Joan eduki nagusira

zoom Margarita Apilluelo

Margarita Apilluelo

Margarita Apilluelo Martínek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Saileko irakasleak, liburu bat argitaratu du, eta liburu horretan prestatzeko eta ikasteko kontratuaren giltzak aztertu ditu. Modalitate hori 2011n sortu zen, eta bere helburua da langileentzat kualifikazio profesional bat lortzea enpresa bateko lan jarduera ordaindua hezkuntza edo lanbide prestakuntza arautu batekin txandakatzen dituen erregimen batean. Liburuaren izenburua "Prestatzeko eta ikasteko kontratua: kualifikazio profesionala giltzarri modura" da. Bomarzo argitaletxeak argitaratu du, eta 24 euro balio du.

Krisi ekonomiko larria pairatzen ari garen garai honetan, Margarita Apilluelok bere liburuan azaldu duenez, 30 urtera bitarteko gazteen prestakuntza profesionala jomuga duten lan arauak onetsi dira, eta, kasu honetan, enpresek prestakuntza lanean laguntzeak dakarren osagai garrantzitsuarekin.

Lan kontratu baten bidez txandakako prestakuntza izateak helburu bikoitza dauka: kualifikazio profesional bat lortzea irakaskuntzako baliabide ofizialen bidez (hezkuntza-sistema eta enplegurako prestakuntza sistema), eta, aldi berean, lan harreman baten subjektu izatea, prestatzeko eta ikasteko kontratuarena. Liburuaren egileak esan du, modu horretan, ikastetxeek eta enpresek indarrak batu eta langileen kualifikazio profesional hobe eta handiago bat sustatzen dutela beren kontratuak indarra daukan bitartean.

Margarita Apillueloren iritzian, legegileek gazteen prestakuntza sustatu nahi dute kontratu modalitate honen bidez. Modalitate horrek lan egiten den bitartean prestakuntza profesionaleko titulu bat lortzeko modua ematen du (oinarrizkoa, erdi mailakoa edo goi mailakoa), profesionaltasun ziurtagiri bat edo horietako batzuen parte bat (irakaskuntza ziurtagiria edo ziurtagiri partzial metagarria). Azken modu horretan ikasle-langileak, kontratazio batzuen edo hurrenez hurrengo kontratazioen bidez, titulu edo profesionaltasun ziurtagiri bat lortuko du. Ofizialki egiaztatutako prestakuntza lortu eta gero –- gazteak zilegi du edozein kontratu: praktiketakoa, tituluak edo ziurtagiriak gaitzen duelako, edo arrunta (behin-behinekoa edo mugagabea).

Zuzenbide Pribatuko Saileko irakasleak uste du garrantzitsua dela azpimarratzea orain dela gutxi Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa erreformatu eta gero ezarri den oinarrizko prestakuntza profesional berriaren xedea dela profesionaltasun ziurtagiri bat lortzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza titulua lortzen den bitartean. "Hala, DBHko lehenengo bi ikasmailak egin dituzten gazteek oinarrizko prestakuntza profesionalaren bidetik jotzeko aukera dute, eta 16 urterekin enpresa batekin prestakuntza kontratu bat egiteko aukera izango lukete, ofizialki beren ikasketekin jarraitzen duten bitartean", nabarmendu du Apilluelok.

Liburuaren egileak azaldu du egun enpresek aukera handi bat dutela ez soilik gazte horiek kontratatzeko, baizik eta oparoaldi ekonomikoan ikasi ordez lan egitea aukeratu zuten 30 urtera bitarteko beste batzuk ere bai. Gehienez ere hiru urteko iraupena izango duen kontratua egiteko aukera izateak, ikasketa eta lan jarduera txandakatzen dituen erregimenean, enpresaren egiazko premiei egokitutako prestakuntza berezi bat ematen die. Horrez gainera, prestakuntzako kontratazioak pizgarri garrantzitsuak ditu Gizarte Segurtasunaren arloan.