Joan eduki nagusira

zoom Antonio López (ezkerrean) eta Iñigo Cenoz NUPeko campusean

Antonio López (ezkerrean) eta Iñigo Cenoz NUPeko campusean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antonio López Martín eta Iñigo Cenoz Villanueva ikertzaileek gailu hoberenari saria jaso dute 7th International Conference on Sensing Technology (ICST) biltzarrean. Wellingtonen (Zeelanda Berria) egin zen joan den abenduan. Saritutako lanak oso kontsumo txikiko bihurgailu analogiko/digital baten diseinu berri bat daukan txip bat aurkeztu du; izan ere, bonbilla arrunt batek baino 50 milioi aldiz kontsumo txikiagokoa.

Kontsumo txiki horrek gailuari bidea ematen dio elikatzeko inguruan atzematen den energia urriarekin (argia, bibrazioak, tenperaturaren aldaketak, etab.). Horrela, funtzionatzeko pilarik behar ez duenez, autonomia energetikoa lortzen da.

Wellingtonen egin den biltzar hau nazioarteko foro nagusietako bat da sentsoreen teknologiaren eta haien aplikazioen esparruan. Azken edizio honetan 38 herrialdetako 188 artikulu aurkeztu ziren.


Saritutako lana Iñigo Cenoz Villanueva telekomunikazio ingeniaritzako ikaslearen ikasketen amaierako proiektutik abiatuta sortu zen. Proiektua zuzendu zuen Antonio López Martín Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedradun eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordeak.

zoom Txiparen mikroargazkia, gutxi gora behera milimetro karratu baten neurria duena

Txiparen mikroargazkia, gutxi gora behera milimetro karratu baten neurria duena

Garatutako gailuaren aplikazio nagusia hari gabeko sentsoreen sareak dira. Sare horiek bi elementu funtsezko dauzkate: nodo sentsoreak, giroaren edo gizabanakoaren parametroak atzematen dituztenak (tenperatura, hezetasuna, bihotz-erritmoa, presentzia, etab.) eta eragingailuak, ekintzak eragiten dituztenak (gailuak itzaltzea/piztea, estimulu neurologikoak, etab.). Sentsoreak eta eragingailuak beren artean eta interneteko beste sare batzuekin komunikatzen dira irrati-uhinen bidez, kablerik gabe. Teknologia hau indar handia hartzen ari da azken urteotan, aplikazio ugari eskaintzen dituelako.

NUPeko Komunikazioak, Seinaleak eta Mikrouhinak taldearen ikerketa lerro hau jada saritua izan zen 2012. urtean Teknologia Berrikuntzarako XII. Talgo Saria jaso baitzuen. Orduko hartan, saritutako proiektuaren helburua zen burdinbide-ekosistemari adimena ematea, ahal denean trenetako bagoietan erabilgarri dagoen ingurumen energiaren bidez elikatutako oso kontsumo txikiko hari gabeko sentsore-sareen bidez.