Joan eduki nagusira

zoom Bekadunak Katedraren zuzendariarekin, Begoña Pérez Eransus (ezk.), eta Rubén Las Heras kudeaketariarekin, (esk.).

Bekadunak Katedraren zuzendariarekin, Begoña Pérez Eransus (ezk.), eta Rubén Las Heras kudeaketariarekin, (esk.).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau ikaslek  Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak sustatutako ikerketarako beka bat erdietsi dute Gizarte Behatoki iraunkor bat abian jartzeko. "La Caixa" Fundazioak finantzatu ditu beka hauek, gizarte arloko azterlanei lotutako ikerketa garatzera bideratuta daude eta sei hilabetekoak dira.

Gizarte Behatokiaren xedea da krisialdiak lan merkatuan eragin dituen ondorioen, ahultasun espazioen, gizarte babeserako sistemen edo partaidetza politikoaren jarraipen dinamikoa egitea ahalbidetuko duten adierazleak edukitzea.  Bekak Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko Masterrean edo graduondo honi lotutako Aditu titulu berekietan matrikulatutako ikasleei zuzenduta daude. Zehatz-mehatz, beka hauen onuradunak dira Leire Poyato Maiztegui, Berta Alba Moneo Estany eta Iñaki Romeo Torres; izan ere, guztiak Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko Masterrekoak, eta Víctor Sanchez Salmeron, Inmigrazioan eta Gizarte Esku-hartzean Aditu titulu berekian matrikulatua dagoena.

UNESCO Katedraren helburuen artean dago egoera ahulenean daudenen egoera sozialaren ezagutzari lotutako ikerketa eta zabalkundea. Instituzio honen xedea da, halaber, analisirako tresna arin eta dinamikoak ematea, egungo gizarte-errealitatearen aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko bizkorretara egokitzea ahalbidetuko dutenak.

Hori dela-eta, informazioa etengabe biltzeko eta aztertzeko tresna bat antolatzea pentsatu da. Gizarte errealitatearen oinarrizko adierazleek osatuko dute tresna hori, eta adierazleak hainbat esparrurekin lotuta daude, besteak beste enpleguarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin,  elkarte sarearekin, parte-hartze soziopolitikoarekin, gizarte politiketarako sarbidearekin eta gizarte bazterketarekin.

Informazio iturri eguneratua

Hori gauzatuko da Gizarte Behatoki hori abian jartzen denean, informazio dinamikoa gizartearen eskura jartzean, egungo egoeraren ezagutza errazteko, egoera ahulenean daudenen errealitateari buruz sentsibilizatzeko eta erabaki kolektiboak hartzera bideratutako parte-hartze sozial eta politikoa sustatzeko xedez. Azken batean, xedea da Gizarte Behatokia aldizkako informazio-iturri eguneratu bat izatea, tokiko esparruan eztabaidak sustatzeko gaitasuna izango duena.

Beka honetarako izangaiek ikerketa proiektu baterako ideia aurkeztu behar zuten, zeinean Gizarte Behatoki hau garatzeko erabiliko diren ikerketa lerroen eta adierazle dinamikoen proposamen bat azalduko baitzen.