Joan eduki nagusira

zoom Laborategian hartutako pistola ezkutu baten irudia

Laborategian hartutako pistola ezkutu baten irudia

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko hainbat ikertzailek, Alfa Imaging eta Anteral S.L. enpresekin batera, banda azpimilimetrikoan seinaleak hartzeko gauza izango den irudi sistema bat garatzen ari dira. “Egun Espainian ez dago hargailu mota hori garatzeko gaitasunik —adierazi du Ramón Gonzalo NUPeko ikertzaile nagusiak—, eta proiektuak dakarren berritasuna eta helburu nagusia hau da: teknologia propioarekin garatzea 90 gigahertzeko irudi sistema bat segurtasun eta defentsa aplikazioetarako”.

Maiztasun azpimilimetrikoak dira egun ahalmen handiena duen maila radiomaiztasunaren espektroan, material askoren portaerak maiztasun ikusgaiekin ohituta gaudenari dagokionez dituen berezitasunak direla eta. Hala, hodeiak nola ehun asko gardenak dira maiztasun banda honetan. Beraz, ikusgarritasun txikiko baldintzetan irudiak edo arropan ezkutatutako objektuen irudiak har daitezke.

Une hauetan, segurtasun eta defentsa merkatua gailu berri hauek eskatzen ditu. Gailu horiek denbora errealean aztertzen dute edozein mehatxu ezkutu (armak, lehergailuak, drogak...), pertsona guztientzat kaltegabea eta segurua den teknologia bat erabiliz, bai eta haurrentzat, adinekoentzat, haurdun dauden emakumeentzat, etab.

Ramón Gonzalo seinalearen teoria eta komunikazioetako katedradunak azaldu duenez, proiektua segurtasun eta defentsa aplikazioetan oinarritzen bada ere, “ez dugu baztertzen etorkizun hurbilean, garatzen dugun teknologiaren egokitzapen batzuen bidez bere erabilera beste esparru batzuetara hedatzea”. Hain zuzen, egun aplikazio askotan, uhin azpimilimetrikoen arloan lan egiteko aukerak zeregin aipagarria beteko du: medikuntza (azaleko minbizien detekzioa, txantxarra, tomografia pasiboa,...), mahastizaintzan (mahastien egoeraren kontrola), elikagaien arloa, espazioa eta aeronautika, industria prozesuak (kalitate kontrola) edo proteinen ikerketa farmazia-industrian.

Ramón Gonzaloz gainera, Iñigo Ederra, Jorge Teniente, Juan Carlos Iriarte eta Ainara Rebollok parte hartu dute ikerketan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean.


Irudia X izpien aldean


Aipatzekoa da garatu nahi den sistema irudi kamera pasibo batena dela —aipatu du Gonzalo irakasleak—; hau da, seinaleak hartzen ditu (detektatu nahi diren objektuek igortzen edo islatzen dituztenak) modu naturalean, irradiatu beharrik gabe, egungo X izpiekin ez bezala, X izpiek pertsonak irradiatzeaz gainera irrada kaltegarriarekin egiten baitute”.

Zehazki, aztertuko da 90 GHz-eko irudi sistema baten garapena, hargailuetatik eta antena sistemetatik hasi eta azken irudia emateko kamera osatzen duten ekortze sistemara. NUP eta UPM arduratuko dira zarata txikiko hargailuez, kalibraziorik gabekoak eta kalibrazioa dutenak badira ere. Bestalde, Alfa Imaging eta Anteralek harrera sistema bat garatuko dute, ahalik eta efizienteena eta kostu txikienarekin, irudiaren ekortze opto-mekanikoko sistemarekin lankidetzan. Halaber, garatzen diren produktuak nazioartean batera ustiatuko dira etorkizunean.

Proiektua Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren INNPACTO programaren barruan dago. Programa horrek ikerketa zentroen eta enpresen baterako lana sustatzen du. Proiektuak 1,2 milioi euroko kostua du guztira. NUPen lanak 151.000 euroko aurrekontua du, eta 2013ko urtarrilean hasi zen eta 2014 amaieran bukatuko da.
Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa