Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaile saridunen taldeko irudia, Julio Lafuente errektorearekin eta Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordearekin batera

Ikertzaile saridunen taldeko irudia, Julio Lafuente errektorearekin eta Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordearekin batera

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013ko Ikerketa Sariak eman ditu. Sari horiekin aitortu ditu bai Ramón Gonzalo García eta José Enrique Galdón Sánchez ikertzaileen ikerketa-ibilbide osoa, bai 2011. eta 2012. urteetako ekarpen zientifiko hoberenak ere, Humberto Bustince, Alfredo Ursua, Luis Gandía, Pablo Sanchis, Lourdes Lostao eta José Javier Cebollada irakasleenak. Ekitaldi berean eman zaio teknologia edo jakintza besteratzeko emaitzarik hoberenaren saria Julio Muro Erreguerenari “Desarrollo de tablas para la tasación de daños reales provocados por pedrisco y heladas en diferentes cultivos” lanarengatik.

Julio Lafuente López errektorea izan da ekitaldiaren burua, eta 12:00etan egin da Arteak eraikineko Ada Byron aretoan. Alfonso Carlosena García Ikerketako errektoreordearen agurraren eta ongietorriaren ondoren, sari banaketa egin da eta gero Julio Muro irakasleak eskerrak eman ditu saritu guztien izenean.

Lehenengo bi ikerketa ibilbide aitortu dira: Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloko Ikerketa Saria ikerketa-ibilbide pertsonalari Ramón Gonzalo García Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedradunarentzat izan da. Bere ikerketa aipagarrienen artean daude Hispasat, Astra, Amazonas sateliteen antenetarako diseinuak eta terahertzen teknologiaren garapena aireportuetarako irudi kamera berrien diseinurako edo irudi medikoko sistemetarako. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetan, José Enrique Galdón Sánchez Analisi Ekonomikoaren Hastapenetako katedradunak Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradunak eskuratu du ikerketa-ibilbide pertsonal osoari emandako ikerketa saria. Bere ikerketa-lerroak honako hauek dira: makroekonomia, lanaren ekonomia, finantza-bitartekaritza, ekonomia-hazkundea, giza baliabideak eta industria-antolaketa. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Saritutako ekarpen zientifikoak

zoom Julio Muro irakaslea bere hitzaldia ematen ari dela

Julio Muro irakaslea bere hitzaldia ematen ari dela

Ekarpen zientifiko hoberenei emandako sarien atalean, lau sari eman dira:
Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloko Ikerketa Saria 2011ko ekarpen zientifiko hoberenari Humberto Bustince Sola Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedradunarentzat izan da “On averaging operators for Atanassov’s intuitionistic fuzzy sets” artikuluarengatik. Artikuluaren egileak honako hauek dira: G. Beliakov, H. Bustince, D.P. Goswami, U.K. Mukherjee, N. R. Pal. Diploma eta 1.400 euro eman dizkiote.

Prozesu aplikatuetan ziurtasunik eza aztertzeko erabiltzen diren tresna nagusienetako birekin lotuta dago artikulua. Atanassoven multzo lausoak eta multzo intuizionistak dira. Multzo hauetarako informazio zehaztugabea bateratzeko formak ez dira, oro har, elkarrekin bateragarriak. Saritutako lanean ziurgabetasunaren bi errepresentazioetarako informazioaren bateratzea modu orokorrean definitzen duen teoria matematikoa irudikatzen da.

Maila berean, 2012. urteko ekarpen hoberenaren saria Alfredo Ursúa Rubio, Luis Gandía Pascual eta Pablo Sanchis Gúrpide ikertzaileentzat izan da “Hydrogen production from water electroysis: current status and future trends” artikuluarengatik. Saridun bakoitzari diploma bat eta 466 euro eman dizkiete. Artikuluak hidrogenoa ekoizteko teknologia nagusiak aztertzen ditu, uraren elektrolisia abiapuntutzat hartuta, bai eta beren integrazioa energia berriztagarriekin.

“Egin dugun lanaren emaitzek —esan dute egileek— agerian jartzen dute hidrogenoa uraren elektrolisiaren bidez ekoizteko sistemek, energia berriztagarrien iturriak energia-hornidura gisa erabiliz, potentzial handia erakusten dutela, haien bidez hondakin kutsagarririk eta berotegi efektuko gasik gabeko erregai agortezin bat lortzen baita”. Alde horretatik, etorkizun hurbilean, hidrogenoa energia-bektore egonkor bihur liteke, kalitate handikoa eta ez kutsagarria, biltegiratze elektronikorako dituen arazoak konpontzeko. “Aukera horiek betetzen diren heinean, hidrogenoak munduari onurak ekar lekizkioke, eta ingurumen kalitate handiago bat eskaini eta energia segurtasuna hobetu”.

Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetan, Lourdes Lostao Unzu Soziologiako katedradunak eskuratu du 2011. urteko ekarpen zientifiko hoberenari emandako saria, “Socioeconomic patterns in health services use in Great Britain and Spain before and after health system reforms of the 1990s”. Artikuluaren egileak hauek dira: Lourdes Lostao, Enrique Regidor, David Gimeno, Gopalakrishnan Netuveli eta David Blane. Diploma eta 1.400 euro eman dizkiote.

Artikuluak Espainiako eta Britainia Handiko osasun zerbitzuen erabileraren ezaugarri sozioekonomikoak aztertzen ditu 1990ean eta 2005ean, eta bi herrialdeetako osasun-sistemetan hainbat aldaketa egin aurretik eta gero. XX. mendeko azken urteetan osasun sistema batzuetan egin ziren eta agian osasun zerbitzuen erabileran ekitateari eragin zioten egitura-aldaketak eta aldaketa funtzionalak zituen aztergai ikerketak. Ikertzailek egiaztatu zuten Espainian zerbitzu horien erabileraren ezaugarri sozioekonomikoak bi aldietan berberak izan zirela: talde sozioekonomiko baxuek gehiago erabili zituzten lehen arretako kontsultak, goi mailako talde sozioekonomikoek gehiago erabili zituzten mediku espezialistaren kontsultak eta talde sozioekonomiko guztien ospitaleratze-maiztasunak antzekoak ziren.

Maila berean, 2012. urteko ekarpen zientifiko hoberenari emandako saria José Javier Cebollada Calvo Enpresen Kudeaketako Saileko irakasle titularrarentzat izan da, “Quantifying transaction costs in online/off-line grocery cannel choice”, artikuluarengatik. Pradeep K. Chintagunta eta Junhong Chu-rekin batera egin du artikulua. Diploma eta 1.400 euro eman dizkiote.

Artikuluak merkataritza elektronikoaren kostuen xehetasunak eta kopurua zehazten ditu. Kostu horiek kontsumitzailearengan eragina dute denda fisiko batera edo denda online batera joatea erabakitzen dutenean. Honako ezaugarri hauek aztertzen dira: zein faktoreren mende dauden, zein zirkunstantziatan eta zer produktu mota erosten duten kontsumitzaileek interneten, eta zergatik kontsumitzaile batzuek beste batzuek baino gehiago erosten duten interneten. “Esaterako —azaldu du Cebollada irakasleak —, gure estimazioek erakusten dute kontsumitzaileek, batez beste, 11,22€-tan balioesten dutela online supermerkatu batean erostean kostuetan aurrezten duten kopurua. Baina kopuru hori asko aldatzen da kontsumitzaile batetik bestera. Halaber, asko aldatzen da erositako kopuruaren eta produktu motaren arabera. Horrek azaltzen du pertsona batzuek online erosi nahi ez izatea, edo beraientzat online supermerkatua ez izatea erakargarria produktu gutxi erosi behar direnean, esaterako". Merkataritza elektronikoaren alde "berdea" ere aztertzen da ikerketa honetan: "Soilik erosketen erdia egingo balitz online supermerkatuetan, ibilgailuen joan-etorriak gutxituko lirateke eta horrek atmosferara isuritako CO2 gas kopururen murrizketa ekarriko luke", adierazi du.

Bestetaratzeko emaitzarik hoberena

2011-2012an bukatutako proiektu edo kontratu baten bidez egindako Teknologia edo Jakintza Bestetaratzeko emaitzarik hoberenaren saria Nekazaritzako Ekoizpen Saileko Julio Muro Erreguerena irakaslearentzat izan da, “Desarrollo de tablas para la tasación de daños reales provocados por pedrisco y heladas en diferentes cultivos” lanarengatik. Lan hori Agrosegurorekin sinatutako kontratu baten emaitza da. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Zehazki, kasu honetan jakintzaren bestetaratzearen xedea izan da patata goiztiarrean izozteak simulatzeko saiakuntzak egitea Mallorca, Murtzia eta Sevillan. Saiakuntza horien emaitzak izozteek eragindako kalteak tasatzeko taulak prestatzeko erabiltzen dira. Ekoizleek, nekazaritza sindikatuek eta Nekazaritza Ministerioak tasa horiek onartu eta BOEn argitaratzen dira aseguratutako laboreak tasatzeko tresna tekniko gisa erabiltzeko.

NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Sailekoek lankidetzan jardun dute Agrosegurorekin (Nekazaritza Aseguruen Erakunde Nazionala) orain dela 25 urtetik hona, harri, izozte, haize eta abarrek kaltetutako hainbat laboreren (15etik gora) tasazioak erraztu eta zehaztuko dituzten landa-saiakuntzetatik eratorritako datu teknikoen sorkuntzan.