Joan eduki nagusira

zoom Abián B. Socorro Nafarroako Unibertsitate Publikoko sentsoreen laborategian

Abián B. Socorro Nafarroako Unibertsitate Publikoko sentsoreen laborategian

Abián Bentor Socorro Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza ikaslea da, eta doktoregaien ekarpen zientifiko onenaren saria irabazi du, bere kategorian, Optical Fibre Sensors 23. biltzarrean. Biltzar hau munduan egiten den zuntz optikari buruzko biltzarrik ospetsuenetakoa da. Saritutako lana zeliakia atzemateko biosentsore baten garapenari buruzkoa da. Zeliakia gaixotasun bat da, eta bere ezaugarria da glutena jaten duten gaixoek erantzun autoimmune bat sortzen dutela.

Biosentsorea molekula biologikoak erabiltzen dituen tresna bat da, biomolekula interesgarriak atzemateko. Sarituak azaltzen duenez, biosentsore bat garatzeko zailtasun handienetako bat atzemate-mailan gertatzen da. "Odol analisi baten bidez, pertsona bati atzematen ahal zaizkio 8 eta 10 mikrogramo antigliadina antigopurtza, mililitro bakoitzeko -antigliadina zeliakia atzemateko erabiltzen den adierazleetako bat da-. Gure biosentsorearekin 5 mikrogramo mililitroko atzematera iritsi gara, eta horrela gaur egungo muga klinikoak jaisten dira".

Ikasleak arlo honetan jaso du saria: "Sentsore kimiko, bilogiko, mediko eta ingurumenekoak". Arlo horretako saria SPIE elkarteak (Instrumentazio Foto-optikozko Ingeniarien Elkartea) babesten du, eta hauxe da: diploma bat, trofeo bat eta laurehun euro. SPIE da Optical Fibre Sensors biltzarra antolatzen duen elkartea, aurten ekainaren 2tik 6ra Santanderren egin zena. Jesús M. Corres, Ignacio del Villar, Francisco J. Arregui eta Ignacio R. Matías NUPeko ikertzaileek lagundu dute Abián B. Socorroren lanean.

Zuntz optikoan oinarrituta

Zeliakoek aski bizi-kalitate ona daukate, glutenik gabeko dieta zorrotza egiten badute. Ikerketa talde askok ahalegin handiak egiten dituzte sentsoreak garatzeko, gaixotasun honen eta beste batzuen diagnostiko goiztiarra egiten laguntzeko.

Saritu den biosentsorearen oinarria ezaugarri jakin batzuk dituen zuntz optiko bat da (estututako zuntz monomodo bat da, NUPeko spin-offa den NadeTech Innovationsen prototipo batekin fabrikatua). Zuntz honek emaitza hobeak ematen ditu, bere bidez hedatzen den argiaren eta inguruaren arteko elkarreragina handiagotzen duelako, eta gainera, "neurrien erresoluzioaren hobekuntza bat gertatzen da; hau da, aldaketa oso txikiak bereizteko gaitasunean. Hau oso garrantzizkoa da, aldagai medikuetako aldaketa txikiek ondorio esanguratsuak eduki dituztelako gaixoentzat. Horregatik, hobeki atzematen bada, diagnostikoa eta medikuaren esku-hartzea, hau beharrezkoa bada, hobetzen laguntzen du".

Biosentsorea eraginkorra izateko, egin behar den lehen gauza da substratua, zuntz optikoa alegia, funzionalitzatzea. "Materialak jalkitzen ditugu eskala nanometrikoan, funtzio bikoitzarekin: batetik ez dituzte erabiltzen ditugun substantzia biologikoak kaltetzen, eta bestetik guk neurtu nahi dugun fenomenoa sortzen dute". Fenomeno hori argiaren absortzio mota bat da, uhin-luzera jakin batzuetan izaten dena, eta galera moduen erresonantzia edo LMR deitzen dena (ingelesez lossy mode resonance).

Zeliakia atzemateko, gariaren gliadina (glutenak duen proteina) erabili zuten, antigliadina antigorputzak erakartzeko. "Gliadina biosentsorearen goiko geruzetan finkatzen denean, hau antigliadina antigorputzak dituen disoluzio batean murgiltzen da. Antigorputzak gliadinari atxikitzen zaizkionean, zuntz optikotik zehar barreiatzen den argiak sortzen duen erresonantziaren uhin-luzera aldatzen da. Aldaketa hau neur daiteke, eta antigorputzik dagoen edo ez jakin daiteke, eta horri esker gaixotasuna atzematen da".

Abián B. Socorro NUPeko telekomunikazio ingeniaria da, non egin baitzuen Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Biomedikoan. Komunikazio Optikoen eta Aplikazio Elektronikoen ikerketa taldearen barruko Sentsoreen Laborategian egiten ari da doktoretza. Gaur egun ikerketa egonaldi bat egiten ari da University of Southern California unibertsitatean, "Armani Research Lab” ikerketa taldean. 2012an “Trends in Nanotechnology 2012” (nanoteknologiako joerak) biltzarrearen batzorde antolatzaileak sari bat eman zion, poster batengatik, zeinean laburtzen baitzuen aplikazio medikoak dituzten zuntz optikozko biotsensoreen garapenean egindako lana.