Joan eduki nagusira

zoom Ikasle alemanak Javier Casalirekin, erdian

Ikasle alemanak Javier Casalirekin, erdian

Trierreko Unibertsitateko Nekazaritza Ingeniaritzako hogei bat ikaslek eta irakaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoa bisitatu dute astelehen honetan, otsailaren 25ean, azaleko hidrologiari eta lurzoruen higadurari buruz NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa egiten ari den prestakuntza eta ikerketa proiektu baten esparruan. Geografia Fisikoa irakasgaiko ikasleak dira, eta hamar egun igaroko dituzte Nafarroan esperimentazio-lanak egiten Nafarroako Gobernuaren Nekazaritzako Arro Esperimentalen Sarekoak diren lau arroetarik bitan.

Frankfurteko Unibertsitateko (Alemania) eta Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) zenbait irakasle eta ikertzaile ere etorri dira bisitan. Arro esperimentalen sare honekin lotuta dauden eta I+G+b Plan Nazionalean sartu diren hainbat ikerketa lan egiten ditu NUPek bi erakunde horiekin.

Bisitaldi honen jatorria den ikerketa-proiektua 2012-2014 Plan Nazionalean dago, eta Javier Casalí Sarasibar Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakaslea da burua. Proiektu honetan parte hartzen dute, halaber, ikertzaile hauek: Jesús Álvarez Mozos, Rafael Jiménez, Mikel Goñi, Camilo Robles, Paul Ollobarren eta Alejandro Martínez de Aguirre. Irakasle horiek guztiak Unibertsitateko Hidrologia eta Egiturazko Analisia Ikerketa Taldeko kideak dira, eta talde horren lan lerroak dira lurzoruen higadura, nekazaritza hidrologia, ureztapenak eta teledetekzioa.

Ikerketa talde honek Wageningengo Unibertsitateak sustatutako proiektu batean parte hartzen du baita ere, eta proiektu horri esker erakunde horretako doktoretzako eta masterreko bi ikasle ikerketa-egonaldiak egiten ari dira NUPen.

Hiru unibertsitate hauetako ordezkaritzak bisitaldia egin du Hidraulika, Ureztapenak eta Hidrologia Laborategira, eta han proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileekin bildu dira. Jokin Del Valle de Lersundi Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuko teknikariak ere parte hartu du.

Bileran, Nafarroako Gobernuaren nekazaritzako arro esperimentalak aurkeztu dira, eta antzeko beste landa-proiektu batzuk, Trier, Frankfurt eta Wageningeneko Unibertsitateek egindakoak, analizatu dira eta lankidetza proiektu berriak abian jartzeko aukera jarri da mahai gainean. Gero, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko arduradunek hartu dituzte irakasle eta ikasleak.

Ikasle alemanek arro esperimental hauetan egingo dute beren lana: La Tejería, Hiriberri Deierrin dagoena (158 hektarea), eta Latxaga, Beortegi eta Urrotzekoa (205 hektarea); biak laboreen laborantza estentsiboak dituzte. Arro hauetan neurketa estazioak daude, hidrologia eta meteorologia datuak eta uren kalitateari buruzko datuak erregistratzen dituztenak. Datu horien kontrol jarraituari esker erregistroak egiten dira hauek ezagutzeko:arroen hidrologia-ezaugarriak, urak nola arrastatzen dituen sedimentuak, bai esekidurazkoak bai disoluziozkoak, eta lurzoruen higadura.