko finantzaketa dauka, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, "La Caixa"ren Gizarte Obraren eta Nafarroa Kutxa Fundazioaren arteko hitzarmenaren bidez.