Joan eduki nagusira

zoom Sastre irakaslearen irudi bat, proiektuaren jarraipena egiten Kenian

Sastre irakaslearen irudi bat, proiektuaren jarraipena egiten Kenian

Keniako Egerton Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu du “Green Agro Project” proiektuan lankidetzan jarduteko afrikar herrialde horretan. Xedea da elikagaien ekoizpena eta eskualdearen garapena sustatzea Argentinako nekazaritza-negozio ereduan oinarrituta. Zehazki, hainbat berrikuntza sartu nahi dira, esaterako lana antolatzeko sisteman, baita ereiteko eta uzta biltzeko moduan ere, ekoizpena eta lurren errendimendua hobetzeko.

Raquel Sastre irakaslea da proiektuaren buru; Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile argentinarra da, NUPeko Elikagaien Teknologia Sailean doktoretza ondoko ikerketa egiten ari dena José Moure irakaslearen zuzendaritzapean. Lan berean ari dira baita ere Universidad de Buenos Aires unibertsitatea eta Nairobiko Strathmore Business School eskola. Azaltzen duenez, "2012. urtean nekazaritza-negozioei buruzko mintegi bat eman genuen Nairobin, beste hamabi irakasle argentinarrekin batera. Mintegiak izan zuen harrera handiak jarduera hori ikuspegi akademikotik eta enpresa ikuspegitik zabaltzeko aukera aztertzera eraman gintuen".

zoom Raquel Sastre Elikagaien Teknologia Sailean eman zuen hitzaldian.

Raquel Sastre Elikagaien Teknologia Sailean eman zuen hitzaldian.

Testuinguru horretan, doktoretza ondoko lana Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiteko asmoa zuenez, 2013an Raquel Sastrek proiektuari hasiera eman zion. Egungo fasean, Egerton Unibertsitateak, Njoro-n, lankidetzan jarduteko interesa agertu du eta ikertzaileen eskura jarri du 50 hektareako lursaila. "Lursail horiek aukera emango digute erakusteko proposatzen dugun ereite eta uzta metodoa eta, era berean, alderatzeko lursail horien errendimendua lana egiteko modu tradizionala duten beste hainbat lursailekin" azaldu du Sastre irakasleak.

Proiektuak dakarren berrikuntza da Argentinako nekazaritza-negozio ereduan oinarritzen dela. Espainian, oro har, lurraren jabea da lurra lantzen, ereiten, uzta egiten eta produktua saltzen duena; aldiz, "Argentinan, lurraren jabeak lurra alokatu egiten du; makinaren jabeak, lurra landu besterik ez du egiten; uzta egiteko makina duenak uzta egiten du, etab. Horrek aukera ematen du kudeaketari bakoitzak lursail askoz handiagoak lantzeko, zeren makinen jabeek, beren hektareak jorratzeaz gainera, eskualde osokoak jorratzen dituzte, beraz, gehiago irabazten dute eta makinak hobeki aprobetxatzen dira".


Makineria eta ezagutza eramatea


Heldu den martxoan aurreikusten da Argentinatik Egerton Unibertsitatera iritsiko dela ereintza zuzena egiteko makina. "Hau lankidetza hitzarmenaren parte da. Ereintza egiteko makina berezia da, ez delako lurra aldez aurretik goldatu behar. Lurra goldatu gabe ereiten da, eta horrek erregaia nabarmen aurrezteko aukera ematen du: 150 eta 190 dolar artean hektareako". Gainera, langilea arduratuko da bertako beste langile batzuei lana irakasten, proiektua aurrera eramateko aukera emanez.

Era berean, Argentinan lantzen den poltsa-siloaren teknikaren entrenamendua sustatuko da. Plastikozko poltsa handiak, hermetikoak dira, aleak lursailean bertan biltzeko aukera ematen dutenak. Horrela, ez da uzta silo batera eraman behar, eta gordetzeagatik ordaindu behar.

Proiektu honetan, aurreikusten da lehen uzta jasota dagoenean eta bigarrena ereiteko unea denean, ateak zabaltzeko eguna egitea bertako nekazariek teknika berriak eta haien errendimendua ikus ditzaten.

Lankidetza hitzarmenean aztertu diren beste helburu batzuk dira elikagaien ekoizpen katea sustatzea nekazaritza ahalmena duten bazterreko eskualdetan, hazien inokulazio prozesuetarako entrenamendua sustatzea, eta negozioen antolamendua garatzea kooperatiba moduan. Halaber, epe luzeagora eta proiektuaren garapenaren arabera, aztertu da Keniako unibertsitateko ikasleei beren herrialdetik kanpoko ikasketa eta ikerketa egonaldiak eskaintzeko aukera.