Joan eduki nagusira

zoom Leire Ibáñez Larrea

Leire Ibáñez Larrea

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru graduatuk (bi Zuzenbidekoak eta bat Haur Hezkuntzako Irakasle Gradukoa) Jaime Brunet Giza Eskubideei eta Garapenerako Lankidetzari emandako Jaime Brunet Unibertsitateko I. Saria irabazi dute ex aequo. Izen bereko Fundazioak ematen du saria. Saria 2.000 eurokoa da, eta ikasle bakoitzari egiaztagiri bat ematen zaio. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu amaierako lanak saritzen dira.

Leire Ibáñez Larrea (Iruñea, 1992), Inés Molina Álvarez (Iruñea, 1992), biak Zuzenbideko tituludunak, eta Ainhoa Remacha Irure (Iruñea, 1977), Haur Hezkuntzako irakaslea, dira irabazleak.

Leire Ibáñez Larrea Giza Eskubideen Nazioarteko Babesari buruzko Master bat egiten ari da Alcalá de Henareseko Unibertsitatean (Madril), eta “Giza Eskubideen nazioarteko babesa: jurisdikzio unibertsalaren printzipioa eta bere tratamendua Espainiako legerian” izenburua daukan gradu amaierako lana aurkeztu zuen. Lan horretan jurisdikzio unibertsalean sinesten duten estatuen eta beren subiranotasunaren parte bat utzi eta, beren hiritarrak hirugarren herrialdeetan edo Nazioarteko Zigor Auzitegian epai ditzaten nahi ez dutelako, jurisdikzio unibertsala auzitan jartzen duten estatuen arteko tirabirak aztertzen ditu. Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Publikoko Saileko irakasleak zuzendu zuen proiektu hori.

zoom Inés Molina Álvarez

Inés Molina Álvarez

Bestalde, Inés Molina Álvarezek lan hau aurkeztu zuen: "Espainiako Konstituzioa eta kulturaniztasuna: emakumezkoen erlijio ikur islamikoen problematika juridiko-konstituzionala Espainian". Alejandro Torres Gutiérrez Zuzenbide Publikoko Saileko katedradunak zuzendu du lana, eta ikerketak erlijio ikur islamikoen arazoak aztertzen ditu erlijio askatasunerako oinarrizko eskubideari jar dakizkiokeen mugen ikuspegitik. Konstituzioaren 16. artikuluak jasotzen du aipatu eskubidea. Inés Molina da lanaren egilea eta Oinarrizko Eskubideei eta Botere Publikoei buruzko Masterra ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.

Azkenik, Ainhoa Remacha Irurek "Proiektuen araberako lan metodoa landa testuinguruetan eta sozialki baztertuta dauden testuinguruetan" ikerketa aurkeztu zuen. Olga Belletich Ruiz Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak zuzendu du lana. Peruko iparraldeko eremu txiro batean dagoen landa eskola bateko hezkuntza-berrikuntzako eredua nola jarri den abian jasotzen du lanak. Eredu horren helburua zen hezkuntza komunitateko kideek parte har zezatela arazo hau konpontzen: hondakinen isurketak ingurunean eragindako kutsadura. Egileak lekuan bertan izandako esperientzia jasotzen du proiektuak. Unibertsitatearen Prestakuntza Solidarioa Programan parte hartu zuen 2013an. Programa hori garapenerako lankidetzara orientatuta dago. Ainhoa Remacha NUPen Gizarte Lanean diplomaduna ere bada, eta esperientzia dauka Nafarroako ikastetxeetan haur hezkuntzako eta ingelesezko irakasle lanean eta Gurutze Gorria Gazterian eta Asociacion Navarra Nuevo Futuron hezitzaile lanean. Hezkuntzako Berrikuntzako eta Ikerketako Masterra ikasten ari da UHUNen.

Ainhoa Remacha IrureJaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia

NUPeko hiru irakasle osatu dute Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia:José María Rifá Soler (Zuzenbide Publikoko Saila) eta Antonio Gorri Goñi (Gizarte Laneko Saila) katedradunek eta Francisco Javier Blázquez Ruiz (Zuzenbide Publikoko Saila) unibertsitateko irakasle titularrak.

Aurten, lehenengo aldiz, Jaime Brunet Fundazioak eman du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik. Giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta saritzen du azken sari honek. Hala ere, Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzeko interesa zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko urtero.

Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, 1992) Zuzenbidea ikasi zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta bertan irakasle laguntzaile gisa aritu zen aldi batez. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.