Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince, NUPeko katedraduna

Humberto Bustince, NUPeko katedraduna

Ikerketa-artikulu baten arabera Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna munduan, logika lausoan aplikatutako logika intuizionistaren esparruan, eragin handienetakoa duten hamar autoreetako bat da. Aipatu zientziak aplikazioak ditu hainbat eremutan, eta horien artean erabakiak hartzeko kontuetan, irudiaren bidezko diagnostiko medikoan edota soziologian. Horretaz gainera, bere artikulu bat, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera 1996an sinatu zuena, gai horretako zientzialari nagusiek aipatu dute nazioartean.

Dejian Yu eta Shunshun Shik-ek (Txinako Zhejiang-eko Finantza eta Ekonomia Unibertsitaeeko ikertzaileak) idatzi dute artikulua, eta “Applied Soft Computing” nazioarteko aldizkarian argitaratu dute. Aldizkari hori 102 aldizkaritatik 14.a da Journal Citation Reports-en Konputazio Zientziaren arloan. Lan horretan Web of Science datu basean argitaratu diren eta logika intuizionista lausoarekin lotura duten artikulu guztiak aztertzen dira. Krassimir Atanassov bulgariar matematikariak formulatu zuen 1983an logika intuizionista lausoa.

“Gizakiok dugun informazio guztiari egia maila bat eta ez egia maila bat, zeinak ez baitu faltsutasuna adierazten, eslei diezazkiokegu -azaldu du Humberto Bustincek logika hori definitzeko-. Horrek erakusten du datuak ezezagunak direla, giza arrazoiketaren % 99 hurbilketaren bidez egiten baita”.

Printzipio hori hainbat esparrutan aplika daiteke. Esaterako, medikuntzan. “Mediku batek tumore bat ikusten duenean irudi batean, badaki ziurtasun maila jakin batekin, badaudela alde batzuk tumorearenak direnak, eta beste batzuk, tumorearenak ez direnak beharbada, beste ziurtasun maila batekin. Bi ziurtasun maila horien arteko aldeari intuizioa esaten zaio gure logikaren ikuspegitik”, esan du.

Logika intuizionista horrek arrakasta izan du irudiaren bidezko diagnostiko medikoan eta hainbat esparrutan erabiltzen diren ereduen ezagutzan, hala nola metereologia-iragarpenetan, ahotsaren, hatz marken edo aurpegiaren ezagutzan, airetiko argazkien eta satelitearen bidezko argazkien interpretazioan eta aplikazio medikoetan (esaterako, X izpien bidezko irudietan dauden irregulartasunen detekzioan).  

Azken hogeita hamar urteetako azterketa bat

Txinatar ikertzaileen ikerketak logika intuizionista lausoari buruz 1983tik (Atanassovek aurkeztu zuenetik) 2014ra arte argitaratu den guztia aztertzen du. Azterketa irizpide gisa erabili ditu lan aipatuenak, lan gehien egin dituzten eta eragin handiena izan duten zientzialariak, zientzia-aldizkari erabilienak, bitarteko sozial garatuenak eta aplikazio garrantzitsuenak. Datu meatzaritzaren teknikez baliatuz parametro horien arteko lotura guztiak aztertu dituzte.

Bigarren urrats batean, argitaratu diren lan guztien artean erreferentzia gehien dituzten hogeita hamar lanak aukeratu dituzte ikertzaileek, eta lan horien artean dauden loturak aztertu dituzte eta gainerako artikulu guztiekin dituzten loturak esparru handiago batean: logika lausoaren esparruan.  Horretarako, sare sozialen analisia erabili dute, bai zientzialarien eta bai beren lanen garrantzia zein den jakiteko modua ematen baitu, diziplina horrek etorkizunean zein ibilbide egingo duen ezagutzeko.

Emaitzen arabera, Humberto Bustince mundu mailan zazpigarren lekuan dago logika lausoan aplikatutako teoria intuizionistako autoreen artean.

Azterketaren arabera, Pedro Burillok eta Humberto Bustincek 1996an “Fuzzy sets and systems” aldizkarian (bere esparruan eragin handiena duena dela dio azterketak berak) argitaratu zuten artikulu bat hirugarren lekuan dago gehien aipatuak direnen artean logika intuizionistari buruz (Atanassovek, diziplina sortu zuenak, sinatutako bi artikuluren atzetik); eta 25. lekuan dago autore berberek 1998an argitaratu zuten beste artikulu bat.

Logika intuizionistak logika lausoan duen garrantziaren irizpidea aplikatzean, NUPeko bi katedradunek 1996an argitaratu zuten artikulua bosgarren lekuan dago. Gainerako lanetan gehien aipatu dituzten artikuluak zein diren aztertzen bada, lehen lekuan dago.

Humberto Bustinceren soslaia

Humberto Bustince Sola (Uxue, Nafarroa, 1958) Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983) eta matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994), eta unibertsitate horretan irakasten eta ikertzen du 1991. urteaz geroztik. Egun Automatika eta Konputazio Saileko katedraduna da eta adimen artifiziala irakasten die Informatika Ingeniaritzako ikasleei.

Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko NUPeko ikerketa taldearen arduraduna da, eta 155etik gora zientzia-artikulu eta nazioarteko biltzarretarako ehundik gora ekarpen egin ditu, beste autore batzuekin batera logika lausoari buruzko lau liburu egiteaz gainera.