Joan eduki nagusira

zoom Enpresa Berrikuntzarako Mintegiko partaideak amaiera ekitaldira gonbidatuta zeudenekin

Enpresa Berrikuntzarako Mintegiko partaideak amaiera ekitaldira gonbidatuta zeudenekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoak amaiera eman dio gaur, asteazkenean, maiatzaren 7an, Enpresa Berrikuntzarako XIX. Mintegiari. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez antolatzen duen ekimen horretan 35 ikaslek hartu dute parte. Koldo Saratxaga aholkularia amaierako ekitaldian egon da, Nicolas de Oresme Aretoan, eta "Estilo berri bat beharrezkoa da" izeneko hitzaldia eman du. Ekitaldiaren buru izan da Paloma Vírseda, Enpleguaren eta Ikasleen Gaietarako errektoreordea, eta berarekin egon dira Roman Felones, Gizarte Kontseiluko burua, eta Javier Merino Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea eta mintegiko arduraduna.

Koldo Saratxaga ezaguna da lan giroko antolakuntza-sistemen eta giza harremanen berrikuntza-proiektuetan egin duen lanarengatik eta lortu duen arrakastarengatik. Bere ibilbide profesionalaren zati esanguratsu bat kooperatibetan garatu da, eta bere esperientziarik nabarmenena Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Irizar S. Coop. enpresan garatu zen. Koldo Saratxagak 1991ean hartu zuen proiektu horren erantzukizuna, enpresa teknikoki kiebran zegoenean, eta hamarkada baten buruan mundu osoan erreferentzia bihurtu zuen, bere bikaintasuna dela-eta. Saratxagak hainbat sari irabazi ditu zuzendaritzako kide moduan egindako lanarengatik, eta liburu hauek argitaratu ditu: "Un Nuevo Estilo de Relaciones" eta "El éxito fué la confianza". 2005. urtean K2k Emocionando, S.L. enpresa sortu zuen. Enpresa horretatik hainbat enpresa proiekturen aholkulari aritzen da, proiektu horiek publikoak eta pribatuak direlarik. Irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustukoan, Mondragonekoan eta Nafarroako Publikoan (NUP), baita irakasle gonbidatua ere IESEn.

Bestalde, Enpresa Berrikuntzako Mintegi honetako gainerako hizlariak honako hauek izan dira: Jesús Lamberto, Yaysiko kontseilari delegatua; Mikel Armendáriz, Gamesako zerbitzuetako salmenta-burua; Roberto Mercero Igoa, Telefónicako zuzendaria Nafarroan; Juan Miguel Floristán Floristán, Florette Ibéricako zuzendari nagusia; eta Mª Eugenia Lecumberri Alli, SODENAko inbertsioetarako zuzendaria.

Espiritu ekintzailea sustatzea

zoom Koldo Saratxaga, eskuinean, haren hitzaldian

Koldo Saratxaga, eskuinean, haren hitzaldian

Enpresa Berrikuntzarako Mintegiaren xedea da unibertsitate komunitatean espiritu ekintzailea sustatzea, eta topagunea sortzea hainbat lizentziatura eta ingeniaritzatako kideen eta beren izaera berritzaileagatik eta ehun enpresarialari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren sektoreetako zuzendarien artean. Egitarauan sei hitzaldi ere badaude, beren ibilbide arrakastatsuen gakoak azaltzen dituzten prestigio handiko sei profesionalek emateko. Prestakuntza osatzeko, sormen lantegi bat egingo da negoziorako ideiak sortzeko eta amaierako lan bat egingo dute taldeka. Balioespena aldekoa bada, ikasleek hautaketa libreko hiru kreditura arte eskatuko dituzte curriculumerako.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioetako azken ikasturteetan dauden ikasleei zuzendu zaie mintegia, eta haien hautaketa egiteko alderdi hauek hartu dira kontuan: aurkeztu duten proiektu profesionala, hizkuntzak menderatzea, nazioarteko mugikortasunerako proiektuetan parte hartu izana eta ekimen zein lidergorako gaitasuna. Zehazki, edizio honetan parte hartu duten ikasleak ikasketa hauetakoak dira: AEZLko, Industria Ingeniaritzako, Ekonomiako, Informatika Ingeniaritzako eta Enpresa Zientzietako laugarren eta bosgarren mailakoak.