Joan eduki nagusira

zoom Inés Olaizola, zutik, jardunaldiaren lehen saioaren aurkezpen ekitaldian

Inés Olaizola, zutik, jardunaldiaren lehen saioaren aurkezpen ekitaldian

Nafarroako Parlamentua osatzen duten alderdi politikoek, gaur, otsailak 29, asteazkena, eztabaidatuko dute Iruñeko espetxe berriaren sorrerarekin irekitzen den egoera berriari buruz. Mahai ingurua Nafarroako Unibertsitate Publikoko Espetxeei buruzko VIII. Jardunaldien programan sartzen da, eta gaur egingo da 17:00etatik aurrera Ada Byron Aretoan (Arteak eraikinean). NUPeko Zuzenbide Penaleko Arloak eta Salhaketa elkarteak antolatu dituzte "Hausnarketa soziopolitikoak Nafarroako espetxe egoera berriari buruz" izeneko jardunaldi hauek. Jardunaldiak atzo hasi ziren Europako eta Latinoamerikako gaur egungo espetxe egoerari buruzko saio batekin.

Alderdi politikoetako bozeramaileek beren iritzia eman beharko dute Iruñeko espetxe berriari buruz, mahai inguruan mahairatuko diren hamar galderatatik abiatuta. Erantzun beharko dituzten galderen artean honako hauek daude: proiektua beharrezko ikusten duten, Nafarroak espetxe eskumenak bere gain hartzeko aukera, espetxearen barne kudeaketa, bere garaian Espetxeen Zuzendaritza Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, edo zentroan hartuko diren preso kopuruaren hazkundea. Mahai inguruan parte hartuko duten parlamentariak dira Javier Caballero (UPN), María Victoria Arraiza (PSN), Nekane Pérez (NaBai), Víctor Rubio (Bildu) eta Txema Mauleón (IU-EB). PP alderdiak uko egin dio gonbidapenari, agenda arazoak direla eta.

Espetxeei buruzko VIII. Jardunaldien programari hasiera eman zion atzo, asteartea, Espetxe Zuzenbidean espezialista den Patricia Moreno Arrarás iruindar abokatuak. Izan ere, gaur egungo espetxe errealitatea azaldu zuen hausnarketa praktiko baten bidez, Europako eta Latinoamerikako espetxeetan bizi den egoera erakusten duten bideoez baliatuz. Patricia Moreno Iruñeko Abokatuen Elkargoko Espetxeko Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren sortzaileetako bat da, eta gai honetako espezialisten erreferentzia den web atari bat zuzentzen du.

Salhaketa elkartea 1988. urtetik lanean ari da Iruñeko espetxeko presoen bizi baldintzak defenditzen eta gizarteratze prozesua sustatzen. Azken urte hauetan zenbait topaketa antolatu ditu, eta Nafarroan gai hau lantzen duten hainbat entitatek beren iritzia eman dute espetxe berria irekitzen denean espetxe politikan sartuko diren aldaketei buruz.