Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Lidia Almirantearena, Juan José San Martín, Alfonso Carlosena, Miguel Laparra, Ángel Iriarte eta Inés García.

Ezkerretik eskuinera: Lidia Almirantearena, Juan José San Martín, Alfonso Carlosena, Miguel Laparra, Ángel Iriarte eta Inés García.

Nafarroan gaur egun ia 30.000 pertsonako multzoa zenbatzen da pobrezia larrian, eta dinamismo ekonomikoa berreskuratzearen seinalerik ezin izan dute ia nabaritu. Horrela azaldu da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Parekotasunerako eta Gizarteratzeko Ikerketa Katedrak (CIPARAIIS) egin duen Bereizkeriari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko II. Txostenean. Txostena 300 lagunetik gora bildu dituen jardunaldi batean aurkeztu da.

Txostenaren ondorioetan ikusi da badagoela irismenean hain agresiboa ez den krisirako joera bat (bazterketa prozesu gutxiago hasten dira), baina dramatikoagoa dena polarizazio sozio-ekonomiko oso handia daukan gizartearen beheragoko mailetan daudenentzat. Ikerketaren arabera, horren arrazoiak dira langabeziaren atzerakada, enplegu berrietan kalitatea urriagoa izatea eta gizarte-babes gaietan ezarritako austeritate neurriak.

zoom Txosten honen aurkezpen jardunaldira bertaratutakoen irudi bat

Txosten honen aurkezpen jardunaldira bertaratutakoen irudi bat

Lana ezagutzera eman da, ostegun honetan, martxoaren 26an, Osasun Zientzien Fakultateko Ekitaldi Aretoan egin den jardunaldi batean. Inaugurazioaren buru izan da Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordea, eta bertan parte hartu dute Miguel Laparra CIPARAIIS Katedraren zuzendariak eta hura osatzen duten erakundeetako ordezkariek: Iruñeko eta Tuterako Cáritas, Fundación Secretariado Gitano, Nafarroako Gurutze Gorria eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sarea.

Miguel Laparrak koordinatu duen lana hamar bat ikertzaileren artean idatzi da: Txerra García de Eulate, Marta Lasterra, Nerea Zugasti, Ángel García, Paola Damonti, Sagrario Anaut, Begoña Pérez Eransus, Lucía Martínez Virto, Rubén Lasheras eta Patricia Azcona.

Lan merkatua eta langabeziaren eragina familietan

Nafarroan, BPG-ren aldeko joerarekin bost hiruhilekotan, txostenaren arabera, berreskuratze ekonomikoaren aurrerapena tentuz hartu behar da, 2014ko amaiera aldean dagoen langabezi maila handia dela eta. Hortaz, gogorarazten du hamar langabetutik sei iraupen luzekoak direla, eta, ondorioz, 2008. urtetik halako 7,5 aldiz handiagoa da, 3.600 pertsonatik 27.000ra igaro baita horien taldea. Era berean agerian geratu da hazkunde berriarekin sortzen ari diren enplegu motek joera handia daukatela prekarietaterako, lanaldi partziala luzatzeko (sarritan iruzur egoerengatik gertatzen dena) eta lan istripuen kopurua handitzeko.

Langabeziari dagokionez, txostenean gogorarazten da Nafarroa argi nabarmentzen den kokalekutik abiatu dela, baina krisian zehar izandako bilakaera okerragoa izan dela Estatuaren batez bestekoarekin eta beste erkidego autonomoen datuekin alderatuz gero. Etxeko kide bat langabezian daukaten etxeen kopurua % 7,9 izatetik 2007an, % 26,1 izatera iritsi da 2013. urtean. Horrek halako 3,3 aldiz handiagoa dela dakar, eta aldiz, Espainian, halako 2,7 aldiz handiagoa.

Txostenean azaltzen da langabeziaren eragina handiagoa dela etxeko buruak lehen mailako edo beheragoko ikasketak dauzkaten etxeetan, burua emakumea den etxeetan edo atzerriko pertsonaren bat dagoen etxeetan. Familiaren erabateko langabezi egoeretan, aurkitu dira zenbait desberdintasun nabarmen. Hala, langabezia maila zazpi aldiz handiagoa da ikasketa maila handiena dutenetik txikiena dutenetara, eta atzerritarren artean hiru aldiz handiagoa Estatuko kideen artean baino. Halaber, ikusi da langabeziak familia gazteenei eta familia burua 65 urtetik gorakoa den etxeetan eragiten duela, azken kasu honetan gertaera konplexuagoengatik: familia berriz bateratzea, etxera itzultzea edo belaunaldien arteko zatiketa geroratzea.

 Sarien murrizketak eta desberdintasunak

2009ko azaroan, langabeziaren aurkako babes sistemak langabetuen % 78,7 babesten zituen Nafarroan. 2014ko azaroan, portzentaje hori % 55,23ra besterik ez zen iristen. CIPARAIISen azterlanak emandako datuek berretsi nahi dituzte "austeritate estrategia" deitzen diren horiek, eragin handia izan baitute gastu sozialean, batez ere, 2011tik aurrera.

