Joan eduki nagusira

zoom Ignacio R. Matías Maestro, NUPeko Teknologia Elektronikoko katedraduna

Ignacio R. Matías Maestro, NUPeko Teknologia Elektronikoko katedraduna

Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutuak, diziplina honetan munduan dagoen elkarterik garrantzizkoenak, Ignacio R. Matías Maestro Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko katedradunari eman dio Meritorious Service Award saria (zerbitzuagatik merezimenduzko saria) gaian izan duen aparteko lidergotzagatik, egindako lanagatik eta aipatu erakundeari etengabeko laguntza emateagatik. Saria azaroaren 4an emango da, IEEE Sensors 2014 Nazioarteko Konferentziarekin bat, aurten estreinako aldiz egingo dena Espainian.

IEEE nazioarteko institutu bat da, irabazi asmorik gabea, berrikuntza eta bikaintasun zientifiko-teknologikoa sustatzea xede duena. Erakundea 38 elkartetan banatua dago, 138 aldizkari dauzka, 300 konferentziatik gora dauzka eta 900 estandarretik gora ezarri ditu. Elkarte horietako bat, sentsoreen komunitate zientifikoa dagoena, IEEE Sensors, da Ignacio R. Matías NUPeko irakasleari “IEEE 2014 Sensors Council Meritorious Service Award of the year 2013” izeneko saria eman diona.

IEEE institutuaren jatorria 1884. urtean dago New Yorken. Bere kideen bidez, ia 400.000 boluntario 175 herrialdetan, IEEE institutua autoritate liderra eta prestigio handienekoa da bai arlo teknikoetan (ingeniaritza konputazionalean, teknologia biomedikoan eta aeroespazialean) bai, besteak beste, honako arlo hauetan: energia elektrikoa, kontrola, nanoteknologia, telekomunikazioak eta kontsumo elektronika.

Ignacio R. Matías Maestrok, hamabost urte baino gehiagotan, bere ikerketa jardueraren parte handi bat eman du IEEE Sensors institutuak ordezten duen sentsoreen arloko komunitate zientifikoaren ospea handitzen. Beste merezimendu batzuen artean, aipatu behar da IEEE Sensors Journal aldizkari entzutetsuaren kide fundatzaileetako bat izan zela, non gaur egun topical senior editor kargua betetzen baitu. Aldizkariaren lau ale bereziren koordinatzailea izan da eta, hainbat ediziotan, sentsoreei buruzko urteko artikulu hoberena, ikasleen lan hoberena eta halakoak hautatzeko batzordearen koordinatzaile lana egin du. Halaber, IEEE Sensors konferentzian parte hartu du egile, sesion chair eta “tutorials” deiturikoen arduradun moduan.


Ibilbide zabala


Ignacio R. Matías Telekomunikazio ingeniaria (1992) eta Telekomunikazioko ingeniari doktorea da (1996), Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan. 1996. urtean jaso zuen MUPeko doktoretza tesi hoberenari aparteko saria. Bi urte geroago irakasle titular lanpostua erdietsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean, eta 2006. urtean Unibertsitateko katedradun lanpostuaz jabetu zen.

70 bat ikerketa proiektutan parte hartu du, finantzaketa publikoa edota pribatua izan dutenetan. Lan horien ondorioz, 15 asmakuntza-patente eta jabetza intelektualaren 6 egile-eskubide (copyright) eskuratu dira. Kide fundatzaile izan da 5 spin-off enpresatan, 6 sari jaso zituztenak: IDEACTIVA (1999, 2005, 2009 eta 2011) eta 2 “Crea EIBT” (2008 eta 2011), Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroaren eskutik, eta baita ENISA 2007 saria ere.

165 artikulu argitaratu ditu eragin handia duten nazioarteko ikerketa aldizkarietan. Gainera, onartu dizkiote ia 170 komunikazio entzute handiko nazioarteko biltzarretan (horietako 14 gonbidatuak izan ziren). Era berean, sentsore sareei eta datuei eta elektronika digitalari buruzko 6 libururen egilea da; 13 kapitulu zientifikoren egilea beste hainbeste nazioarteko liburutan; eta beste 3 kapitulurena zuntz optikozko sentsoreei buruzko nazioarteko hainbat entziklopediatan.

Jaso dituen sarien artean aipatu behar da 2003. urtean Nafarroako Kutxa Ikerketa Saria eman ziotela Zientzia Zehatzen eta Medikuntza eta Teknologia Zientzien modalitatean, eta 2007an Nafarroako Urteko Ingeniari izendatua izan zela.

Bete dituen irakaskuntza karguei dagokienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea izan da 1999. urtetik 2006. urtera, eta zuzendaria 2009. urtetik 2014ko irailera.