Joan eduki nagusira

zoom Biltzarrera joandakoak taldeko argazki batean (argazkia, Gabriela Brändle)

Biltzarrera joandakoak taldeko argazki batean (argazkia, Gabriela Brändle)

Europako Nekazaritza Ingeniarien Elkarteak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Diseinu Mekanikoko ikerketa taldeari eman dio 2012 eta 2013. urteetako Biosystems aldizkarian argitaratutako artikulu hoberenei hiru sarietako bat. Saritutakoa Ignacio Arana, Tomás Ballesteros, Amaya Pérez de Ezcurdia eta José Ramón Alfaro ikertzaileek egin zuten lana da, iraulitakoan babesteko segurtasun arku autohedagarri baten prototipo bat garatu baitzuten traktore estuentzat.

Artikulu hoberenari sariak banatu dira EurAgEng European Society of Agricultural Engineers elkarteak Zurichen (Suitza) uztailaren 6tik 10era bitartean egin duen biltzarrean. Biosystems aldizkariak 2012 eta 2013. urteetan argitaratu dituen artikulu kopurua 300etik gorakoa izan da.

Nekazaritzan gertatzen diren heriotzen kausa nagusia da babesteko egitura bat ez duten traktorearen iraulketaren ondorioz. Kasu askotan, ibilgailuek iraulitakoan babesteko segurtasun arku hedagarria eduki arren, arkua ez dago hedatua iraultzeko unean. “Arazoa da —azaldu du Ignacio Aranak— traktore gidariak lanera joaten direnean, esaterako, mahastira edo lursailera, arkuak biltzen dituztela, eta ondoren ez dituztela hedatzen. Ondorioz, irauliz gero, arkua bilduta badago, ez du ezertarako balio eta traktore gidaria azpian harrapatuta hiltzen da”.

Arazo hori gainditzeko, Tuterako campuseko ikerketa taldeak bi dimentsiotan ejektagarria den arku baten prototipoa diseinatu eta fabrikatu zuen, eta saiakuntzak egin zituen. “Guk garatu dugun irtenbidea aurrealdeko arku bat da, azkar eta automatikoki hedatzen dena airbag puzgailuen bidez —dio Aranak—. Saiakuntzak egin ditugu John Deere C 60 traktore batekin, eta lurraren gainean 60 graduko inklinaziora iristen denean, jarrita daukan inklinometroak airbag puzgailuak aktibatzen ditu. Arkua hedatzen da, eta segurtasun posiziora iristen da 112 milisegundotan. Sistemak ongi funtzionatzen du, zeren hedatzeko denbora iraultzekoa baino laburragoa baita”.

Ikerketaren lehen partea Europako Nekazaritza Ingeniarien Elkartearen Biosystems aldizkarian argitaratu zen, 2013ko irailean. Gaur egun, egileek lanaren bigarren partea osatu dute, eta hori beste artikulu bateko gaia izango da.