Joan eduki nagusira

Ostegun honetan, azaroak 27, egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Tesia 3 minutuan lehiaketaren finala. Sarioko 04 ikasgela erantsian egingo da 19:00etatik aurrera eta sarrera librea izango da. Lehiaketak beren lanaren garrantzia eta gizarteari egiten dion ekarpena, espezializatua ez den publiko baten aurrean, hobekien azaltzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoan prestakuntza aldian dauden ikertzaile gazteak saritzen ditu. Ikerketa-lan luze bat, tesien kasuan hainbat urte irauten duena, hiru minutuan jendaurrean azaltzen da.

Lehiaketak hiru modalitate dauzka sari banarekin. Doktoretza tesien modalitatean, saria 1.000 eurokoa da, eta master amaierako lanetan eta ikasketen amaierako proiektuetan sari bakoitza 500 eurokoa da. Guztira, 16 lehiakide iritsi dira finalera, eta horietatik zortzi doktoretza tesien modalitatekoak dira, beste hiru gradu/ikasketen amaierako proiektuen modalitatekoak eta bost master amaierako lanekoak. Parte hartzeko hurrenkera lehiaketaren web orrialdean dago.

Edizio honetako berritasunetako bat da Nazioarteko Bikaintasuneko Iberus Campus osatzen duten unibertsitate guztietako ikasleek parte hartzen dutela doktoretza tesien modalitatean. Zehazki, Lleidako Unibertsitateko ikasle bat eta Errioxako Unibertsitateko ikasle bat iritsi dira finalera.

Halaber, finalera iritsi diren parte-hartzaileen lanak Nafarroako Radio Nacional de Españaren bidez zabaldu dira, kate publikoaren eta NUPen artean izenpetu den hitzarmen bati esker. Kasu honetan, finalistek ahalegin osagarri bat egin behar izan dute, eta beren ikerketen lana minutu batean laburtu.

Tesia 3 minutuan izeneko lehiaketaren bidez, etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu. Ikerketaren edo proiektuaren garapena gehienez hiru minutuan azaltzeko erronkari aurre egin behar diote parte-hartzaileek, eta hizkera erraz, ulergarri eta jendeari orokorrean iristeko modukoan egin behar dute. Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordea da epaimahaiburua, eta Ikus-entzule ez espezializatuei ideiak eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna balioetsiko du epaimahaiak.