Gizarte zerbitzuen sistemaren murrizketei gehitu zaizkie beste zenbait babes programetako murrizketak, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza babestekoak, berariaz sektore kaltetuenei bideratuak, eta horrek, ikertzaileen ustez, biderkatu egin ditu behar egoeran daudenen kopuruak, eta zenbait kasutan emaitzak dramatikoak dira. "2012. urtean Nafarroa da gai horretako gastua gehien murriztu zuen erkidegoa, eta horrek pentsarazten digu noraino iristen den gizarte babes sistema honek daukan egiazko konpromiso kolektiboa", dio azterlanean.

Pobrezia larria egonkortu egin da onargarriak ez diren mailetan

Azterlanean kalkulatzen da Nafarroan 2014an pobrezia larriko multzoan mantentzen zen pertsona kopurua 30.000 zela. Emandako datuek erakusten dute gizarte maila baxuenean dauden familien hondatze ekonomiko larria izan dela, diru-sarrera mailan % 20tik gorako beherakada izan baitute. 2011-12 urteen artean, pobrezia larriko egoeran zeuden pertsonen kopurutik % 37,8 lanean ari zen, eta horrek, azterlanaren arabera, frogatzen du lana ahuldu egin dela gizarteratze tresna gisa.

Pobrezia larriak gehiago eragiten die adinekoei, hezkuntza maila baxukoei, langabetuei, eta guraso bakarreko familiei eta atzerritarrei. Lurraldeei begira, Erriberan daude kopuru handienak. Erriberak Nafarroako zahartze tasa txikiena badauka ere (% 18,6), egoera okerrena agertzen du adierazle sozio ekonomikoen multzoan, bereziki, desberdintasunaren adierazleetan.

Pobreziak eragin ukaezina dauka ukitutako pertsonen bizimoduan, eta gainerako biztanleek daukaten bizi kalitatetik urruntzera darama.  Etxebizitzaren eta inguruaren degradazio handiagoan, gainerako biztanleek baino osasun egoera okerragoan, parte hartze txikiagoa bizitza sozialean eta hondatze ekonomiko larrian gauzatzen da.

Azterlanak etxebizitzaren alderdia aztertu du bereziki, gizarteratzeko eta gizarte hiritartasuneko faktore funtsezkotzat hartzen baita. Txostenaren egileen ustez, krisi ekonomikoak agerian utzi du ohiko etxebizitza galtzeko arriskua areagotu egin dela. Txostenean, etxebizitzatik kanporatze egoera horretara hurbiltzeko, lau adierazle hartu dira kontuan (osasungarritasunik eza, pilaketa larria, oso oinarrizko etxebizitza eta inguru hondatua)  eta bukatzeko azaltzen du Nafarroako etxeen % 17ri eragiten diola horietakoren batek.

Elkarren ondoko krisialdiak eta gabeziaren zirkulua

Txostenean, era berean, egiaztatzen da gizarte bazterketaren egoeran dauden pertsonen errealitate sozial askotarikoa, aldakorra eta konplexua dela. Ikertzaileek bereizketa egiten dute "elkarren ondoko krisialdi" definitzen diren, eta gehienetan eragile nagusia langabezia duten ibilbide horien artean, eta "krisialdi metatu" deitzen diren horien artean, non bazterketa faktoreen batuketa gertatzen baita lehendik ere zailtasuna egiturazkoa zen guneetan.

Errealitate hori bereziki dramatikoa izan da krisialdiaren aurretik ere zaurgarriak ziren pertsonentzat, eta eraginaren intentsitatea beldurgarria izan da etxe horietan. Denbora igaro ahala, horri gehitu zaio ohiko egoeren kontrola galtzea, eta gero eta gabezia handiagoak edukitzea elikadurari, etxebizitzari, osasunari eta aisiari dagokienez. Hori da txostenaren egileek "gabeziaren zirkulua" deitzen dutena, handiagotuz joan dena  laneratzeko zailtasunarekin eta bestelako laguntzak edo prestazio sozialak jasotzeko zailtasunarekin batera.

Txostenean ondorioztatzen da austeritateak badituela bere arriskuak, murrizketak ez baitira modu homogeneoan banatzen eta gehiago eragiten baitute diru-sarrera baxuenak dauzkaten etxeetan. Hortaz, gogorarazten du Nafarroako Gobernuak gizarteratzeari eta pobreziaren aurkako borrokan hartu duen estrategia ez datorrela bat Europar Batasunak egiten dituen gomendioekin.

Azterlana egin duen taldeak egiten duen apustua da urte hauetan hondatu den giza kapitala berreskuratzea eta pertsonen babesa tartekatzen duen estrategia aplikatzea. Azaltzen duenez, RIS Gizarteratzeko Errentaren erreformek, gehiago oinarritu behar dira, estalduraren gabezien egiaztatzean eta behar handiena duten taldeen egoeran, eta horien artean aipatzen ditu guraso bakarreko familiak eta langile pobreak. Egokitzapen ahalegin bat ere eskatzen dute lan merkatutik urrutien dauden pertsonak erakartzeko, eta zerbitzu sozialen sistema publikoa erabat aldatzea, bultzatuz enplegu zerbitzuekin eta hezkuntza sistemarekin batera lana egiteko eredua.