Joan eduki nagusira

Zuzenbide Ikasketei buruzko XI. Jardunaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zientzia Juridikoen Fakultatean izango dira, eta krisi ekonomikoak etxebizitza izateko eskubidean duen oihartzuna ikertuko dute. Hori dela-eta, zorraren truke etxea ematea edo etxe kaleratzeak saihesteko aukerak bezalako gaiak aztertuko dira. Jardunaldiak abenduaren 10 eta 11n izango dira, Arteak eraikineko Ada Byron aretoan, eta sarrera doakoa da, aldez aurretik izena emanez gero.

Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano, Zientzia Juridikoen Fakultateko idazkaria eta Zuzenbide Pribatuko Saileko irakaslea izango da jardunaldien zuzendaria. Jardunaldiak bi saiotan gauzatuko dira. Lehen saioa abenduaren 10ean, astelehenean, hasiko da, 18:30ean. Bertan etxebizitzaren inguruko araubide juridikoari buruz arituko dira, Beatriz Rodríguez moderatzailea dela. José Francisco Alenza Garcíak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak, irekiko ditu jardunaldiak aurkezpen batekin. Ondoren, Martín María Razquin Lizarragak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zuzenbide Administratiboko katedradunak hartuko du hitza, etxebizitza izateko eskubidearen Nafarroako Foru Legeari buruz mintzatzeko. Ondoren, Nafarroako Kontseiluko abokatua den José Ignacio Labé Valenzuelak hiri-errentamenduen legea aztertuko du, eta azkenik Mª Ángeles Egusquiza Balmaseda, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zuzenbide Zibileko katedraduna, zorraren truke etxea emateaz arituko da. Saioa bukatzeko, eztabaida bat izango da.

José Francisco Alenza García dekanoak moderatuko du bigarren saioa, abenduaren 11n, asteartean, izango dena, 18:30etik aurrera. Saio honetan sektorearen krisia eta krisiaren ondorioak bizitzen ari diren hainbat eragileren ikuspegiak trukatuko dira. Horretarako, José Antonio Marcén Zunzarren, Nafarroako Gobernuko Lurralde-antolaketa, Mugikortasuna eta Etxebizitza Departamentuko zuzendari nagusia, gai honetaz mintzatuko da: etxebizitza politikak, krisia baino lehen eta krisia eta gero. Ondoren, Iruñeko Lehen Instantziako Auzitegiko idazkaria den Francisco Javier Isasi Barberrek etxe kaleratzeen arazoak eta aukerak aintzat hartzen dituen txosten bat aurkeztuko du. Gero Matías Miguel Laurenzek, Iruñeko Udalaren Hipoteka Bitartekaritzarako Zerbitzuko koordinatzaileak, etxebizitza gaietako artekaritzari buruz hitz egingo du, koordinatzen duen udal zerbitzuaren lehen jarduerak kontuan hartuz. Bi saioak amaitzeko, eztabaida orokor bat egingo da.

Zientzia Juridikoen Fakultatearen Zuzenbide Ikasketei buruzko XI. Jardunaldiak ikertzen den gaiarekin harremana duten eremu guztietako profesionalentzat dira: epaileak, epaitegiko idazkariak, abokatuak, inmobiliarietako eragileak, administrazio publikoko teknikariak, elkarteak eta GKEak, sindikatuak, ikasleak eta gaia interesatzen zaien gainerako guztiak. Jardunaldien egitaraua eta izena emateko inprimakia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eskura daitezke: www.unavarra.es