Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan astearte honetan, maiatzaren 5ean, hasiko da hurrengo errektorea hautatzeko kanpaina. Hauteskunde Batzordeak atzo astelehenean erabaki zuen errektorea izateko asmoz aurkeztu diren bi hautagaien aldarrikapena behin betiko bihurtzea. Hauek dira: Alfonso Carlosena García, Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedraduna eta Ikerketako errektoreordea Julio Lafuenteren bi agintaldietan, eta Jorge Nieto Vázquez, Analisi Ekonomikoaren Oinarrietako katedraduna eta Irakaskuntza Kudeaketarako errektoreordea Antonio Pérez Prados errektorea izan zenean. Bozketa eguna maiatzaren 13an izango da, asteazkenean, eta botoak Arrosadiko campusean, Tuterako campusean eta Osasun Ikasketen Eskolan emango dira.

Hauteskunde kanpaina astearte honetan hasi da, zero orduetan, eta maiatzaren 12an bukatuko da, 24:00etan. Hurrengo eguna bozketa-eguna izango da. Hauteskunde eguna etenik gabe egingo da, 10:00etatik 18:00etara, salbu eta ikasleen arloko bi mahaietan. Horiek Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan eta Tuterako campusean eratuko dira, eta hauteskunde eguna etenik gabe egingo da, 12:00etatik 17:00etara.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegian eta Estatutuetan ezarritakoaren arabera, unibertsitateko kideek aukeratzen dute errektorea, hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal, libre eta isilaren bidez, NUPen aktibo dauden eta zerbitzu ematen aritzen diren katedradunen artetik. Hautesle bakoitzak hautagaitza bakar bati emango dio botoa. Boto haztatua izango da, unibertsitate komunitateko arloetan, Estatutuetan eta Hauteskunde Arautegian ezarritako ehunekoei jarraikiz. Hauteskunde prozesu honetarako egutegi osoa  www.unavarra.es orrialdean dago kontsultatzeko.