Joan eduki nagusira

Espezialista Titulu Berekia Ariketa Fisikoan eta Osasunean emango du 2015-16 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Mikel Izquierdo Redín NUPeko Fisioterapiako katedradunak zuzenduko du titulua, urritik aurrera emango dute, presentziala izango da eta izena emateko epea zabalik dago unibertsitatearen webean.

Osasun arloko profesionalek (fisioterapia, erizaintza, medikuntza edo  orotariko ariketa fisikoaren profesionalak) ariketa fisikoa egiteko agintzen dutenez osasuna hobetzeko, geroz eta profesional gehiago behar dira, proposatzen den titulazioaren funtsezko xedea diren esparru zientifikoetan zorrotz prestatuta daudenak.  Horretaz gainera, profesional horiek ikerketa lana indartu eta garatu behar dute beren jarduera hobetzeko eta lanean bikaintasuna erdiesteko, eta metodo zientifikoaren aplikazioan oinarritutako printzipio teorikoen, printzipio praktikoen eta balioespen printzipioen eztabaidarekin lotutako trebetasunak garatu behar dituzte.

Bizitza modernoko patologiak prebenitzeko edo hobetzeko bizi-aztura osasungarrietan prestatutako profesionalen gizarte-eskaria geroz eta handiagoa da, bai esparru publikoan, bai esparru pribatuan. Arrazoi hori dela eta, gisa horretako programa bat sortzeak interes estrategiko handia dauka Osasun Zientzien eta bizi kalitaterako eta osasuna hobetzeko teknologien esparruan.  Titulu hau zuzenduta dago lizentziadun, graduatu edo diplomadunei honako ikasketa hauetan: Fisioterapia, Kirolaren Jarduera Fisikoaren Zientziak, Giza Nutrizioa eta Dietetika, Erizaintza edo Medikuntza.

Programaren egitura bederatzi modulutan banatuta dago, eta modulu horietan prestakuntza teorikoa eta nahitaezko saio praktikoak eta borondatezkoak uztartzen dira.  NUPeko irakasleek eta osasun arloan esperientzia handia duten kanpoko profesionalek emango dituzte eskolak.

Ordainketa zatikatua eta deskontuak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren ikasturtean emango dituen titulu berekietan izen-ematea online egiten da web-orrialdearen bidez. Unibertsitateak inskripzioko kostua zatituta ordaintzeko aukera ematen du, eta hainbat entitaterekin hitzarmenak ditu maileguak baldintza berezietan jasotzeko. Gainera, NUPetik atera diren tituludunek unibertsitate komunitateko kideek ordaintzen duten prezioa ordainduko dute, baldin eta A3U Ikasle Ohiak eta Adiskideak programaren bazkide egiten badira.