Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak Ameriketako westerna hartuko du aintzat Zinema eta Zuzenbideari buruzko V. Mintegian, eta genero honetako lau film emango ditu. Horien bidez, gai hauei buruz hausnartuko da: abokatuaren papera zuzenbide-estatuaren finkapenean, jabetza-eskubideen definizioa, herri indigenen eskubideak edo lurretik erauzitako mineralen jabetza. Mintegia hirugarren eta laugarren ikasmailetako ikasleei zuzentzen zaie, eta gehienez ere 20 ikaslerentzako tokia dago.

Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatzen duen ziklo honen helburua Zuzenbidearen ikasketa-planeko eduki juridikoetan sakontzea da, horretarako zinemaren izaera jostagarria eta balio estetiko eta kulturalak erabiliz. Mintegian hainbat saio izango dira, eta saio horietan film bat emango da, eta ondoren filmean agertzen diren auzi juridikoei buruzko eztabaida bat izango da, zeinean irakasleek eta izena eman duten ikasleek parte hartuko baitute.

Saioak hobeki aprobetxatzeko, ikasleek fitxa bat jasoko dute. Fitxa horretan biltzen dira filmeen datu teknikoak eta film horiekin lotutako gaiak, hain zuzen parte-hartzaileek landu eta hausnartu behar dituzten gaiak. Saioetara joateak eta ezartzen diren jarduerak egiteak irakaskuntza-kreditu bat eskuratzeko modua ematen dute. Hemen dago mintegiari buruzko informazio guztia: http://www.unavarra.es/fac-juridicas

Edizio honetan aukeratu den izenburua honako hau da: "Ameriketako westerna: legerik gabeko lurraldea?". Batzuen uste ustelaren arabera genero txikia bada ere, westernean zinema-elementu funtsezkoenak eta kontzeptu juridiko garrantzizkoak daude. Ikuspuntu juridiko batetik begiratuta, westernak erakusten du bilakaera baten historia, indarkeriaren, norberaren interesen defentsaren, lurraren eta baliabide naturalen jabetzaren definizio eza baten eta gutxiengo etnikoen eskubideen ukazioaren egoera batetik zuzenbidezko estatu baten ezarpenera doana.


Lau filmak


Lehen saioa urriaren 14an izango da, 17:00etan, Ada Byron aretoan. Emango den filma "El hombre que mató a Liberty Valance” izenburukoa izango da. Eztabaidarako gaia honako hau da: abokatuaren papera zuzenbidezko estatuaren finkatze-prozesuan. Ondorengo eztabaidan ikasle hauek arituko dira: José María Rifá, NUPeko Zuzenbide Prozesaleko katedraduna; Javier Riaño, Merkataritzako Zuzenbideko irakasle elkartua eta Miguel Ángel González abokatua.

Zikloko bigarren filmaren izenburua “Open Range” da. Hau azaroaren 4an emango da, eta ondoren ukituko diren gaiak jabetza-eskubideen definizioa eta gatazken konponketa izango dira. Hurrengo filma, “La puerta del diablo” izenburukoa, azaroaren 25ean pasatuko da, eta harekin lotutako gaia herrien eskubideen nazioarteko tratamendu juridikoa izango da.

Mintegia abenduaren 16an bukatuko da, “El jinete pálido” filmaren emanaldiarekin. Oraingoan, eztabaidarako gaia honako hau izango da: Norena da urrea? Jabeak, bilatzaileak, Estatua eta meategiak.