Joan eduki nagusira

zoom Tomás Belzunegui, jasotako saria aldean duela, Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Tomás Belzunegui, jasotako saria aldean duela, Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Tomás Belzunegui Otano Nafarroako Ospitaleguneko larrialdietako mediku atxikiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasle elkartuak larrialdietako ikerketaren Pepe Millá sari nazionala jaso du. Saritutako ikerketak Nafarroako Larrialdi Sistemak artatutako gaixo politraumatizatuen ezaugarriak, osasun laguntzaren kalitatea eta gaixoen heriotza eragin zuten faktoreak azaltzen zituen, eta horretarako heriotza tasa aurreikusteko eredu matematiko bat garatu zen. Lana burutzeko esparru nazionaleko politrauma operatiboari buruzko lehenengo datu basea sortu da.

Datu baseak Lizarrako, Tuterako eta Nafarroako Ospitaleguneko ospitaleetan 2010etik aurrera jasotako erregistroak dauzka. Ikerketaren emaitzek erakutsi zuten aldaketa bat egon dela gaixo politraumatizatuen ezaugarrietan. “Sekulako aldaketa bat egon dela ikusi dugu —esan du Tomás Belzuneguik—. Lehen, kasu gehienak trafiko istripuak zirela-eta politraumatismoak zituzten gazteak ziren. Gai horretan hartu diren neurriak, nire ustez oso egokiak izan direnak, direla-eta, kasu horien kopurua nabarmen jaitsi da, eta gauza bera gertatu da alturatik erortzeagatik izan diren lan istripuekin". Hala ere, datu aipagarrienetako bat da badagoela pertsona kopuru gero eta handiago bat, % 30 ingurukoa, politraumatismoa duten gaixoen multzoan sartu dena. "Pertsona adindunak dira, erori eta garrantzi gabekoa dirudien kolpetxo bat hartzen dute, baina sarri garezurreko lesio larriak izaten dira, eta heriotza eragin dezakete".

Saritutako lanean parte hartu zutenak hauek dira: José Antonio Sanz eta Adrián Barbachano NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko GIARA taldeko ikertzailea; Carlos Gradin, NUPeko Osasun Zientzien Sailekoa; Ana Cabodevilla, Nafarroako Ospitalekoa, Mariano Fortún, Lizarrako Ospitalekoa; eta SOS Nafarroako profesionalak, osasun laguntza emateko denborari buruzko informazio aipagarria eman zutenak.

Lehen datu-base hau sortu izanak Europako base handietara jotzeko modua emango du, "haiekin konparatzeko, ongi edo gaizki zer egiten dugun eta zer alda genezakeen ikusteko".


Heriotza tasan eragiten duten faktoreak


Oso modu oinarrizkoan, Belzunegui doktoreak esan du politraumatismoa daukan pertsona bat "osasun sistemak ongi edo gaizki egiten duenari onura ateratzen dion hura dela. Hau da, ongi artatzen bada, bizirik irauten du; gaizki artatzen bada, hil egiten da. Eta hau ez da gertatzen beste patologia batzuekin, esaterako, orkatilako zaintiratu batekin, artatzen baduzu edo ez baduzu, ia emaitza bera izango da: bakarrik sendatuko da". Europako datu-baseek badaukate larritasun adierazle bat (INSS), estimazio bat egiteko aukera ematen duena, eta, gaixoak dituen lesioen arabera, pertsona batek politraumatismoa daukan edo ez kalifikatzeko aukera ematen duena.

NUPeko Automatika eta Konputazio Sailaren lankidetzarekin heriotza-tasa aurreikusteko eredu matematiko bat finkatu zen. Politraumatismoa zeukaten gaixoek bizirik irauteko zein faktore edo aldagai ziren erabakigarriak jakin nahi zen. “Erregresio logistikoa izeneko estatistika bat da, koktelontzi batekin konparatzen dudana —azaldu du Belzuneguik—: Zure ustez analisi horren barnean egon daitezkeen aldagai guztiak koktelontzi batean sartzen dituzu, eta gero kaltetuen heriotzarako benetan erabakigarriak diren aldagaiak aukeratzen ditu metodo horrek.

Aztertutako aldagaien artean zeuden adina, sexua, gaixoarekin lotutako gaixotasunak, erasoen eta abarren larritasuna eta intentsitatea (aiztoaz edo su-armaz egindako zauriak daudenean), eta mediku jardunari buruzko beste aldagai batzuk (noiz iristen den ospitalera, intubazioa egiten den edo ez, zenbat denbora behar izan den eskanerra egiteko, kirofanoan sartzeko, ebakuntza gelan sartzeko, etab.) "Bukaeran, konturatu ginen gaixoen heriotza ez zutela eragiten osasun laguntzarekin lotutako aldagaiek, esate baterako erantzuna emateko denborak. Alderantziz, beste faktore batzuk zeuden tartean: gaixoaren hauskortasuna, adina, lotutako gaixotasunak, etab."

Ikertzaileek emaitzak konparatu zituzten Ipar Amerikako beste azterketa batzuetan lortutakoekin, "eta alde txiki batzuk baino ez daude. Esaterako, haien ustez zauri sakonen aldagaiak badauka eragina, baina gure ereduan ez da agertzen, beharbada hemen eraso kopuru txikiagoa eta han baino intentsitate txikiagokoak ditugulako".


Ikerketa osasunean


Tomás Belzunegui “Gaixo politraumatizatuari buruzko ikerketa taldearen” burua da. Talde hori Navarrabiomed-en eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan erroldatua dago. Talde horri hainbat ikerketa-laguntza eman dizkiote Carlos III Institutuak, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak eta Europako Batzordearen DG-SANCOk, eta horrela Traumako lehen datu-basea sortu da. Taldearen etorkizunari begira, esparru nazionaleko datu-base edo erregistro bat sortuko da, gaixo politraumatizatuaren azterketan interesatuak dauden europar erakundeekin lankidetzan aritzea ahalbidetuko duena. Horren bidez konparazioa egin eta larrialdi sistema hobetuko litzateke, esparru horretan heriotza-tasa jaisteko helburuarekin.

Saritutako lanaren izenburua honako hau da: “Major trauma registry of Navarre (Spain): the accuracy of different survival prediction models” [Nafarroako (Espainia) politraumatismo erregistroa: biziraupena aurreikusteko hainbat ereduren zehaztasuna]. Epaimahaiak eragin faktorearekin indexatutako aldizkarietan argitaratutako 15 artikulu hautatu zituen lehenengo, eta horien artean 3 finalista hautatu zituen gero. Talde egonkor, diziplina anitzeko eta egindako ikerketan garrantzia zeukan baten lana izatea balioetsi zuen. “Gure taldeak hamar urte daramatza lanean —azaldu du Belzuneguik—, diziplina anitzekoa (laguntza sistemako hainbat mailatako medikuak eta NUPeko ikertzaileak dituena) eta, horrez gainera, badaukagu produkzio zientifiko bat: hiru doktoretza tesi, abian dauden beste lau eta artikulu ugari.”