Joan eduki nagusira

zoom Iñigo de la Parra Laita

Iñigo de la Parra Laita

Iñigo de la Parra Laita Nafarroako Unibertsitate Publikoko industria-ingeniariak zentral fotovoltaiko handien sareko integrazioa aztertu du bere doktoretza tesian. Bere ikerketaren ekarpenetako bat da patentatu den eta potentzia fotovoltaikoaren gorabeherak simulatzeko gai den modelo bat. Azaldu duenez, “puntu batean erregistratutako irradiantzia, multzokatutako zentral kopurua eta beren batez besteko luze-zabalera ezagutzea aski da potentzia fotovoltaikoaren zein gorabehera sor daitezkeen simulatzeko”.

Egun, operadoreak dituen arazoetako bat da ezin duela jakin zein potentzia-aldaketa gerta daitezkeen sisteman, hainbat zentral fotovoltaikoren elkargune diren puntuetan. "Datu hori ezagutzeko, potentzia-erregistratzaileak jar litezke zentral guztietan, baina konponbide garestia da, eta, horretaz gainera, zaila, gehienean zentralek jabe desberdinak baitituzte".

Doktoretza tesiaren izenburua hau da: “Grid integration of large-scale PV plantas” (zentral fotovoltaiko handien sareko integrazioa). Javier Marcos Álvarez eta Miguel García Solano NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak izan dira zuzendarikideak, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

“PVCROPS” (PhotoVoltaic cost reduction, Reliability, Operational performance, Prediction and Simulation) europar proiektuan barruan egin da ikerketa hori. Zazpi herrialdetako erakundeak ari dira elkarlanean bi helburu hauekin: energia fotovoltaikoaren kupoa % 30era arte areagotzea Europan, eta sistema fotovoltaikoen eraginkortasun energetikoa areagotzea % 9an, jatorri honetako kilowatt-orduaren (kWh) prezioa murrizteko.

Kostua eta errentagarritasuna

Orain arte instalazio fotovoltaikoak txikiak eta banatuak baziren ere, egun instalazio fotovoltaiko handiak eraikitzeko joera dago. Hori dela-eta jarduera-irizpide berriak (sare kodeak) erabili behar izan dituzte. Esaterako, zentral fotovoltaiko batek  sare elektrikoan denbora-tarte batean sar dezakeen potentziaren gehieneko aldaketa ezartzea.

Iñigo de la Parraren lanak konponbidea eman nahi dio egoera honi, enpresa asko aztertzen ari baitira zer behar duten instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko kode horiek betetzera behartzen duten toki batean. "Lehenik eta behin, argi dago biltegiratze sistema bat jarri behar dela, eta tesi honetan zenbatu dira zein diren energia behar horiek, bai potentziari, bai energiari dagokienez", esan du.

Instalazio fotovoltaiko batean biltegiratze sistema bat jartzeak kostu osoa (zentral fotovoltaikoa gehi biltegiratze sistema) asko igotzen du. Beraz, inbertitzaileak lortuko duen itzulkin ekonomikoa motelagoa izango da.  "Hori dela-eta, zenbat eta txikiagoa den eskatutako biltegiratze sistema, orduan eta txikiagoa izango da kostu osoa eta errentagarritasun handiagoa izango du zentralak. Tesiak erakusten du zein diren gutxieneko energia beharrak, sare kode jakin bat betetzeko, edozein mota eta tamainako zentral fotovoltaikotarako eta hainbat kontrol estrategiatarako". Alde horretatik, arrapalak kontrolatzeko estrategia bat ere patentatu da. Sistema horrek sare kode berri horiek betetzea ahalbidetzen du biltegiratze sistemaren energia behar txikienen bidez.

Azkenik,  tesiaren beste ekarpenetako bat da biltegiratze sistemarekin aurrezten dena zenbatzea energiari dagokionez. "Zenbaketa egiteko, kontuan hartzen da zentral fotovoltaikoen multzo bat. Zentral guztiak bat bakarra balira bezala aztertzen dira, eta biltegiratze sistema sare elektrikoaren nodo batean jartzen da, zentral bakoitzean biltegiratze sistema bat jarri ordez".

Iñigo de la Parra Laitak industria-ingeniariaren titulua lortu zuen NUPen (2010), eta INGEPER ikerketa taldeko kidea da (ingeniaritza elektrikoa, potentzia elektronika eta energia berriztagarriak). Energia fotovoltaikoko sistemekin lotutako gaietan lan egiten du ikerketa talde horretan. Lau artikulu argitaratu ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan, eta bi artikuluren egilea da nazioarteko zenbai biltzarretan. Bere doktoretza tesiaren emaitza gisa bi patente garatu dira, eta erakunde publikoek finantzatutako I+G-ko bi proiektutan eta enpresa pribatuek (Acciona Energía S.A.) finantzatutako bi proiektutan parte hartu du. 2014an eta PVCROPS europar proiektuaren barruan nazioarteko lau mintegi eman zituen (Amsterdam, Munich, Brusela eta Évora)