Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abuztuaren 3an zabalduko du bederatzi zero ikastarotan izena emateko epea, heldu den 2015-16 ikasturtean Gradu ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Ikastaro hauek abuztuaren bigarren hamabostaldian emango dira, eta helburua dute ikasleei, bakoitza zein titulaziotan matrikulatu den, bere titulazioari buruzko gaietarako sarrera ematea, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien metodologia oinarriak emateko. Matrikula abuztuaren 7ra arte egingo da interneten bidez edo Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikinean.

Hauek dira ikastaroak: Adierazpen Grafikoa, Fisikaren Hastapenak, eta Matematikako bi ikastaro bereizi, alde batetik, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Eskolako ikasleentzat, eta bestetik, Nekazaritzakoentzat.

Ikastaroek izango dituzten egunak, orduak eta titulazioak ikusgai daude NUPen webgunean. Hogei ordukoak diren ikastaro horietan parte-hartzeak ez dakar irakaskuntza kredituen aitorpenerako eskubiderik.

Matrikula egiteko aukera dago interneten bidez edo modu presentzialean Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikineko Graduondoko Atalera joanez, 8:30etik 14:00etara bitartean. Inskripzioa egiteko inprimakia NUPeko webgunean dago jaisteko. Onartuen zerrenda abuztuaren 12an argitaratuko da Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Unibertsitatearen webgunean. Ikastaroa ez bada ematen, eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura (15 ikasle) iritsi ez delako, ordaindu diren tasak itzuliko dira, matrikula egitean ikasleak eman duen kontu korronteko zenbakian.