Joan eduki nagusira

zoom Familia jatorrizko Erdi Aroko errege artxiboen garrantzia aztertuko da nazioarteko jardunaldi batzuetan

Familia jatorrizko Erdi Aroko errege artxiboen garrantzia aztertuko da nazioarteko jardunaldi batzuetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko azterlana egiteko jardunaldi batzuk antolatu ditu, eta bertan Erdi Aroko errege artxiboen garrantzia aztertuko da, familia-artxibo jatorrizko dokumentu-funtsa diren aldetik. "Familia-artxiboak. Errege artxiboak: Familia-artxiboak edo erresumako artxiboak?" da jardunaldi honen izenburua, azaroaren 15 eta 16an egingo dena Nafarroako Artxibo Nagusian. Gonbidatuta dauden hizlarien (historiagile, agirizain eta filologoen) ikerketek eta parte hartzeek, penintsulan, Nafarroako, Aragoiko eta Gaztelako artxiboak eta Frantziako eta Ingalaterrako artxiboak izango dituzte ardatz.

Jardunaldiak honako proiektu honetan kokatzen dira: "Errege artxiboak: Familia-artxiboak edo erresumako artxiboak?", “Archives de famille: Formes, Histoires et sense d’une genèse (s. XIV-XVII)” programaren barnean, Veronique Lamazou Duplan Pabeko Unibertsitateko ikertzaileak zuzendua, Casa de Velázquez (Madril) instituzioaren mandatuz. Proiektu honetan East Anglia (Erresuma Batua), Toulouse II-Le Mirail, Pabe eta Pays de l’Adour, Nova de Lisboa, Archives Nationales de France, Archivo de la Corona de Aragón (Bartzelona), Nafarroako Artxibo Nagusi eta Orokorra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileak parte hartu dute.

Ekitaldi hau NUPeko José María Lacarra Ikerketa Taldeak eta Casa de Velázquez instituzioko École des Hautes Études Hispaniques et Ibériques eskolak antolatu dute; izan ere, Frantziako Hezkuntza Nazional, Goi Mailako eta Ikerketa Ministerioaren mendekoa da XX. mendearen hasieratik Madrilen dagoen instituzio kultural frantses hau. Entitate honek iberiar, iberoamerikar eta magrebiar herrialdeetako arteekin, hizkuntzekin, literaturekin eta gizarteekin lotutako sormen jarduerak eta ikerketak garatzeko xedea dauka.

Jardunaldia ostiral honetan, azaroaren 15ean, hasiko da, 12:00etan, Nafarroako Artxibo Nagusian, eta ekitaldian parte hartuko dute Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Laurent Callegarin Casa de Velázquezeko Azterlanen zuzendariak; Veronique Lamazou Duplan Pabeko eta Pays de l’Adourreko Unibertsitateko Programaren koordinatzaile zientifikoak; eta Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Unibertsitate Proiekziorako errektoreorde eta José María Lacarra Ikerketa Taldeko arduradunak. Topaketa honen harira, Pabeko Unibertsitatean master ikasketak egiten ari diren 48 ikasle etorriko dira Iruñera.

Familia eremutik errege esparrura

Programatutako hiru saioetan, hainbat adituk Nafarroako, Aragoiko, Gaztelako, Ingalaterrako eta Frantziako Erdi Aroko erregeen familia-artxiboei buruz egin dituzten ikerketak azalduko dituzte. Izan ere, erregeak familia bateko kideak dira. Gainerakoengandik bereizten dituzten bereizgarriak dauzkaten arren, haien familia-kezkak beste aristokrazia leinu batzuek dauzkatenaren antzekoak dira. Esku artean darabiltzaten, sustatzen, antolatzen eta sailkatzen dituzten idazkiak familia-artxiboan sailkatzen dira, baina, horietan, gero eta gehiago ikusten da monarkiaren kontrol sistema bat, kultura ere islatzen da eta eraketa politiko baten isla ageri da. Batetik besterako urratsa, beti ez dena begibistakoa ez osoa izaten, —ezta lineala ere—, aztertuko da jardunaldi hauetan. Lehen bi saioetan iberiar penintsulako errege artxiboak aztertuko dira, eta larunbateko saioko hitzaldiek Frantziako eta Ingalaterrako erresumak izango dituzte ardatz.

Jardunaldien programa osoa kontsultatzeko dago Unibertsitatearen webgunean, biltzarren atalean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak joan den hamarkadatik garatzen ditu proiektuak Pabeko Unibertsitatearekin batera. Proiektua Akitania-Nafarroa Kooperazio Funtsen (2008-2010) bidez lagundu da diruz, eta Eloísa Ramírez NUPeko Geografia eta Historia Saileko katedradunak eta UPPAko Veronique Lamazouk zuzendu dute elkarrekin; izan ere, (Archives Départamentales des Pyrénées Atlantiques) eta Iruñeko (Nafarroako Artxibo Nagusia eta Orokorra) artxibo historikoek parte hartu dute, eta elkarrekin abian jarri dituzte Nafarroako errege kartularioetan oinarritutako ikerketak. Aztertutako pieza horiek apartak dira penintsulan eta halako pieza bakanak daude kontinente osoan.