Joan eduki nagusira

zoom Iaz egin zen robotika campusaren irudia.

Iaz egin zen robotika campusaren irudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera emango dio datorren astean Hezkuntza Robotika eta BYOB/SNAP Programazioaren Nazioarteko Campusari. Abuztuaren 19tik 30era izango da, Sario eraikinean, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barruan antolatuta. NUPek eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak antolatzen duten campus honetan eta irakasleentzako lantegi-mintegia eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzako eguneko eskola-kanpamendua izango dira. Ekimenak Iruñeko Udalaren finantzaketa dauka.

Alfredo Pina Calafik, NUPeko Ingeniaritza Matematika eta Informatikako irakasleak, eta Gabriel María Rubio Navarrok, NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren arloko irakasleak eta Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko buruak zuzentzen dute Hezkuntza Robotika eta BYOB/SNAP Programazioaren Nazioarteko Campusa.

Alfredo Pina bera izango da campuseko irakasleetako bat. Harekin batera Psikologia eta Pedagogia Saileko Javier Arlegui irakaslea arituko da, baita beste irakasle gonbidatu hauek ere: Michele Moro (Università di Padova, Dipartimento di Ingegneria Informatica), Barbara Demo (Dipartimento Informatica, Università di Torino), y Stephano Monfalcon (LEGO center Museo Cívico, Rovereto)

Jarduera honen antolamendua Europako Batzordearen Rocard Txostenean (Science education now: A renewed pedagogy for the future of Europe) oinarritzen da. Txostenak agerian uzten du gazteek zientziaren alde daukaten interesa izugarri jaitsi dela, eta proposatzen du, joera honi buelta emateko, ohiko prestakuntza zientifikoa baino ekintza eraginkorragoak martxan jartzea. Txostenak ematen duen aholkua da "irakaskuntza deduktibo batetik ikerketaren bidezko irakaskuntzara pasatzea (inquiry-based methods)", ulermena hobetzeko eta jarduera zientifikoaren eta teknologikoaren aldeko interesa suspertzeko.

Udako ikastaro honen antolatzaileek uste dute jarduera robotikoak eskolan (robotak erakustea eta robotez erakustea) aise antolatu daitezkeela ikerketa-jarduerak bezala, irakaskuntzaren metodologia sozio-konstruktibista baten esparruan.

Robotika Campusaren helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (LEGO) eta robot birtualak (BYOB/SNAP) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.