Joan eduki nagusira

zoom : Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planaren barruan programatutako gosariaren irudi bat

: Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planaren barruan programatutako gosariaren irudi bat

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hurrengo ostegunean, urriak 2, lasterketa osasungarri bat egingo du. Ikasleek ariketa fisikoa egin dezaten sustatzea da lasterketaren helburua. Arrosadiko Campusean egingo da 13:00etan, eta inskripzioa doakoa da. Ekimena 2014-15 ikasturtean, Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planaren barruan, egingo diren jardueretako bat da. Gaur egin da lehenengo jarduera. Gosari bat izan da, eta bertan produktu osasungarriak kontsumitzera gonbit egin zaiei ikasleei.

Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planaren helburua da osasuna bere osotasunean sustatzeko ekimenak abian jartzea, bai ikasleei zuzenduak eta bai irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzenduak. Plana Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuarekin sustatzen da , eta urtero ikasleei zuzendutako hiru beketarako deialdia egiten da osasun eragile gisa lagundu dezaten programatutako jardueren dibulgazioan.

Jarduera horien helburua da unibertsitateko komunitateko kideen jokabide osasungarriak indartzea eguneroko bizitzako hainbat esparrutan. Programan sartutako osasun-eragileak lehen mailako informatzaileak izango dira beren mailako jendearentzat (ikasleentzat, alegia), eta osasun sustapenean aktiboki jardun dezaten saiatuko dira. Ikasturte honetan programatutako lehenengo jarduera gosari osasungarri bat izan da. Gaur, osteguna, egin da Ikasgelategiko kafetegiaren ondoan.

Ikasle bekadunek liburuxka txiki bat banatu dute, gosari osasungarri bat egiteko aholkuak eman eta eguneko lehenengo otordurako elikagai osasungarriak aipatzen dituena. Kaloria gutxiko gosariak, mokofinentzako gosariak, energia handiko gosariak edo kirolariei zuzendutako gosariak egiteko proposamenak zeuzkan liburuxkak. Produktu osasungarri eta ekologikoak egiten dituzten hainbat enpresak laguntza eman dute kanpainan, hala nola Productos Ekolo, zukuak eman dituena, edo Orrio eta Arguiñáriz okindegiak.

Inskripzioa lasterketan

Lasterketa osasungarrirako inskripzioa doakoa da, eta gaur ireki da epea gosari osasungarriak aurkezteko sortu den gunean. Nolanahi ere, interesa dutenek zilegi dute proba hasi baino lehentxeago inskripzioa egitea. Hitzordua Arrosadiko Campuseko Ikasgelategiaren eta eta Liburutegiaren artean dagoen gunean egingo da.