Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak sakelako telefono adimendunetarako (smartphone) Zientzia Zabalkuntzako App-ak Diseinatzeko I. Sarirako deialdia egin du. Lehiaketa titulazio ofizialetako ikasleei zuzendua dago eta 2.000 euroko zuzkidura dauka. Lehiaketaren xedea da ikasle eta bihar edo etziko ikertzaileen interesa eta jakin-min zientifikoa piztea, eta zientzia zabalkundeko aplikazioak, gailu mugikorretarako, eta espezializatua ez den publiko batentzat, sortzeko ahalegina aitortzea. Lanak aurkezteko epea 2014ko irailaren 1etik 30era artekoa da. Lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira, eta www.unavarra.es webgunean daude jaisteko.

Sarirako deialdia Ikerketako Errektoreordetzak egin du Kultura Zientifikoaren Unitatearekin eta Komunikazio Zerbitzuarekin lankidetzan. Oinarrietan azaltzen denez, saritu nahi da ikasleek beren unibertsitate-prestakuntza garaian lortu dituzten gaitasunak eta eskumenak zientziaren zabalkundearen zerbitzuan jartzea, horretarako beren bizitzetan oso sartuta dauden komunikazio-tresna bat erabiliz: gailu mugikor adimendunak.

Honako hauek izan ahalko dira lehiaketa honetako parte-hartzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-14 ikasturtean lizentziatura, ingeniaritza, gradu, master eta doktoretzako titulu ofizialetan matrikulatutako ikasleak. Ikasleek banaka parte hartu ahalko dute, edo taldeka. Taldean hiru kide egongo dira, gehienez ere. Parte-hartzaileek, halaber, irakasle baten laguntza eduki ahal dute, eta aurkezten duten lana, aukeran, gradu amaierako lan baten edo master amaierako proiektu baten oinarria izan ahal da. Lehen saria 1.000 eurokoa da, bigarrena 600ekoa eta, hirugarrena, 400 eurokoa.


Doako aplikazioak eta ingelesezko bertsioa daukatenak


Lehiaketa honetan aurkezten diren aplikazioak doakoak izango dira, ingelesezko bertsio bat edukiko dute, guztiz funtzionalak izango dira, eta honako inguru hauetako batean garatuko dira: Apple (iPhone/iPad), Android eta Windows Mobile. Gainera, mugikorretarako ohiko biltegi batetik jaitsiko dira.

Epaimahaia osatuko dute zientzia zabalkundeko eta mugikorretarako aplikazioen diseinuko eta garapeneko akademiko eta profesionalek. Epaimahaiak gailu mugikorraren beraren aukerak nola baliatu diren balioetsiko du, baita ahalik eta didaktikoen eta erakargarrienak diren erakustaldiak eta esperimentuak egiteko sentsoreen erabilera ere. Era berean, kontuan hartuko dira aplikazioaren erabilgarritasuna eta eskuragarritasuna, edo aplikazioa produktu-garapen baterantz orientatua izatea (ideiaren sorrera, produktuaren diseinua, prestatzea eta sustatzea).

Azkenik, epaimahaiak kontuan hartuko ditu aplikazioaren balio teknikoa, diseinua eta edukia, ahalik eta publikorik zabalenera zuzendua izatea, eta bereziki kontuan hartuko da publiko gazteari zuzendua izatea, eta app-a diziplina anitzeko taldeetan garatzea, aplikazioak jaso ditzan zientziaren hainbat ikuspuntu.