Joan eduki nagusira

zoom Gorka Larralde, bideo irabazlearen egilekidea

Gorka Larralde, bideo irabazlearen egilekidea

Gorka Larralde del Solarrek eta Mikel Arraiz Aldunatek gaur goizean jaso dute "Euskera aukera" bideo laburren lehiaketako lehen saria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako Zuzendaritzak antolatu du ikastaroa euskararen aldeko jarrera sustatzeko helburuarekin. Bigarren saria Roberto Casadok lortu du "Edozein egunetan" bideoari esker. Ekitaldia Sarioko 04 ikasgelan egin da, eta aurretiaz lehiaketara aurkeztutako bideoak eman dira.

Lehen saria, 1.000 eurokoa, "Euskera aukera" bideoarentzat izan da. Egileak hauek dira: Gorka Larralde del Solar, Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko teknikaria, eta Mikel Arraiz Aldunate, Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoan lizentziaduna, Irudia eta Soinua espezialitatean. Bideoak kontatzen du bi minututan neska baten arreta deitu nahi duen Erasmus ikasle baten historia. Arreta deitzeko euskara, mugikorretako WhatsApp aplikazio ezaguna eta bertako adiskide baten laguntza erabiltzen ditu. Baina euskaraz ez dakienez, egoera bere aurka iraultzen da.

Bigarren saria, 600 eurokoa, Roberto Casado Pascalen "Edozein egunetan" bideorentzat izan da, Industria Ingeniaritzako 5. ikasmailako ikaslea. Minutu eta erdian, irudien, musikaren eta idazkunen bidez, NUPeko ikasle baten bizitzako egun baten hainbat alde erakusten dizkigu lanak.

Aurkeztu ziren gainerako bideoak honako hauek dira: “Barkatu!”, Julen San Emeterio Urizena; “Euskera Nahiz”, Pablo Beriain Sanzolena; “Edozein Ikasle”, Javier Jiménez Arellanorena; “Nik Ere!”, Asier Estevan Mugertza eta Aitzol Lasa Oyarzabalena;“Nup-Euskaraz”, Josu Azkue Odriozolarena; eta “Unibertsitatean Ere Bai”, Alain Chas Arizcurenena.

Sarien banaketa-ekitaldia Pablo Sotésen hitzaldiarekin hasi da. Hizkuntza Plangintzaren Arloko zuzendariak lehiaketaren deialdiaren eta azken erabakiaren berri eman du. Gero Iñaki Alforjak hartu du hitza, irudiaren arloko teknikari espezialista eta epaimahaiko kidea. Irabazleei sariak banatu baino lehen, lehiaketara aurkeztutako bideoak eman dira, eta Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari.


Euskararen erabilera sustatzea


Lehiaketa unibertsitate komunitate guztiari zuzenduta zegoen, eta bere helburua zen Unibertsitatean euskararen aldeko jarrera indartzea, euskararen erabilera sustatzea, eta euskararen errealitatea islatzen duten bideoei esker, hizkuntzaren normalizazioa alor guztietan aldeztuko duten jarduerak bultzatzea.

Parte-hartzaileek hiru bideo, gehienez, aurkezteko aukera zuten. Jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste lehiaketa batera aurkeztu gabeak izan behar ziren, eta 30 segundotik 3 minutura bitarteko iraupena eduki behar zuten. Gainera, musikak eta irudiak, jatorrizkoak ez baziren, egile eskubideen aldetik baimenduta egon behar zuten, edo lizentzia askekoak izan behar zuten. Halaber, ez zen nahitaezkoa aurkeztutako lanetako hizkuntza euskara izatea, betiere deialdiaren xedera egokitzen baziren: euskararen erabilera sustatzea unibertsitatean.

Oinarriek ez zuten onartzen bortxazko edo arrazakeriazko eszenarik zeukan lanik, ezta eszena sexistarik edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen zituenik ere.