Joan eduki nagusira

zoom Logroñoko Autodefea alearen irudia, Burgosen 1611n inprimatua

Logroñoko Autodefea alearen irudia, Burgosen 1611n inprimatua

Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiak Funts Historiko Digitala sortu du, 1500. eta 1830. urteen artean inprimatutako liburuen bilduma bat. Liburuek hainbat gai hartzen dituzte aintzat: historia, filosofia, zientzia, legegintza, baina batez ere erlijioa, eta hainbat hizkuntzatan idatzita daude (latina, gaztelania, euskara, frantsesa, ingelesa). NUPen Antzinako Funtsaren bildumaren lagin txiki bat da. Bilduma Academica-e biltegi instituzionalean dago ikusgai, eta sarrera irekia da, interneten bidez. Nahi duenak aukera dauka ikusteko liburutegiaren web-orrialdean.

Funts Historiko Digitalean aurkezten diren liburu gehienak Nafarroan inprimatu ziren. Hala ere, beste batzuk Madril, Lyon, Baiona, Paris eta beste hainbat herritako inprimategitatik atera ziren. Hainbat egile nafar ospetsuren lanak daude, esaterako Martín de Azpilcuetarenak eta Huarte de San Juanenak. Bestetik, Nafarroan lan egin zuten inprimatzaile ezagun batzuek inprimatu zituzten liburuok, honako hauek esaterako: Adrián de Amberes, Thomas Porralis, Martín Labayen, José Ezquerro edo Paulino Longás.

Funts digital honetara sartu den obrarik zaharrena XVI. mendeko pertsonaiarik garrantzizkoenetako batena, Miguel Servetena, dela uste da, eta medikuntza-errezeten vademecum bat da. Enchiridion edo Dispensarium izeneko liburua da, 1543an Jean eta Francois Frellon anaiek Lyonen imprimatu zutena. Aipatzekoa da, baita ere, Logroñoko Autofedearen ale ezagun bakarra, Burgosen argitaratua 1611n. Bertan azaltzen den prozesura sorginkeriaren akusaziopean eraman zituzten 53 pertsona. Berrogei Zugarramurdi ingurukoak ziren, eta horietatik hamaika sutan hiltzera kondenatu zituzten. Bilduma honetako beste obra aipagarri bat Compendio de toda la Philosophia Natural de Aristoteles, da, Diego Canalesena, Lizarran 1547an Adrián de Amberesek inprimatua.

Gainera, bitxikeria batzuk badaude, esaterako Tuterako Benjaminen bidaia liburu hau: Travels of Rabbi Benjamin, son of Jonah, of Tudela: through Europe, Asia, and Africa, from the ancient Kingdom of Navarre, to the Frontiers of China, Londresen inprimatua 1783an, eta hebraieratik ingelesera egin zen lehen edizioa dena; edo beste liburu bitxi eta xahutu hau: “Chronographia, y repertorio de los tiempos, a lo moderno: el qval trata varias y diversas cosas, de Cosmographia, Sphera, Theorica de Planetas, Philosophia, Computo y Astronomia, donde se conforma la Astrologia con la Medicina…”, 1585ekoa, zeinaren egilea Francisco Tornamira baita, Tuteran XVI. mendean jaiotako kosmografoa. Liburu honen bitxikeria da azaleko atzealdean eskuz egindako ohar bat daukala, esaten duena liburua 1640ko irailaren 15ean xahutu zutela Miguel Rodríguez, Gregorio Gallo eta Rosendo García fraideek nonbaiteko (?) Santa Marian. Testuaren hainbat pasarte urratuta daude.

Unibertsitateko liburutegiak lanean segitzen du, aukeraketa digital honen hasierako edukiari antzinako bildumako obra gehiago gehitzeko, helburu bikoitz batekin: ondarea ezagutzera ematea eta agiriak zaintzea eta gordetzea, gaurko eta biharko ikertzaileentzat eskuragarri egon daitezen. Une honetan funts honetako berrogeita hamar obra daude ikusgai interneten bidez.
 

Antzinako Funtsean 7.000 lan daude


1940 baino lehenago inprimatutako edo eskuz idatzitako obrek osatzen dute Unibertsitatearen Antzinako Funtsa. Denera 7.000 lan dira, gutxi gorabehera, monografiak, aldizkariak, agiriak, liburuxkak eta egunkari-bilduma kontuan hartuta. Unibertsitatea sortu eta gero, harekin batu ziren zentroetako liburutegietatik etorri diren obrekin joan da osatzen funtsa, hau da, Magisteritza Eskolako liburuekin eta Atarrabiako Nekazaritza Ingeniaritza Teknikokoekin. Horri gehitu behar zaio 1996tik aurrera egin ziren erosketak. Erosketa hauek egiteko irizpideak hauek ziren: obrak 1940koak baino lehenagokoak izatea, Nafarroan inprimatutako ahalik eta obra gehien edukitzea eta Nafarroako egileenak izatea edo Nafarroako gaia daukatenak. Horretaz aparte, irakasleek eta ikertzaileek beren ikerketarako lan material gisa behar dituzten obrak ere sartu ziren.

Antzinako Funtsaren bilduma honek interes handiko lanak dauzka: Nafarroako linguisten, medikuen, legegileen eta abarren obrak, beren lanak XVI. mendetik XVII. mendera eta Amsterdam, Leipzig, Milan eta París bezalako hirietan zein Espainako beste haibatetan argitaratu zituztenak.