Joan eduki nagusira

zoom Paz Francés, ezkerrean, eta Inés Olaizola.

Paz Francés, ezkerrean, eta Inés Olaizola.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Espetxeari buruzko Ikerketetako VIII. Jardunaldiek Iruñeko presondegi berriaren gaineko gogoeta egingo dute, ikuspegi sozial eta politikotik. NUPeko Zigor Zuzenbideko Arloak eta Salhaketak antolatu dute topaketa hau, izenburu honekin: "Gogoeta soziopolitikoak Nafarroako espetxe-egoera berriari buruz". Jardunaldia otsailaren 28an eta 29an izango da, Ada Byron aretoan (Arteak eraikinean). Programaren aurtengo edizioko berrikuntzetako bat da mahai-inguru bat egingo dela, otsailaren 29an, asteazkenean. Horretan, alderdi politikoen ordezkariek hamar galderari erantzungo diote, denak laster Iruñean irekiko den presondegi berriari buruzkoak.

Gaur astelehenean aurkeztu da jardunaldi hauen edukia, prentsaurreko batean. Bertan Inés Olaizola Nogales Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Paz Francés Lecumberri NUPeko Zigor Zuzenbideko irakaslea eta Salhaketako kidea izan dira.

Jardunaldien programa bi saiotan banatu da. Lehen saioa asteartean, otsailaren 28an, izango da, 17:00etatik aurrera. Han, Patricia Moreno Arrarás abokatu iruñearrak, Espetxe Zuzenbideko adituak, gaurko espetxe errealitatea erakutsiko du, gogoeta praktiko baten bidez. Gogoetan zehar Europako eta Latinoamerikako espetxeetan bizi den egoerari buruzko bideoak emango ditu. Patricia Moreno Iruñeko Abokatuen Elkargoko Espetxerako Orientazio Juridikoaren Zerbitzua sortu duenetako bat da, eta gai honetan adituak direnentzat erreferentzia den web-orrialde bat zuzentzen du.


Alderdi politikoen jarrerak


NUPeko Espetxeari buruzko Ikerketetako VIII. Jardunaldiak asteazkenean, otsailaren 29an, bukatuko dira, mahai-inguru batekin. Alderdi politikoek hartuko dute parte, eta gogoeta egingo dute Iruñean presondegi berria irekitzeak sortzen duen egoera berriari buruz.

Salhaketa erakundea, 1988. urtetik, Iruñeko espetxeko presoen bizitzaren baldintzez arduratzen da, eta bergizarteratzea bultzatzen du. Azken urte hauetan, hainbat topaketa egin du, eta topaketa haietan, Nafarroan gai honen inguruan aritzen diren erakundeek beren iritzia eman dute zentro berria irekitzeak espetxe-politikan ekarriko dituen aldaketei buruz. Oraingo honetan, jardunaldi hauen antolatzaileek nahi dute alderdi politikoek beren iritzia eman dezaten, eta horretarako mahai-inguruan egingo zaizkien hamar galderei erantzuna emango diete. Erantzun beharreko galderen artean, honako hauek daude, besteak beste: ea proiektua beharrezkoa ikusten duten, eta komenigarria litzatekeen Nafarroak espetxe mailako ahalmenak eskuratzea, nolakoa beharko den espetxeko barne-kudeaketa, bere garaian Espetxe Instituzioetako Zuzendaritzarekin izenpetu zen hitzarmenari buruz zer iritzi duten, edo zer iruditzen zaien preso-kopurua handiagoa izatea.