Joan eduki nagusira

zoom Zaragozako Unibertsitatean proiektuko kide guztiek egindako lehen bileraren irudi bat

Zaragozako Unibertsitatean proiektuko kide guztiek egindako lehen bileraren irudi bat

AMBER proiektuaren xede nagusia da kualifikazio handiko ikertzaileen mugikortasuna erraztea Latinoamerika eta Europa artean (American Bridge for the Excellence in Research with Europe) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lanean ari da ondoko hauekin: Zaragozako eta Lleidako unibertsitateak, British Council (Erresuma Batua) eta Porto (Portugal), Lille Nord de France (Frantzia) eta Universita degli studi di Torino (Italia) unibertsitateak. Proiektuaren iraupena bi urtekoa da eta Europako VII. Esparru Programaren deialdian sartzen da, Euraxess nodoak deitzen direnei zuzenduta; instituzio horiek ikertzaileei eta beren familiei eragiten dieten deialdiei eta administrazio tramiteei buruzko informazio zehatza, gaurkotua eta esanguratsua ematen diete herrialde batetik bestera joatean behar dutenean.

Campus Iberuseko kideak direnez gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Lleidako Unibertsitatea Zaragozako Unibertsitatearekin lankidetzan ari dira kanpoko aditu gisa, proiektuaren Euraxess bost nodoetako bat baita. Zehazki, NUPek europar proiektuen kudeaketari buruz dakiena eta unibertsitate latinoamerikarrekin duen harremana eskainiko du. Bereziki bost lan multzoetako bitan parte hartuko du: ikerketaren mapaketa: espainiar unibertsitateei buruzko informazio guztia jasotzean datza (zein doktoretza, ikerketa programa eskaintzen diren, administrazio betekizunak, etab.), eta jarduerak koordinatzean EBren Euraxess programarekin berarekin, ez gainjartzeko eta Latinoamerikako eta Karibeko unibertsitateekin informazioa eta komunikazioa inplementatzeko.

Proiektuaren beste alde batzuk ikertzaileen mugikortasunerako oztopoak murriztea dute xede, eta mugikortasunean adituak diren teknikariak prestatzeko plan bat garatzea, eta horretan NUPek ere laguntzen du. Era berean, jardueren hedapena hobetzeko asmoz, web-orrialde bat sortuko da informazioa eta sortutako tresnak eskuratzeko, ikertzaileak europar unibertsitateetara etor daitezen errazteko.

Helburu berariazkoak

AMBER proiektuaren helburu nagusia da Latinoamerika-Karibeko eta Europako ikertzaileen mugikortasuna areagotzea. Horretarako, Europan jarduten duten kualifikazio handiko ikertzaileen mugikortasunari jarraipena emateko eta kanpoan direnak itzultzeko ekintzak sustatuko dira, jakitunen ihesa saihesteko eta kualifikazio handiko zientzialariak erakartzeko asmoz.

Hori lortzeko hiru helburu berariazko planteatu dira: lehenbizi, informazio kualifikaturako sarrera hobetzea eta egun dagoen informazioaren sakabanatzea saihestea. Horrek ikertzaileei lagunduko die biziko diren herrialdera iritsi aurretik. Bigarren, administrazio oztopoak minimizatzea (inmigrazioa, homologazioa, bisatuak, hizkuntza, kontratazio prozedurak, etab.), eta erraztea ikertzaileak eta beren familiak europar destinoan integratzea. Azkenik, ikertzaileak Europan dauden artean Karrera Plan bat Garatzeko laguntzea, eta horretarako —mugikortasun teknikarien Prestakuntza Plan baten bidez eta Latinoamerikarekin lankidetza zientifikoaren bidez— abian jarriko dira ematen zaien laguntzaren kalitatea hobetzeko ekintzak.