Joan eduki nagusira

zoom Sergio García Magariño

Sergio García Magariño

Sergio García Magariñok aztertu ditu bere doktoretza tesian NBEren segurtasun sistema kolektiboaren erronkak, eta, azaltzen duenez, "bere barruan darama kontraesan geldiarazlea, eratzen den unean ilustrazioaren idealak, zeinetan errotzen baita, desagertuak zirelako bi munduko gerren ondoren. Honek ekarri du bere konfigurazioa isuri jakin bat edukitzea, eta interes nazionalek legokiekeena baino paper handiagoa hartzen dute".

Sergio Garcíaren doktoretza tesiaren izenburua “Desafíos del sistema de seguridad colectiva de la ONU. Análisis sociológico de su efectividad ante las amenazas globales” da. Tesiaren zuzendariak NUPeko Soziologia Saileko Marta Rodríguez Fouz eta Castellongo Jaume I. Unibertsitareko Ignacio Aymerich Ojea izan dira, eta kalifikaziorik onena lortu du, Bikain cum laude nazioarteko aipamenarekin.

Ikerketak kontuan hartu ditu segurtasun kolektiboaren ideiaren bilakaera eta segurtasun sistema kolektiboaren bilakaera bera ere; bere zailtasunak, egiturazkoak eta kontzeptualak, eta bere eraginkortasuna hainbat kasutan. Horrela, Segurtasun Kontseiluak XX. mendeko bigarren zatiko bortxakeria politikoko kasurik handienen aurrean eman dituen ebazpenak aztertu ditu, NBEk sailkatuta dituen mehatxu kolektiboen zazpi kategorietako batekin loturarik daukaten antzeko kasuak atzemateko asmoz, eta aztertu du, baita ere, Kontseiluaren ebazpenak babestu eta erabiltzeko ardura, emandako arretaren adierazlea den aldetik. "Konturatu gara urteak pasatu ahala gero eta ebazpen gehiago ematen direla, kontzientzia handiagoa dagoelako babesa emateko erantzukizunaren printzipioaz. Zehatz esateko, aztertu diren 18 kasuetatik 11tan ez zen inolako ebazpenik eman, 4tan asko eta 3tan gutxi. Baieztatu da, halaber, estatu gehiago dagoenean sartuta arreta handiagoa eskaintzen dela".

Egileak aintzat hartu ditu, batez ere, Israel eta Palestinaren arteko auzia, eta Al-Qaedaren terrorismoa. Azken honi dagokionez, honako hau adierazi du: "hiru elementu nabarmentzen dira: sistemak eraginkortasun txikia daukala nazioarteko koordinazio handia eta interes nazionalak kolektiboen azpian jartzea eskatzen duten fenomeno globalen aurrean. Bigarrenik, argi erakusten du printzipio desberdinak bereizkuntzarik gabe erabiltzeak, antzeko kasuetan, mehatxu handiagoak sortzen ahal dituela. Azkenik, ekiteko moduak ekarri ohi du sistemak zilegitasuna galtzea". Kasu zehatz honetan, Al-Qaeda nola sortu zen eta bere ezaugarri orokorrak aztertu dira; Bin Ladenek indarkeriari zilegitasuna emateko erabilitako diskurtsoa aztertu da, baita AEBek Bin Laden Pakistanen atxilotzeko operazioari zilegitasuna emateko erabilitakoa ere, eta diskurtsoaren eta praktikaren arteko zailtasunak aztertu dira "eta honek segurtasun sistema kolektiboaren zilegitasuna murrizten duela, alde batetik, eta ezegonkortasuna geopolitiko handiagoa sortzen duela, bestetik".

Tesi honetan aztertu diren beste kasu batzuk Irak eta Afganistango gerrak izan dira, eta udaberri arabiarra deitu denarekin lotutako zenbait gertaera: Oman, Bahrein, Iran, Tunisia eta, bereziki, Siria eta Libia. Kasu hauetan guztietan NBEren segurtasun sistema kolektiboaren alderdiren bat zegoen: suntsipen handiko armak, nazioarteko terrorismoa, esku-hartze armatuak, gerrak, nazioarteko terrorismoa eta abar.

Ondorio nagusiak

Sergio Garcíak, bere ikerketa-lanaren ondorioen artean, honako hauek aipatzen ditu: "egiturazko eta kontzeptuzko arazo garrantzizkoak daude, eta horiek segurtasun sistema kolektiboaren eraginkortasuna txikiagotzen dute nabarmenki"; segurtasun kolektiboaren ospe galtzea gertatzen ari da "ideologikoki erabiltzen delako; gainera, nazioarteko segurtasun sistema kolektiboa ezartzeko ahaleginak egosten ari den munduko aginte baten hazitzat ikusten ahal da".

Halaber, uste du segurtasun sistema kolektibo eraginkorra gauzatzea "gizakiak baketzeko zedarri bat izan litekeela, bere garaian Westfaliako itunak izan ziren bezala. Gaur egun, itun haien eta segurtasun sistema kolektiboaren arteko egoera batean gaude, hau da, gerra politikaren elementu ohikotzat zeukan botere-orekaren sistema zaharraren eta gerraren erabilera muturreko kasuetarako mugatzen den segurtasun sistema kolektiboaren artean".

Sergio García Jarduera Fisikoetako Zientzietan lizentziaduna da Gasteizko IVEFen (2001). Graduondo bat egin zuen Hezkuntza eta Gizarte Garapenean (Landa Ongizaterako Unibertsitate Zentroa, Kolonbia) eta doktoretza NUPeko Soziologia Sailean egin zuen. 2001 eta 2007 artean Latinoamerikako hainbat herrialdetan bizi izan zen, batez ere Kolonbia eta Hondurasen, non hainbat erakunderekin lankidetzan aritu zen hezkuntza eta garapen proiektuetan. Espainiara itzuli zen gero, doktoretza egiteko eta ordutik lan egin izan du prestatzaile fisikoaren eta ikertzailearen eginbeharrak txandakatuz. Gaur egun Jaume I. Unibertsitatearekin eta Daniel Innerarityk zuzentzen duen Gobernantza Demokratikoaren Institutuan lankidetzan aritzen da, giza eskubideen eraginkortasuna neurtzen duen adierazle bat garatzeko.