Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk informazio-bilera batean

Ikasle batzuk informazio-bilera batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko mugikortasuneko 600 ikaspostu baino gehiago eskainiko ditu ikasleentzat, 2014-15 ikasturtean. Horietatik, gehienak Erasmusekoak dira, eta gainerakoak programa hauetakoak: Virrey Palafox, Martín de Rada, aldebiko hitzarmenak, ISEP USA eta ISEP Nazioartekoa. Interesa daukaten ikasleek izena ematen ahal dute NUPen web-orrialdearen bidez, datorren astelehenetik, martxoaren 3tik aurrera, martxoaren 7ra arte.

Deialdiaren helburua da NUPeko ikasleak aukeratzea nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartzeko. Honi esker, beren ikasketen parte bat atzerriko unibertsitate batean egin ahalko dute, eta ikasketa horien aitortza emango zaie. Gutxieneko egonaldia sei hilabetekoa da, eta ezin dira ikasturte bat baino luzeagoak izan.

Parte hartu nahi duten ikasleek Gradu, Lehen Ziklo edo Bigarren Zikloko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egon behar dute, eta egiten ari diren titulazioko kreditu-kopuru jakin bat gaindituta eduki behar dute. Gainera, trukea egiteko unibertsitateak eskatzen duen hizkuntzaren maila egiaztatu behar dute, dela tituluarekin, dela NUPek joan zen astean egin zituen mailaketa-probak gaindituz. Batzorde batek balioetsiko ditu eskaerak, eta zerrenda bat prestatuko du titulazio bakoitzeko, izena eman duten ikasleen ikasketa-espedientea kontuan hartuta.

NUPek abian jarri du asteazken honetatik, otsailaren 26tik, informazioa emateko programa bat, nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartzeko interesa daukaten ikasleekin bilerak egiteko. Goizean zehar topaketak izan dira Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko, Osasun Ikasketen Fakultateko eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleekin.

Bihar ostegunean bilerak izango dira Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleekin (9:00etan) eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko ikasleekin (11:30ean). Ostiralean Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleen txanda izango da (11:30ean). Ordutegi guztiak NUPen webgunean daude.
Izena emateko epea martxoaren 3an, astelehenean, hasiko da, 9:00etan eta martxoaren 7an, ostiralean, amaituko da, 14:00etan. Eskaerak Unibertsitatearen webgunearen bidez egingo dira, Nazioarteko Harremanetako atalean. Aukeratuen behin-behineko zerrenda apirilaren 3an zabalduko da jendaurrera.

16 mugikortasun ikaspostu masterretarako

Datorren ikasturteko deialdiak 16 mugikortasun ikaspostu dauzka, masterretarako, 2014-15 ikasturteko seihileko batean egin beharrekoak. Zehatz esanda, ikaspostu horiek master hauetan daude: Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Biomedikoan (5 ikaspostu), Unibertsitate Masterra Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologian eta Kalitatean (ikaspostu 1), Unibertsitate Masterra Osasun Zientzietako Ikerketan (4 ikaspostu), Unibertsitate Masterra Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzan (3 ikaspostu) eta Unibertsitate Masterra Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan (3 ikaspostu).

Beste alde batetik, Pabeko Unibertsitatean Erasmus beka bat lortzen duten ikasleek finantzabide gehigarria edukiko dute, erakunde honekin izenpetutako PYREN Programari esker. Soziologia Graduko lau ikaslek, Irakasletza Graduko 8k, Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterreko 4k eta Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetako Masterreko beste hiruk erabiltzen ahalko dute beka hau.

Azkenik, azpimarratzekoa da deialdian badaudela Santander Taldeko hamar Iberoamerika Beka. Bakoitzak 3000 euroko zuzkidura dauka, eta beren helburua da ikasleen trukea eta mugikortasuna sustatzea Latinoamerikako unibertsitateekin.