Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bat egin du Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren (CRUE) adierazpen instituzionalarekin. Agiriaren izenburua "Unibertsitatea, etorkizuneko bermea" da, eta jarraian azaltzen da hitzez hitz:

Unibertsitatea, etorkizuneko bermea

Unibertsitateak oso kontziente gara gure herrialdearen egoera ekonomikoaren zailtasunaz, izan ere, guk geuk ere jasaten baitugu zailtasun hori. Horregatik, balioesten ditugu herritarrak aurrera egiteko egiten ari diren ahalegin handiak.

Unibertsitateak, orain inoiz baino gehiago, lanean ari gara gure errendimendua hobetzeko, duela urte batzuetatik jasaten ari garen aurrekontuen murrizketak badauzkagu ere. Orain arte, ahalegina egin dugu kalitate estandarrei eusteko unibertsitatearen hiru eginkizun handietan: irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza.

Hala ere, Estatuaren Aurrekontu Orokor berriak eta Autonomia Erkidego bakoitzari dagozkion aurrekontuak aurki onetsi behar direnez gero, egoera kezkagarrian gaude, badaitekeelako orain arte ezagutu ditugun espainiar unibertsitateak kaltetuak izatea, eta funtsezko zereginak ezin izango direlako burutu. Horregatik, jendaurrean adierazi nahi dugu honako hau:

1. Estatuaren Aurrekontu Orokorrak 2013rako % 18an murrizteak Goi Mailako Hezkuntzan, eta % 80an I+G+b-ren gastu ez finantzarioetan, kalte konponezina dakar I+G+b-ren sisteman, eta horri gehitzen badiogu giza baliabideen plantillak izoztea, gure herrialdea garapen teknologikoaren trena galtzera garama, eta hipotekatu egiten dira ikerketa eta ezagutzaren eremuko aurrerapenak.

2. Autonomia Erkidegoen zorraren ondorioak, unibertsitateetara bideratutako kontu-sailen murrizteekin batera, gure unibertsitate sistema itotze ekonomikora eramaten ari dira, eta okertze horrek ez du konponbiderik izango. Jokabide hori kontraesanean dago "gure herrialdeak ezagupenean oinarritu behar du aurrerapena" dioen diskurtso politikoarekin. Goi mailako hezkuntzan eta I+G+b-n ez bada inbertitzen, unibertsitateen jarduna ez da bideragarria. Eta ezagupenik gabe, ez da aurrerapenik izango.

Egoera honen aurrean, espainiar unibertsitateetako errektoreok honako hau eskatzen dugu:

  • Goi mailako hezkuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza, berez elkarren artean lotuta daudenak, inbertsiotzat hartuak izan daitezen, eta ez gastutzat, eta espainiar unibertsitateek, Europako Unibertsitateen Elkarteak (EUA) Europako estatuburuei eta gobernuburuei eskatu berri dien bezala, finantzabide publiko nahikoa eta jasangarria izan dezatela, eta unibertsitateen autonomia sendotu dadila, beren diru-sarreren iturriak oztoporik gabe zabaltzeko aukera izan dezaten.

Unibertsitateok konpromisoa hartzen dugu gure instituzioen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko, eta gizartearen aurrean gardentasuna izaten jarraitzeko eta kontuak azaltzeko, gure unibertsitateek gure herrialdearen gizarte kohesioa sustatzen jarrai dezaten, eta ezagupen eta aberastasun iturri izan daitezen.

Unibertsitate honek Administrazio Publikoekin lankidetzan jarduteko borondatea adierazten du arazo ekonomiko larri hau konpontzen laguntzeko, eta espainiar unibertsitateentzat etorkizun jasangarri baten alde lanean jarduteko. Unibertsitateek kalitatea galtzen badute, kalitatea galduko dute ikerketa zientifikoak, berrikuntza teknologikoak eta, jakina, prestakuntzak. Ez dute soilik unibertsitateek galduko, GUZTIOK galduko dugu, gizarte osoak galduko du. Krisi ekonomikotik ateratzeko eta aurrera egiteko beharrezkoa den tresna bat gabe geldituko gara: ezagupena.

Egoera honen larria ikusita, jakinarazpen hau aldi berean ematen da ezagutzera espainiar unibertsitate publiko guztietan.